Ibilbide luze eta oparoa izan du Patri Urkizu irakasle, idazle eta ikertzaileak (Lezo, Gipuzkoa, 1946), eta ondo jaso du Eskribu galduen bila autobiografian. Denetariko bidelagunak izan ditu, eta guztiek goretsi dute Lezon (Gipuzkoa) eta Donostian egindako omenaldietan. «Idazle handia eta ikertzaile eruditoa» da, Joxerra Gartziaren arabera. Jon Casenavek eskertu dio «Iparraldeko altxorrak denen ondasun» bilakatu izana; «teloia altxatu, eta oholtza sendotu du», Aizpea Goenagaren esanetan. «Antzerkigintza izeneko metapastoralean, Patri da sujeta eta antzezle guztion errejenta», azaldu du Arantzazu Fernandezek. «Apaltasun faltsurik gabe, balioesten du kulturari egin dion ekarpena, eta hori da, agian, bere buruari dion errespetua, besteak ere errespetatzea eragiten duena», nabarmendu du Ramon Saizarbitoriak. Antton Valverdek, berriz, aitortu du «inbidia» ematen diola «duintasun handiarekin daraman bigoteak». Finean, lagunartea da Urkizuk aurkitutako altxorretako bat.
Nola deskribatuko zenuke zeure bizitza?
Nire bizitzan denetik egin dut. Ia 77 urterekin, pentsa. Oso gogoko izan ditut beti literatura, musika eta euskara. Aita abertzalea zen, eta ama baserritarra izanik, euskal giro batean sortu nintzen, eta hori mantentzen saiatu izan naiz. Ez bakarrik mantentzen: ikasten, eta ahalik eta gehiena zabaltzen, modurik arinenean edo jendeak gorrota ez dezan, baizik eta amodio pixka bat izan diezaion euskarari eta euskal giroari.
Haurtzaroa Lezon igaro zenuen. Nolakoa oroitzen duzu?
Familia xume langile batean jaio nintzen, eta nik ahal nuena laguntzen nuen. Anaia eta aita arrantzan ibiltzen ziren fabrikako orduetatik kanpo, eta harrapatzen zituzten txipiroiak, lupiak eta beste arrainak. Horiek saltzea ere tokatu zitzaidan txikitan. Urteak pasatu ziren, eta bi komentutan egon nintzen.
Zer irakatsi zizuten Zornotzako (Bizkaia) eta Alesbesko (Nafarroa) karmeldarrek?
Musika, latina, grekera, literatura espainiarra, eta idazten; teatroa ere egiten genuen. Urte osoa pasatzen genuen han. Gabonetan, antzerkitxo batzuk kopiatzen genituen; bakoitzak bere papera izaten zuen. Oso bizitza estoikoa zen: goizeko sei eta erdietan jaikitzen ginen egunero, eta mezetara joaten ginen.
Zergatik bota zintuzten?
Ez dakit oraindik. Orduan idatzi nuen Ensayo sobre el universo [Unibertsoari buruzko saiakera] Herder entziklopedia batean: azaltzen nuen unibertsoa mugagabea zela.
«Saiatu naiz euskara eta euskal giroa ahalik eta gehiena zabaltzen, amodio pixka bat izan diezaion jendeak»
Gero Salamancara (Espainia) joan zinen. Nola iritsi zinen hara?
Nire gogoetako bat zen euskaraz ondo ikastea. Filosofia eta Letrak egiten ari nintzen EUTGn, eta Patxi Altunari galdetu nion ea euskara ikasteko zer egin nezakeen. «Hemen, gaur egun: Koldo Mitxelena», esan zidan. Salamancan zeukan plaza, eta hara joan nintzen. Han egin nituen hiru urtean Filologia Erromanikoko ikasgaiak. Larramendi katedra zuenez, euskal testuak azaltzen zituen. Hara joaten nintzen ni.
Entzutera.
Bai. Departamentuko bibliotekan egoten nintzen, eta berak hango lanak bukatzen zituenean, etxeraino laguntzen nion. Bidaia horietan kontatzen zizkidan mila gauza; gerrakoak eta horrelakoak.
1968ko Arantzazuko Biltzarrera ere gonbidatu zintuen.
Bai. Bere txostena lehenagotik pasatu zidan niri, irakurtzeko. Lehenengoetarikoa izan nintzen irakurtzen. Galdetu zidan: «Zer iruditu zaik?». Eta esan nion: «Ba, gustatu zait. Errenteriako usaina badauka: Xenpelarrena eta». Barre egin zuen.
Eztabaida biziak izan ziren biltzarrean. Hatxea gora, eta hatxea behera.
Nik ere pixka bat parte hartu nuen eztabaida horietan. Aldaketa fonetikoen ekonomiaz hitz egiten ziguten klasean, eta esan nuen sistema batek behar duela izan ekonomikoa eta produktiboa. Arazoa da Euskaltzaindiak ez zuela ondo ulertu Mitxelenak proposatutakoa.
1970. urtean argitaratu zizun Lur argitaletxeak Literatura eta kritika liburua, eta literatur kritikan egin duzu bide bat. Nola ekin zenion alor horri?
Salamancan izan nituen izan nitzakeen irakaslerik hoberenak: Mitxelena euskararako, eta Fernando Lazaro Carreter gaztelaniarako. Lazaro Carreterrek ematen zigun kritika literarioa, eta liburutxo hau klaseko apunte batzuek osatzen dute, euskarara itzuliak. Han bazen beste irakasle bat: Luis Pensado. Literatura galaikoportugesa ematen zuen, eta bera ibili zen Martin Sarmientoren izkribu batzuk publikatzen eta transkribatzen. Eta orduan hasi nintzen ni lan horietan. Afizioa, pozoin hori, paper zaharrekin, Pensadori esker sortu zitzaidan. Salamancan 1970ean bukatu nuen, eta irailean hasi nintzen Donostiako Peñaflorida institutuan Espainiako Hizkuntza eta Literatura irakasten. 1971n soldaduskara joan nintzen.
Non egin zenuen?
Irungo Bentetan [Gipuzkoa]. Gero, Diputazioak Jaizkibelen zuen guardetxean egiteko aukera izan nuen. Sekulorun sekulotan Jaizkibelen sinatua dago, 1972an.
EHUko MHLI ikertaldeak egindako liburuan —Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983)— jaso dute zentsoreek idatzi zutena Sekulorun sekulotan liburuari buruz: «Egileak orriak betetzen ditu, hari psikologikoari bakar-bakarrik segika. Ez dago argumenturik. Jorratzen dituen gaiak, hobeto esanda, azaletik ukitzen dituenak, denetarikoak dira: bukolikoak, erromantikoak, munduko egoeraren aieneak, kutsadura, eta abar. Ez du zentsuratzeko moduko ezer». Bat zatoz haien analisiarekin?
Eskerrak hor ezkutuan baziren beste irakurketa batzuk! Gabriel Arestiri eta Ramon Saizarbitoriari gustatu zitzaien nola egina zegoen, punturik eta komarik gabe, eta ahots batez hasieratik bukaeraraino.
Nola otu zitzaizun horrela idaztea?
Irakurria nuen Alain Robbe-Grilletek idatzitako Pour un nouveau roman [Nobela berri baten bila], eta haren eraginez, neurri batean. Salamancan ere asko irakurri nituen idazle amerikarrak.
1975. urtean argitaratu zenuen Euskal Teatroaren Historia. Zerk bultzatu zintuen euskal teatroa ikertzera?
Euskal literatura eta Euskal teatroa deitutako liburu batzuk irakurri nituen, eta aipatzen zuten existitzen zirela izkribu batzuk; zerrenda ematen zuten, eta zein liburutegitan zeuden esan. Salamancan ikusi nituen irakasle batzuk izkribuak argitaratzen, eta hau pentsatu nuen: idatzi duguna ez badugu ikertzen, ezin dugu ezagutu behar bezala. Saiatu nintzen, eta bertso eta antzerki ineditoak publikatu ditut, batez ere. Esate baterako, Zuberoako astolasterrak 1973an hasi nintzen publikatzen. Ez da hain erraza izan argitaratzea. Zuberoako irri teatroa, Abadiaren bertso bilduma, Maria Dolores Agirreren lana eta pastoralak argitaratu ditut.
Izkribu galdu horiek nola topatu zenituen?
Pariseko Biblioteka Nazionalean. 1971n joan nintzen lehenbiziko aldiz, eta eskuetan izan nuen [Bernat] Etxepareren [Linguae Vasconum Primitiae-ren] lehen edizioa. Euskal Teatroaren Historia-n 30 autoreren antologiatxo bat egin nuen euskaraz eta gaztelaniaz.
Agosti Xaho ere aztertu duzu.
Bai. Xahori buruz baditut lantxo batzuk eginak. Handiena argitaratu gabe dago, baina nire webgunean [Patriurkizu.lezo.eus] dago. Bere poema bilduma ere badakar, Telesforo Monzonek zeukana bere etxean. Maria Josefa [Ganuza] emazteak erakutsi zidan, eta galdetu zidan ea fotokopiatu nahi nuen. Gehiegizkoa iruditu zitzaidan; gerora lortu dut.
«Salamancan izan nituen izan nitzakeen irakaslerik hoberenak: Mitxelena euskararako, eta Lazaro Carreter gaztelaniarako»
Literaturan ez ezik, politikagintzan ere aritua zara. Nola iritsi zinen Lezoko alkate izatera?
Lezoko Independenteak bezala aurkeztu ginen lehenengo hauteskundeetan; zerrendaburu joan nintzen. Lau zinegotzi atera genituen, eta 1979tik 1983ra izan nintzen alkate. Lehenbiziko egunetik dena euskaraz egiten ahalegindu nintzen.
Izan ere, hizkuntza politikaren alorrean aitzindaria izan zen zuen jarduna.
Adostu genuen dena egingo genuela euskaraz, eta ulertzen ez zuenari itzuliko ziola norbaitek. Itzultzaile zerbitzuak jartzen lehenak izan ginen. Horrez gain, gobernadoreak deitu zidan egun batean ea udaletxetik ikurrina kenduko ote genuen galdetuz. Nik esan nion ikurrina gu udalean sartu aurretik zegoela, eta udalbatzari galdetuko niola ea hor segituko zuen edo ez. Ezetz esan zidan. Handik egun batzuetara, bonba bat jarri zuten udaletxean, eta ikurrina lapurtu. Autoa zulatu ziguten, eta Batallon Vasco Españoleko mehatxu bat jaso nuen. Handik hiru hilabetera iritsi zitzaidan pakete bat udaletxera, eta ikurrin bat zegoen!
Zeinek bidali zuen?
Gobernadoreak, pentsatzen dut. 1983an utzi nuen alkatetza, eta bi urte geroago joan nintzen Bordeleko [Okzitania] unibertsitatera, irakasle. Sei ordu igarotzen nituen klaseak ematen, eta beste sei bibliotekan, tesia prestatzen. Jean Haritxelarrekin primeran konpondu nintzen hiru urte horietan.
Pierre d’Urteren Hiztegia. Londres 1715 izeneko tesiarekin Euskal Filologian doktore bihurtu zinen 1987an.
Donostian aurkitu nuen hiztegia. Resurrecion Maria Azkuek esaten zuen beti izan dela eta izango dela eskuizkribu inedito bat. A, bai, e? 1987an aurkeztu nuen tesia, Koldo Mitxelenak zuzenduta. Bordeletik itzultzean UNEDen lan egitea eskaini zidaten.
Zer zen Euskara eta Literatura irakasle izatea Madrilen?
Mundu guztira irekia zaude. Izan ditut ikasleak kartzelan zeudenak, Erroman zeudenak, Cadizen [Espainia] zeudenak edo Bergarakoak [Gipuzkoa] ere bai. Madrilen ez zidaten sekula ezer esan. Narratiba topaketak, ibilbide literarioak eta denetarikoak egiten genituen.
«Azkuek esaten zuen Pierre d’Urteren Hiztegia beti izan dela eta izango dela eskuizkribu inedito bat. A, bai, e?»
Hainbat epaimahaitako kide ere izan zara; Espainiako literatura sarietakoa, adibidez. Ahalegindu zinen euskarazko lanak bultzatzen?
Bai. Joxerra Gartziarenak, Ramon Saizarbitoriarenak... Martutene saritu ez izana injustizia literario bat izan zela esan nuen. Hamahiru ginen; bat euskalduna, bat katalana eta bat galiziarra. Hiru boto baino ez dira.
Bertsolaritza ere ikertu duzu.
Bai.
Efimero izateko patua zutenak jasotzen aritu zarela dirudi.
Bai, eta Bertsolari-n daude. Hala ere, oraindik egiteko dago bertso paperen bilduma on bat euskaraz.
Autobiografian nabarmendu duzu historiak ororena izan behar duela; ez soilik garaileena. Transmisio lana egitea izan da liburuaren helburua?
Bai. [Baruch] Spinozaren hitzak aipatuz, lehena errepikatu nahi ez baduzu, iker ezazu. Hanka sartze handiak izan ditugu historian, baina, aztertuz gero, agian ikasiko dugu noizbait.
Zuk egindako lanekin erakusketa handi bat egitea interesgarria izan liteke.
Pentsatua dut. Koldo Mitxelena [kulturunea] berriz irekitzen dutenean, lagunduko balidate edo prest baleude erakusketa osatu bat egiteko, ni beti prest egongo naiz. Nik uste dut denon onerako izan daitekeela euskara munduan zabaltzea. «Eman ta zabal zazu».