Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendari, protesta artean

LABek Bengoetxearen izendapena kritikatu du, eta zuzendaritza «independentea» eskatu

LAB sindikatuaren elkarretaratzea, atzo, Bilbon, EITB ez da Sabin Etxea lelopean. LAB.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko Bizkaiko foru diputatua izan da azkeneko urteetan Ibone Bengoetxea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak duela bi aste kargutik kendu zuen arte. EITB Mediako zuzendari arituko da orain Bengoetxea, eta atzo EITBko administrazio kontseiluan eman zuen izendapenaren berri Andoni Aldekoa taldeko zuzendari nagusiak. EH Bilduren, PPren eta ELAren ordezkariek gogor kritikatu zuten izendapena, baina Aldekoak ez zien erantzun. EAJk, berriz, «guda zibila» egin nahi izana leporatu zien izendapena kritikatu zutenei.

LAB sindikatuak —ez du ordezkaririk administrazio kontseiluan— elkarretaratze bat egin zuen Bilboko egoitzaren aurrean. Zera esan du LABek: «EITBko zuzendariak Sabin Etxera edo Eusko Jaurlaritzara jauzi egiten ikusi ditugu, baina oraingoan bidea kontrako noranzkoan egiten ari dira. Duela hilabete batzuk Andoni Aldekoa izendatu zuten EITB Mediako zuzendari nagusi, eta orain Ibone Bengoetxea aukeratu dute EITB Mediako zuzendari kargurako. Biak EAJko kideak eta politikagintzan arituak. Erabaki eskandalagarria, onartezina eta lotsagarria».

ELAk gogorarazi du EITBk organigrama berria aurkeztu zuenean ez zutela Bengoetxearen izenik aipatu: «EITBren ohiko opakotasuna apurtuko duen gardentasun ariketa bat ere egin beharko litzateke, Ibone Bengoetxearen izendapenarekin gertatu dena errepikatu ez dadin».

LABen arabera, inoiz baino zuzendari eta kudeatzaile gehiago izango dira orain talde publikoan. «Aurrekaririk gabeko krisi sanitario eta sozioekonomikoa sufritzen ari garenean, EAJko bi komisario politiko jarri dituzte EITB Media zuzentzen. Garai zailak datoz komunikabide publikoarentzat».

ELAk deitoratu du zuzendaritza taldean oso emakume gutxi daudela. «Emakumeak zuzendaritza postuen % 7 baino ez dira, eta, gainera, karguetan garrantzia galdu dute. Euskal irrati publikoaren mezua da emakumeak ez direla gai edo ez daudela behar bezain jantzita zuzendaritzako karguak betetzeko». Sindikatu horrek, gainera, proposamen zehatz bat eskatu dio zuzendari nagusiari EITBren enpleguaren egiturazko arazoei aurre egiteko.

LABek nabarmendu du ez duela onartuko EITB EAJren «propaganda tresna» bihurtzea. «Hedabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura».

Gai gehiago ere izan zituzten atzo hizpide administrazio kontseiluan; Aldekoak esan zuen ETB1eko Baserria saioko arduradunek ez zekitela Gontzal Viaga lehiakideak jantzita zeraman jertseak —Blue lives matter mugimendu polizialaren aldekoak— zer esan nahi zuen. Horren harira, Aldekoak iragarri du areagotu egingo dutela kontrola saioetako gonbidatuek gai politikorik eraman ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.