Ibon Sarasola eta Maialen Lujanbio Euskadi Irratiko ahotsen artean

Maite Arroitajauregik, Iratxe Fresnedak eta Koldo Almandozek ere parte hartuko dute 'Faktoria'-n, 08:00etatik 10:00etarako tartean

Maialen Lujanbioren gogoetak entzungo dira Faktoria-n. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko irailaren 11
00:00
Entzun
Aste honetan zenbait berrikuntza egin baditu ere, Euskadi Irratiak programazio berritua osorik datorren astelehenean jarriko du martxan. Saio garrantzitsuenen aurkezleak mantenduko ditu EITBren euskarazko irratiak, baina gogoetak egiteko ahots berriak eramango dituzte. Faktoria albistegian —Maite Artolak jarraituko du gidari, 08:00etatik 10:00etara—, Maialen Lujanbio bertsolariak gogoeta pertsonalak egingo ditu. Emankizun berean, Maite Arroitajauregi Mursego-k musika jarriko dio albistegiari, gaurkotasuna duten kanten bidez. Zinemari lotutako kontuak plazaratuko dituzte Iratxe Fresneda Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Koldo Almandoz zinemagileak. Ibon Sarasolak, berriz, kontzeptu edo hitz baten iruzkina egingo du, hizkuntzalariaren ikuspuntutik. Gaurkotasuneko gaiak aztertzeko, solaskide talde zabala izango du Artolak. Faktoria-ren magazin partea, 10:00etan hasiko da, iaz bezala Manu Etxezorturekin.

Euskadi Irratian ostiral goizetan ahots berri bat ere entzungo da, Garbine Ubedarena. Pentsamenduari lotutako tartean ariko da, Jon Sarasua eta Enrike Zuazuarekin batera.

Arratsaldeetan, Maider Segurolak Hiri Gorrian saioa gidatuko du, eta Ainhoa Etxebestek, Mezularia.

Goizean goiz, 05:00etan, Iratxe Eizagirrek Argi ibili saioa gidatuko du.

Landaberri saioak —larunbatetan, 09:00etan— aurkezle berria izango du: Arantza Artza. Nagore Telleriak Amarauna gidatzen jarraituko du larunbat eta igandeetan, eta Joxe Juan Ugaldek asteburuko albistegiak gidatuko ditu.

Las Tea Party, Gaztean

Gaztean Dida saioa aurreko urteetan baino luzeagoa izango da, eta 07:00etatik 11:00etara ariko dira Joseina Etxeberria, Ainhoa Vitoria, Edurne Garmendia, Ibon Fernandez eta Jon Gotzon. Dida XL izena hartuko du orain. Arratsaldeetan, hiru orduz ariko da Julen Telleriak gidatutako taldea Akabo bakea! saioan, 17:00etatik 20:00etara. Gaztea Nice saioa 20:00etan hasiko da, eta 21:00etan, B aldea. Berrikuntza handienetakoa Gaztean Las Tea Party bikotea izango da. Ostiral gauetan ariko da neska bikotea mikro aurrean, 22:00etatik gauerdira. Larunbat gauetan, Nicky Romero DJak jarritako musika entzun ahalko da.

Radio Euskadik arratsaldeak berrituko ditu: Miriam Duquek eta Iñigo Lejarzak Graffiti aurkeztuko dute 16:00etatik 19:00etara. Iflandia kultur saioa, aldiz, 15:00etara aurreratuko dute. Zientzia eta dibulgazio gaiak aurkeztuko ditu Eva Caballerok, 20:00etan.

Radio Vitorian analista berriak izango dituzte goizetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.