Bilboko inauterietako pertsonaia ezinbestekoak dira Farolin eta Zaranbolas, eta hiribilduko gizon eta emakume nabarmenek gorpuzten dituzte, hurrenez hurren. 2022ko aratusteetarako bi asteren faltan —otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean egingo dituzte—, hiribilduko Jai Batzorde Mistoak dagoeneko iragarri ditu aurtengo aukeratuak: Ibon Koteron musikaria izango da Farolin, eta Gemma Martinez antzezlea Zaranbolas.
Albokaria da Koteron, eta musika tresna hedatu izana aitortu dio batzordeak, hala nazioarteko artistekin lan egitean nola bakarkako diskoetan. «Musikaren jenioa da, jai guztietan hain presente dagoen musika tresnari bultzada ematen diona, albokaren iraultzailea, eta Bilboko enbaxadore euskalduna». Martinezi dagokionez, haren ibilbide profesional luze eta askotarikoa azpimarratu dute. «Dibertigarria, graziosoa, saltseroa... Antzerkitik, zinematik, telebistatik, bakarrizketetatik... igaro da; umorez betetako bizitza aprobetxatu du».
Epaiketa, otsailaren 25ean
1984tik, Bilboko aratusteetako parte dira Farolin eta Zaranbolas. Baserri giroko inauteri tradizionaletan dute jatorria biek ala biek, baita haien epaiketak ere. Lehen, urteko «gaiztoen» kontrako zigorrak ezartzen ziren ekitaldi horretan, baina Bilboko inauterietan umorezko emanaldia izan da beti. Otsailaren 25ean egingo dute.