ATZEKOZ AURRERA. Mario Amoros. Historialaria

«Ibarruri oso harro sentitu zen beti bere euskal erroez»

Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren biografia bat argitaratu berri du, haren artxibo pertsonalean oinarritutakoa: 'No pasarán'. XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen du bizkaitarraren bizitzak.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Dolores Ibarruri Pasionaria-ren artxibo pertsonala ikusi ahal izan duen lehen historialaria da Mario Amoros (Alacant, Valentzia, 1973). Hango edukian oinarrituta, Gallartako (Bizkaia) politikari komunistaren biografiarik «zehatzena» osatu du: No pasarán (Akal, 2021). Milaka gutun, argitara eman gabeko dozenaka diskurtso, eskuorriak eta argazkiak kontsultatu ditu.

Pasionaria mito bat da. Horrek zaildu egiten du biografia egitea?

Argitaratu dudan laugarren biografia da: Salvador Allenderena, Pablo Nerudarena eta Augusto Pinochetena ere publikatu ditut. Historiako pertsonaia garrantzitsu horiek jorratu izanak ahalbidetu dit edukitzea lan egiteko modu bat, zeinek erraztu didan erronka zail bat: kontatzea XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen duen bizitza bat, biltzen dituena Primo Riveraren diktadura, Bigarren Errepublika, gerra, frankismoa, erbestea, nazioarteko mugimendu komunistaren historia, Gerra Hotza...

Noiz eta nola sortu zen mitoa?

[1936ko] Gerraren lehen asteetan. Alderdi Komunistaren izenean irakurri zuen komunikatua, «¡No pasarán!» [Ez dira pasatuko] lelo famatuarena, nazioarteko prentsa antifaxistan argitaratu zen. Faxismoaren kontrako erresistentziaren nazioarteko sinbolo bilakatu zen. Dolores oso ona zen hizlari politiko eta buruzagi gisa, eta Alderdi Komunistaren prentsa aparatu itzelak ezaugarriok indartzen zituen.

Beti aldarrikatu zuen bere jatorria.

Bai, oso harro sentitu izan zen beti bere euskal erroez. Hunkigarria da: haurtzaroan eta nerabezaroan ez zuen euskara ikasi, baina erbestean, Moskuko etxean, euskarazko hiztegi bat zuen, eta zerbait ikasi zuen. Gainera, beti deskribatu zuen bere burua bizkaitar meatzarien alaba, arreba eta emazte gisa, eta meategietako langile mugimendu borrokalari haren alaba gisa.

Haren artxiboetan islatzen da lotura hori, eta itzultzeko grina?

Artxibo pertsonalean baino gehiago, igarri zen diskurtsoetan eta prentsari emandako elkarrizketetan, adibidez. 1960ko eta 1970eko urteetan, euskal kazetariak hartu zituen Moskun. Erbestealdiko diskurtsorik garrantzitsuenetan, aipatzen du bere herrira itzultzeko grina, non 1933an egon baitzen azken aldiz.

Haren amatasunaz ere mintzo zara liburuan. Nola eragin zuen harenjardun politikoan?

Sei seme-alaba izan zituen, eta lau alaba hil zitzaizkion 1920ko urteetan. Liburuan, haren alaba Amaia Ruiz Ibarruriren memoriak aipatzen ditut; haren alaba Lolak gordetzen ditu horiek ere: gogoan zuen zelako maitasunarekin oroitzen zen Muskizen [Bizkaia] egoera dramatikoan ehortzi behar izan zituen alabez. Maria Jose Capellin irakasleak azaldu zuen amatasun tragiko hark nabarmen eragin zuela Pasionariaren diskurtso politikoaren eraikuntzan. Emakumeei mintzatzen zitzaien, ama langileen bozeramaile sentitzen baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.