Goizean goizetik mugituko dira burgiarrak. Izan ere, 09:30ean La Kurruskla taldeak girotuko du herria. Ordu horretan bertan egingo diete harrera gonbidatuei udaletxean, Erronkariko ibarreko taldeek lagunduta, Pirinioetako jantziak soinean dituztela. 10:00 aldera, berriz, Lanbideen herrian zehar izeneko doako bisita gidatu bat egiteko aukera eskainiko dute antolatzaileek.
Hala deitzen diote Burgiri: Lanbideen herria. Izan ere, herriko iraganeko hainbat lanbide berreskuratzen ari dira herritarrak.
Txarangek girotuko dituzte kaleak segidan, eta antzinako artisau produktuen azoka egongo da, Aita Tomas Burgikoaren plazan. Ordu berean irekiko dute Almadiaren Museoa: 10:30etik 14:00etara. Almadiazain eta zurginen ekintza guztiak biltzen dituen prozesuaren erakusleiho da museo hori, Nafarroako Almadiazainen Elkarte Kulturalak sortu zuen, eta herriak lagundu zuen sorkuntza prozesuan.
Jaitsiera eta omenaldia
Eguneko ekintzarik handiena 11:00etan hasiko da; ordu horretan abiatuko baitira almadiak Ezka ibaian behera, Burgiko presa jaitsi, eta Erdi Aroko zubia igaro arte. Antolatzaileek 12:30ean aurreikusten dute Almadien iritsiera. Denbora gutxi irauten duen erakustaldia da, baina lan handia du atzetik, ibaian behera egiteko dena prest utzi behar izaten baitute aldez aurretik. Adin tarte zabaleko jendea aritzen da lanean, gazte-gazteetatik helduenetara. Denen artean egiten dute lan, eta hori da, hain zuzen, antolatzaileek miresten dutena gaurko egunez.
Ibaian behera egin ondoren, aurkezpen baterako prestatuko dute Aita Tomas Burgikoaren plaza. Aurtengo Erronkariko Gaztaren aurkezpen ofiziala izango da, Javier Eseberri futbol jokalariaren eskutik. Han,Urrezko Almadia batez omenduko dituzte futbol jokalariaeta baita ErronkarizarElkartea ere. Arratsaldean, museoko ateak irekiko dituzte berriro ere, bisitatu nahi duena bertara joan dadin.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero, Burgiko Barkainea pilotalekuan egingo dira gaurko programatutako ekitaldi eta ekintzetako batzuk.
Almadia Eguna
Gaur, 09:30etik aurrera, Burgin (Nafarroa).