Jaiak. Donostiako Aste Nagusia

Ibaiak zer ekarriko duen

Arrauning enpresak Urumea Ibaiko bisita gidatua egin zuen atzo Donostian, Aste Nagusiko egitarauaren barruan. Unai Elizasu aritu zen piraguak gidatzen, Martutenetik abiatuta.

Urumeako bisita gidatua, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Urumeako bisita gidatua, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

«Inork ba al daki zergatik duen Urumea ibaiak Urumea izena? Ura eta mehea, fina edo garbia esan nahi du euskara zaharrean». Arraun egiteari utzi eta behera begiratu dute denek, ibaiak dakarren kolore uherrari so. Ez diote ur mehearen zantzu handirik hartu. «Aspaldi jarri zioten izena», argitu du Unai Elizasuk. Inoiz gardena izandakoa da, antza. «Hau da ibai baten kolorea; ongi etorri guztiei». 

Urumean barrena bisita gidatuak egiten ditu Unai Elizasuk, Arrauning enpresan. Martuteneko ontziraleku batean behera atera ziren atzo ere, binaka —eta hirunaka—, ontziak arrastaka eramanda. Piragua barrenean sartu eta aitzinera egin dute, Astigarraga aldera. «Zuk egin arraun eskuinaldearekin, eta, nik, ezkerraldearekin», erabaki du bikote batek. Arraunek pala bakarra dute eta. «Goazen aurrera!», hasi da Elizasu. 

Aitzinera egin eta berehala, ibaia zabaldu egin da, eta, abiadura, nabarmen gutxitu. Ibaiaren portu nagusia izandakoan daude; hiru zeuden-eta lehen. «Orain, Donostia, bere eremu lau bakarretik ari da handitzen. Guztiek begiratzen diote ibaiari, baina nork begiratzen du ibaitik?». Piragua geratu eta eskuinaldea seinalatu du Elizasuk: «Hortxe zegoen hiri honetako azken ontziola». Aitzinerago ikusten den etxe handi bat kasinoa ote zen galdegin dio emakume batek, eta, Elizasuk, baietz. «Jende aberatsaren eremua zen hau». Arraunean jarraitu dute. 

Unai Elizasu, azalpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bisita gidatua hasi aitzinetik Unai Elizasu azalpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Garbiketa

Eskuin-ezker zuhaitzak, ahateak eta enborrak. «Ez du ematen, baina Donostian gaude oraindik», erran du Elizasuk irri artean. «Zer gertatu da hemen?», galdetu diote jarraian, kanabera multzoa erreka aldera erorita dagoela ikusita. Espezie inbaditzaileena azaldu die. «Eta zeinek garbitzen du erreka?». Erantzuna segituan jaso dute: Elizasuk berak garbitzen du, espresuki horretarako egiten dituen ibilaldiekin eta laguntzera joaten direnekin. «Jarrai dezagun aurrera». 

Martuteneko ontziralekua geroz eta gibelerago gelditzen ari da, eta, ohartzerako, bi zatitan banatu da taldea: batzuk Astigarragan daude, eta Donostian bertzeak. Hortxe zegoen-eta muga. Ezkerretara, Petritegirako bidea. Sagardotegietako biderik hartu gabe, ordea, buelta hartu dute. Bidean bertsoren bat kantatu dezala eskatu diote ondoko piraguatik Elizasuri, baina ez dute halakorik lortu. 

Ontzilekura ailegatzean, elkarri lagunduta atera dira lehorrera, besoak ukitu eta ongi sentituta. Mehatxu ere egin diote batzuek haien bikotekideei: «Nola izango duzu ba min, arraunean nik bakarrik egin dut eta». Elizasuk agindutako lekuan salbamendu jakak eta piraguak utzi, eta kontent utzi dute denek ur mehea gibelean, uste baino are meheagoa dela ondorioztatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.