Auzolana da Almadien Eguna aurrera ateratzeko formula. Euskal Herriko beste txoko anitzetan bezala. Eta zinez egiten dute lan. Baina emaitza ere ona da. Burgin (Nafarroa), 25 urte daramatzate besta hori antolatzen, eta handia da herriari egiten dion ekarpena: antzinako ofizio bat memoria kolektiboan gordetzen duelako, auzolana bultzatzen duelako eta eragin ekonomikoa ere baduelako.
Gaur abiatuko dira almadiak Ezka ibaian behera, Burgiko presa jaitsi, eta zubia igaro arte. 12:30ean izanen da hori, baina minutu gutxiko erakustaldi horrek lan handia du atzetik. Atzo izan zen dena prest uzteko eguna, baina urtarriletik daramate lanean burgiarrek, txandaka: larunbat batean bai, bestean ez. «Lan polita da hau; hamaiketakoa egiten dugu ere, eta lagun artean egoteko aukera dugu», esan du Koldo Zilbeti Nafarroako Almadiazainen Elkarteko idazkariak.
Atzo lanean ari zen, beste hamabost lagunekin batera. Orotara, 35 lagun aritu dira almadiak prestatzeko beharrean. Adin tarte zabaleko jendea aritzen da lanean, gazte-gazteetatik zaharretara. Pablo zen atzo gazteena. Lan eta lan aritu zen, nahiz eta gaur ezinen duen almadiaren gainean igo. Izan ere, aurten 18 urtean jarri dute muga. Guzien artean egiten den lan horixe da Zilbetik goraipatu zuena. Hori da Almadien Egunak herriari egiten dion ekarpenik handiena, haren aburuz:«Esfortzu pixka batekin guziok jasotzen dugun onura ikaragarria da. Besta hau gabe herria hilik legoke».
Almadia eta almadia artean, hamaiketakoa egiten dute Burgin: artzain apurrak, xingarra eta ardoa. Arturo Erlantz artzain apurrei eragiten aritu zen. Hark hasieratik parte hartu du Almadiaren Egunean, duela 25 urte hasi zirenetik. Esako urtegia itxi zutenean bukatu zen almadiazainen lana, 1952an, baina Sevillako (Espainia) Exporako erakustaldi bat antolatu zuten, eta ordutik urtero jaisten dute almadia Ezka ibaian behera. «Geure buruari galdetu genion: zergatik ez dugu ofizioa ikasten, eta gure tradizioak mantentzen?». Hala egin zuten.
«Zortea izan genuen, benetako almadiazainek irakatsi baitziguten. Ez gara haiek bezalakoak, baina ongi egiten dugu», zioen Erlantzek. Apurrak jan eta ardoa dastatu bitartean, oso kontent zela aitortu zuen. «Batik bat, gazteek pozten naute, hemen daudelako, eta, beraz, bere garaian erein genuena jasotzen ari gara».
Hamaiketakoa bukatuta, bigarren almadia prestatzeari ekin zioten. «Orain bai, orain lehen baino hobeki gaude», zioen haietako batek, tripan kolpetxo batzuk emanez. Bigarren almadia makinarekin eraman zuten ibaira, eta uretan utzi. Zilbetik onartu zuen haien lana arinagoa dela garai bateko almadiazainenarekin alderaturik. «Antzina, hau guzia eskuz egin behar izaten zuten».
Bezperan, egurrak lotzen
Pinu egurra erabiltzen dute, nahiz eta lehen izeia ere dezente jaisten zuten. Bi almadia aterako dituzte gaur, eta bakoitza 84 enborrek osatzen dute. Egur horiek urtero erabiltzen dituzte, baina loturak eta zutoinak aldatzea ezinbestekoa da. Almadia bakoitzak lau zati ditu, eta horiek aurretik prestaturik izaten dituzte. Atzo lau zatiak lotu egin zituzten, arraunak paratu, eta beharrezkoak diren azken ukituak eman.
Arraun handiez gainera, bakoitzak arraun txikiago bat eraman ohi du, almadia bultzatzeko beharra egoten denerako. «Uste dut bultzatu beharko dugula», esan zuen almadiazainetako batek. Izan ere, atzo hiru kilometro egin zituzten Ezka ibaian behera. Gaur kilometro bakarra geratzen zaie, beraz. Gainera, presara ailegatu aurretik gelditu egiten dira, indarrak hartzeko, eta aurreikusitako orduan ailegatzeko.
Eragin ekonomikoa
Zaila da neurtzea Almadien Egunak herrian duen eragin ekonomikoa. Zilbetik azaldu duenez, dena Burgiko komertzioetan lortzen dute, eta, gainera, jende anitz biltzen da herrira. Han negozioak dituztenek ere argi dute egun berezia dela. Lana handitu egiten da, eta, urteko gorabeheren artean, egun garrantzitsua da. Adibidez, nekazaritza etxeetan tokia aurkitzea zaila izaten da, erreserba denborarekin egin ezean. «Nekazaritza etxean ere lan handiko egunak dira; urtero okupaturik izaten dugu Almadiaren Eguna baino dezente lehenago. Jendeak denbora askorekin deitzen du. Besta oso erakargarria da», azaldu zuen Malu Boj Urandi nekazaritza etxeko jabeak.
Aste honetan aski lan izan du, nekazaritza etxea ongi prestatu behar baitzuen. Esan zuenez, turista anitz erakartzen ditu bestak. Urandin Hego Euskal Herriko bisitariek hartzen dute ostatu batik bat, baina Madril eta Kataluniatik ere jende asko joaten da egun horretan. «Nik uste dut Burgiko bestarik garrantzitsuena dela hau, jende gehien mugitzen duena. Boluntario anitzekin egiten da; beraz, jende asko jartzen du lanean. Era berean, turista anitz erakartzen ditu herrira».
Nekazaritza etxekoa ez da Bojek egun hauetan duen lan bakarra, aitzitik. Izan ere, Larra Erronkariko sor-markadun gazta egiten duen enpresaren jabea ere bada. Gaur, Almadien Eguna ospatzeaz gainera, gazta mota horren sasoia abiatzen da Burgin. Eguerdian eginen dute, plazan, lehenbiziko gaztaren mozketarekin. Hori dela eta, Bojek zioen haren enpresak guziz bat egiten duela bestarekin. Gazta salmentan ere badu eraginik. «Egun horretan jende anitz etortzen da Burgira, eta Erronkari ibarra gaztarengatik da ezaguna; beraz, turista asko gaztarekin itzultzen dira etxera».
Almadien Egunak gazta egiteko sasoiarekin bat egiten du, eta, horregatik, lana pilatu egiten zaie Larra gaztandegian. Gaztak egin behar dituzte, eskariei erantzun, azoka prestatu... «Aste mugituak dira», aitortu zuen Bojek. Baina merezi du. Gainera, Erronkariko sor-markadun gazta ezagutarazteko bidea ere bada gaurko besta. «Gazteek Erronkariko jantzi tradizionala soinean eramaten dute, eta plazan gazta zatitzen den garaian inguruan direnei puskak banatzen dizkiete. Beraz, dastatu ondoren bisitariak inguruan dauden postuetara joan daitezke gazta erostera».
Negozioan bestaren eragina antzematen duen beste burgiarretako bat da Ignacio Urzainki. Zati Berri tabernaren jabea da, eta taberna ireki arte urduri egonen da: «Eguraldiak izugarri eragiten du. Batzuetan, ireki eta jende pila bat sartzen da edariak hartzera, eta gelditu gabe ibiltzen gara. Baina, beste batzuetan, hotza egiten du, eta eguna kafeak ateratzen ematen dugu, eta goiz osoa barnean egoten dira kafeekin».
Hark sumatu du dagoeneko ez dela hainbeste jenderik joaten. Haren aburuz, bestaren sasoirik onenak igaro dira. «Urte batzuetan, lanez lepo ibili gara, ezin iritsi, baina azken boladan ez dator hainbeste jende. Noski, larunbata da, eta ez da besta egun batean edo zubi batean egitea bezala». Hala ere, gaurkoa da urtean lan gehien egiten duten eguna. Beraz, laguntza behar izaten dute barraren atzealdean. Normalean, familiako kideak joaten dira lana arintzera. Beharrik, ordu franko baitira: «Goizeko bederatzietan hasten gara, eta goizaldeko sei edo zazpiak arte aritzen gara lanean», esan du Urzainkik. Aurreko egunetan ere lan dezente izaten dute, edariak, pintxoak eta janaria prest utzi behar baitira. «Taberna irekita dagoen ordu guzietan gelditu gabe lanean aritzeko denak prest egon behar du».
Egun horretaz gainera, udan izaten dute lan gehien, jende asko joaten baita Erronkari ibarrera. Baina urteko gainerako sasoietan oso lan gutxi dutela aitortu du. «130 lagun inguru bizi gara, eta %70 erretiraturik dago. Beraz, asteburuen, horrelako besten eta udaren zain egoten gara». Negua gogorra dela dio, eta udaberria ere ez da sasoirik onena, baina Almadien Egunak salbatu egiten du, behinik behin.
Ibaiak dakarrena herrian geratzen da
Almadien Eguna ospatuko dute gaur Burgin, hogeita bosgarrenez. Aurretik lan handia eskatzen du bestak, baina asko da Ezka ibaian behera almadiekin batera herrira ekartzen dutena. Herritarrak batzeko eguna ez ezik, bertako negozioentzat ere egun inportantea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu