Joan den urtearekin alderatuta, txikiagoa izan da aurtengo sagardo sagar ekoizpena; hain zuzen ere, iaz bildutako sagarren % 30 bildu dituzte aurten. Halaxe adierazi zuten ostegunean, Astigarragan (Gipuzkoa), XVIII. sagardo sagarraren heldutasunaren txostena-ren aurkezpenean. Hainbat eragile izan ziren agerraldian: Astigarrako alkate Zorione Etxezarraga, Felix San Sebastian Fruiteleko presidentea, Antton Arka kultur taldeen bozeramaile moduan eta Egoitz Zapiain, sagardogileen bozeramaile moduan. Horiez gain, bertan izan zen, halaber, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzailea. Fruitelek eta Sagardoaren Lurraldeak eskatzen dute kontrol hori urtero, eta Gipuzkoako hainbat sagasti aztertzen dituzte, urte bakoitzean bildutako sagarren ezaugarriak eta kopuruak jakiteko asmoz.
Irail hasieran egin zuten kontrola, eta ondorioztatu dute aurten ere, iaz bezala, sagarrak ohi baino lehenago heldu direla. Agerraldian azaldu zutenez, 2018ko udaberria hotz eta euritsua izan den arren, udako tenperatura altuek eragin dute lehenago heltzea.
Ikerketa egin dutenek hiru multzotan sailkatu dituzte sagarrak, zenbat aurreratu diren kontuan hartuta. Gehien aurreratuak patzoloa, mozoloa, aritza, geramina eta txalaka izan dira. Hurrengoak, urtebi txikia, manttonia, urtebi handia, urdina, udare marroia eta berde garratza izan dira. Gehien atzeratu direnak, berriz, errezila eta mokoa. Agerraldian azpimarratu zuten aurten ekoizpen irregularra izan dela; izan ere, sagasti batzuk hutsik egon diren bitartean beste batzuk gainezka egon dira.
Sagarren egoeraren berri emateaz gain, Egin Zotz! kanpaina aurkeztu zuten, Euskal Sagardoa jatorri deiturak antolatuta. Kanpaina horrek pintxo poteo bat du oinarri, Euskal Sagardoarekin eta bertako kalitatezko produktuekin egindako pintxo poteo bat, hain zuzen. Unai Agirrek aurkeztu zuen kanpaina.
Egitarau oparoa asteburuan
Sagar Uztaren XVIII. edizioan, urtero legez, sagardotegietako dolaretako lanen hasiera ospatuko dute Astigarragan asteburu honetan. Astigarraga eta sagardoa lelopean, egitarau oparoa prestatu dute hainbat eragileren artean. Osteguneko agerraldi horretan, ospakizun horretako ekintza nagusiak azaldu zituzten.
Gaur bertan, esaterako, kirol proba bat egingo dute lehen aldiz jaialdi horretan: I. Sagar Uzta Erronka Indoor. Foru plazan izango da, eta parte hartzaileek eski, arraun eta bizikleta probak egin beharko dituzte, 10:00etatik aurrera. Zortzi talde daude izena emanda, eta hiru txandatan lehiatuko dira: lehendabizikoan, hiru taldek hartuko dute parte; bigarrenean, beste hiruk, eta, azkenekoan, bi taldek. Eski probarekin hasiko dira, arraunean jarraitu eta bizikleta gainean bukatu. Kide bakoitzak hamabost minutu egin beharko ditu dagokion makinaren gainean. Gero, egindako distantziak neurtuko dituzte, eta distantziarik handiena egiten duen taldea izango da garaile. Proba amaitzean, bertaratzen direnek pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute.
Bihar, igandez, topa herrikoia egingo dute Udaletxe parean. 11:00etatik aurrera, plazara joandako familiek aukera izango dute sagarren bilketa, txikitze eta prentsatze prozesuan parte hartzeko. Horren ondoren, talde argazkia eta topa egingo dituzte, hain zuzen ere lehenago beraiek dolarean egindako sagar muztioarekin.
Emakumeak protagonista
Osteguneko agerraldian iragarri zuten ekintza berezi bat prestatzen ari direla 2019ko Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Datorren urteko martxoaren 8an, emakume sagardogileekin batera, Harituz Taldeak morez jantziko ditu Sagardo Etxeko sagastiko sagarrondoak, beraiek eskuz ehundutako estalki moreekin. Horrez gain, Harituz Taldeko kideek grabatutako 365 hilos de sororidad dokumentala proiektatuko dute, Matazak genero indarkeriaren aurka proiektuaren barruan. Martxoa iritsi bitartean, ordea, hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta gaur bertan izango da lehendabizikoa. Kolore morekoak izango dira goizeko ekintzan sagarrak biltzeko erabiliko diren kizkiak.
Sagardoa
Iaz baino sagar gutxiago
Sagardo sagarrak ohi baino lehen heldu diren arren, aurtengo ekoizpena ahula izan da: joan den urtean bildutako sagarren %30 bildu dituzte. Sagardo ona espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu