'Geure gorputzean eta etxean burujabe' liburuaren egilea

Aiora Urbieta: «Ia produktu guztietan daude mikroplastikoak, baita elikagaietan ere»

Xaboiak, kandelak, garbigarriak eta bestelako produktu naturalak egiteko errezeten liburu praktiko bat idatzi du Urbietak: «Nire koadernoa urtaroka antolatuta neukan, eta pentsatu nuen horixe zela liburua antolatzeko modurik errazena».

Aiora Urbieta, joan den asteko asteazkenean, Zestoan. JON URBE / FOKU
Aiora Urbieta, joan den asteko asteazkenean, Zestoan. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Zestoa
2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Sistema kapitalistari aurre egiteko funtsezkotzat jo du burujabetasuna Aiora Urbietak (Zestoa, Gipuzkoa, 1990). Eta auzolana, saretzea, trukea, transmisioa... «Badirudi ahanzturan geratu diren hitz hutsalak direla». Geure gorputzean eta etxean burujabe liburuan, hainbat gauza egiteko errezetak ematen ditu: xaboiak, kandelak, garbigarriak, kontserbak... Lau urtarotan antolatuta dago. Gaur aurkeztuko du liburua, Zestoan, Arroabeko eskola zaharrean, 18:30ean. 

Udaberria, uda, udazkena eta negua.

Bai, bizitzaren zikloari lotuta dago liburua. Urtaro bakoitzean gauza ezberdinak topatzen ditugu naturan, eta, horren arabera, gauza bat edo beste egitea komeni da. Logikoena da tokatzen den garaiaren araberako lanak egitea. Orain, neguan gaude, iluntasun garaian, eta kandelak egin ditzakegu, intsentsuak, katarroarentzako karameluak, gominolak, jarabeak... Baratzeko gauzekin, berriz, chucruta egin dezakegu.

Koaderno batekin hasi zinen.

15 bat urterekin hasi nintzen sendabelarren munduan. Amak liburu bat oparitu zidan, eta obsesionatu egin nintzen. Kosmetikoak eta xaboiak egiten ikasi nuen. Baratzea ere asko gustatzen zait, eta kontserbak egiten ikasi dut. Nire koadernoa urtaroka antolatuta neukan, urtaro bakoitzean zer lan egin behar dudan jakiteko, eta pentsatu nuen horixe zela liburua antolatzeko modurik errazena, urtaro bakoitzari dagozkion errezetak eskaintzea. 

Urtaro bakoitzak lau atal dauzka.

Bai. Etxea gozatzeko atalean, esaterako, aire gozagarri naturalak egiteko errezetak aurkituko ditugu; etxea garbitzeko atalean, garbigarriak egitekoak; hirugarren atalean, gure gorputza zaintzeko produktuak: ukenduak, tinduak, olioak; eta, azken atalean, sukaldearekin lotutakoak: kontserbak, ozpinetakoak, hartzidurak... 

Liburua oso praktikoa da, baina mezu bat ere badu, ezta?

Intentzioa hori da, izenburutik hasita argi dago. Indibidualismora bultzatzen gaitu gaurko gizarteak, bakardadera, mendekotasunera, eta bada bizitzeko beste modurik, ez bakarrik zerumuga utopiko batean. Auzolana, saretzea, trukea, transmisioa... Badirudi ahanzturan geratu diren hitz hutsalak direla, baina gure arbasoek bazekiten horrela bizitzen. Jakinduria hori ere berreskuratu behar dugu. 

Nondik nora sortu zitzaizun liburua idazteko ideia?

23 urterekin joan nintzen mendira bizitzera, eta orduan ohartu nintzen gauza asko egin ditzakegula burujabe izateko. Hasieran sendabelarren inguruko liburu bat idaztea nuen buruan, euskaraz ez zegoelako horrelakorik, baina Garbiñe Larreak hutsune hori bete zuen. Oso ondo landu zuen gaia. Gainera, nik ez nuen sendabelarretara mugatu nahi, eta etxean egiten ditugun denetariko errezeta horiek biltzeari ekin nion, eta hortik sortu zen ideia. Aspaldi ematen ditut ikastaroak, eta ohartuta nengoen jendeak jakin-min handiagoa zuela. 

Ikastaro asko egiten dituzu.

Xaboiak, hortzetako pastak, jarabeak, kandelak, garbigarriak, sendabelarrak egitekoak... Xaboi komunitarioak egiten gabiltza orain. Ahalik eta ekologikoenak, eta ahalik eta ekonomikoenak. Hainbat herritan sortu ditugu taldeak: Abaltzisketan, Arrasaten, Azkoitian, Zumaian [Gipuzkoa]... Xaboi likidoak kantitate handietan egiten ditugu; 140 edo 280 litro egin izan ditugu, eta denen artean banatzen ditugu gero. Horrek esan nahi du hilabetetarako xaboia izango dugula etxea garbitzeko. Aurki 500 litro egingo ditugu talde batean.

Eta nola egiten dira?

Olio birziklatua, soda kaustikoa, bikarbonatoa eta azido zitrikoa erabilita egiten dira; edozein herritako drogerietan eros daitezke osagaiak. Produktu kimikoekin, etxea garbitu baino gehiago, zikindu egiten dugu.  

Toxikoak dituzte...

Hala da. Kosmetikoak, garbigailuak, aire gozagarriak... Etxean usain goxo bat izatearren produktu toxiko bat arnastea ez da oso osasuntsua. Ez dauka zentzurik. Gaur egun frogatuta dago sistema endokrinoari lotutako gaitz askok lotura daukatela produktu kimikoekin. Kaltegarriak diren gauzak ordezkatuz joateko errezetak daude liburuan. Mikroplastikoz inguratuta bizi gara. Ia produktu guztietan daude mikroplastikoak, baita elikagaietan ere, eta ez gara ohartzen zer eragin izan dezaketen. Kosmetikoetan eta hortzetako pastan ere badaude.

Aiora Urbietaren liburuaren azala
Aiora Urbietaren liburuaren azala. Alain Martinezenak dira argazkiak. 
Argazkiak Alain Martinezenak dira.

Bai. Baserrietako sukalde ilun horien giroa islatzen saiatu da Alain. Argazkiak barroko samarrak dira, baina oso ederrak. Xehetasunak zaintzen saiatu gara. Lan handia izan da, baina oso pozik gaude emaitzarekin. Oso polita geratu da.

Liburua idazten ari zinela, espero ez zenuen aurkikuntza bat egin duzu.

Jakin dut Maria birramona sendabelarrekin aritzen zela: Maria Lizaso. Aizarnako [Zestoa] baserritar batek kontatu zidan birramonarena. Ezkutuan ibiltzen zela, askotan gauez. Aizarnatik Aizarnazabalera [Gipuzkoa] oinez joaten zen, kandelatxo bat hartuta, poltsan behar zituen belarrak sartuta. Aitak esaten zidan aitonak belarren bat erabiltzen zuela, baina hitz erdika esaten zidan, eta birramonarenaz arrastorik ere ez neukan. Liburua birramonari eskaintzea erabaki nuen.

Jose Mari Urbieta Egañazpi pandero jotzailea zen haren semea, zure aitona...

Bai, hari buruzko liburuaz hizketan ari nintzela aipatu zidan baserritarrak birramonarena. Haren anaia bati bularra eman ziola entzuna nuen. Eta, pentsa! Aititaren jaiotetxearen gainean dagoen baserrian bizi gara orain.

lotsabako

Belar bat?
Gaur, basailena esango dut. Bihar beste bat esango nizuke.

Leku bat?
Erdoizta [Errezil, Gipuzkoa].

Liburu bat?
Gabriel Vazquez Molinak sendabelarrei buruz idatzitakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.