Hanka eta buru azkarrak izan ditu betidanik Amaia Lujanbio biologoak (Goizueta, Nafarroa, 1982). Korrika egitea zuen pasio, 20 urterekin, lesio baten eraginez, utzi behar izan zuen arte —haren esku dago oraindik ere Nafarroako gazte mailako markaren bat—. Ikastea gustatzen zitzaion, eta saiatuta eta ordu asko sartuta lortu du ikerketan jardutea eta laborategi propioa edukitzea New Yorkeko Mount Sinai ospitalearen Icahn Medikuntza fakultatean: Lujambio Laboratory. Gibeleko minbizia ikertzen du bertan. Hamar urte daramatza New Yorken, eta duela bost urtetik du laborategia.
Goizuetako euskara ederrean azaldu du bere lana, euskaraz hobeto aritu ezinak ernegatuta, bere egin duen ingelesezko hitzen batek edo bestek ihes eginda. Gabonak baliatu ditu etxera bueltatzeko; ez erabateko etena egiteko, ordea, New Yorkeko lanak ere egin baititu Iruñetik.
Gibeleko minbizian oinarritzen al duzue zuen ikerketa guztia?
Oraingoz bai. Gero, agian, hasiko gara beste zerbaitetan, baina lan handia dugu gibeleko minbizian.
Zergatik gibeleko minbizia?
Bi arrazoi daude. Alde batetik, oso garrantzitsua delako. Ia inork ez du hitz egiten gibeleko minbiziaz, baina minbizi mota hilgarrienen artean laugarrena da. Zerbait aurkituz edo lortuz gero, eragin handiagoa izan dezake. Bestetik, saguekin lan egiten dudalako, eta, nire ezagutzarekin, nahiko erraza delako saguetan gibeleko minbizia ikastea. Saguetan ongi ikasten baldin baduzu, abantaila duzu, aurkitzen duzunak eragina izan dezakeelako pertsonetan.
Gibeleko minbizia: 800.000 gaixo berri 2018an; ia 800.000 hildako. Minbizi hilgarrienen artean, hirugarrena edo laugarrena. Hala ere, ez da beste minbizi mota batzuk bezain ezaguna. Josep Maria Llovet ikertzailearen arabera, haren eragina handiagoa delako Asian, eta ez Mendebaldeko herrialdeetan. Ados?
Bai. Hori da arrazoietako bat. Bestea, gibeleko minbiziak estigma bat duela, zeren normalean gibeleko minbizia izaten dute hepatitisa edo zirrosia dutenek. Hepatitisa droga mendekotasunekin lotu izan da, eta zirrosia, berriz, alkoholikoekin. Gaur egun badira gibeleko minbizia eragiten duten beste arrazoi batzuk, obesitatea batez ere.
Gibeleko minbizia esaten dugu, baina, gibelekoaren kasuan are gehiago, gibeleko minbiziak esan beharko genuke.
Badira minbizi mota batzuk, biriketakoa esaterako, oso mutazio zehatzak dituztenak. Gaixo guztiek dauzkate mutazio berak edo bertsuak; baina gibeleko minbizian gaixoek dituzten mutazioak oso ezberdinak dira, oso paziente gutxik dute mutazio bera.
Tratamenduak, beraz, ezberdina izan beharko luke, ezta?
Bai. Laborategian medikuntza pertsonalizatua edo zehaztasunezkoa egiten ari gara, saguetan, gero gizakietara pasatzeko. Bidaia gaixoetan hasten dugu: gaixoen mutazioak aukeratzen ditugu, saguetan errepikatzen ditugu eta ahal dugun gehien ikasten dugu, gero gaixoetara bueltatzeko.
Saguak dira zuen laborategiaren altxorretako bat. Zuen sagu ereduek gibeleko minbizia duten gaixo multzoen aldaketa genetiko berak dituzte.
Saguetan berregiten ditugu gaixoen mutazioak. Sagu mota bakoitzak bi mutazio ditu. Gibeleko minbiziaren hamabost ereduko bilduma moduko bat daukagu, eta eredu bakoitza ikertzen ari gara. Sekulako lana da, baina ikasten ari gara saguetan ere mutazio ezberdinak baldin badituzte tumoreak ere ezberdinak direla, eta ezberdin erantzun dietela terapiei. Ohartu gara gaixoetan ere gauza berdintsuak gertatzen direla.
Ekainean artikulu bat argitaratu zenuten Cancer Discovery aldizkarian. Aurkitu duzue immunoterapiak ez duela eraginik gene jakin batean (CTNNB1) mutazio bat dutenengan.
Ikusi dugu bai saguek eta bai gaixoek mutazio jakin hori baldin badute immunitate sistemak ez duela tumorea antzematen, eta immunoterapiak ez duela eraginik. Gibeleko minbizia daukaten gaixoen %30ek dute mutazio hori. Orain badakigu sagu hori eredu ona dela pazienteen gaixotasuna ikasteko. Eredu hori erabiltzen ari gara terapiak-eta neurtzeko.
Ikerketa argitaratu eta gero, badakizue zer bidetatik jo?
Immunoterapia da gibeleko minbiziari aurre egiteko terapiarik onena, baina, onena izanda ere, gaixoen %20rentzat baino gutxiagorentzat da eraginkorra. Entsegu kliniko bat egin berri dute, immunoterapia botika batzuekin konbinatuz, eta ikusi dute eraginkorra dela gaixoen %30etan baino gehiagotan. Genentech konpainiak egin du entsegua, eta gu haiekin lanean ari gara. Tratamendu bera probatzen ari gara gure saguetan. Oso ondo funtzionatzen du, eta ongi ulertu nahi dugu zergatik funtzionatzen duen hain ondo. Gure sagu ereduak sinplifikatuak dira. Guk gauza bat ikusten dugu saguetan, baina beti izango da konplikatuagoa gaixoetan. Hala ere, zenbat eta gehiago ikasi saguetan, orduan eta hobeto ulertuko dugu gaixoekin zer gertatzen den.
Gaixoetara iritsi den zerbait saguetan kontrastatzen? Ohiko bidearen kontrakoa dirudi.
Ez. Immunoterapia sekulako iraultza da, bai gaixoentzat, bai konpainientzat. Oso garestia da eta milaka milioi dolar irabazten ari dira. Baina konpainiek badakite immunoterapia bakarrik ez dela nahikoa, eta konpainia bakoitzaren botikekin batera probatzen ari dira. Zuzenean probatzen ari dira gaixoetan, funtzionatzen baldin badu benetan zergatik funtzionatzen duen ulertu gabe. Zeren konbinazio on bat aurrena lortzen duena erreferentzia bihurtuko da, eta egina izango du negozioa. Gero ulertuko dute zergatia. Orain bide ezberdina hartu dute: aurrena gaixoetan probatzea, eta, funtzionatzen baldin badu, laborategira.
Immunoterapia gorputzaren berezko defentsa gaitasunean oinarritzen da. Baina minbizia duenerako, defentsa sistema horrek huts egin du.
Tumore bat baldin badaukazu, horrek esan nahi du ihes egin diola immunitate sistemari. Immunoterapiak sistema hori esnatu egiten du, tumorea deuseztatzeko.
Nola?
Estrategia ezberdinak daude. Gu ikertzen ari garenaren arabera, immunitate sistema tumorera joaten denean, tumoreak balazta moduko bat jar dezake, eta sistema geratu egiten da. Botika bat ikertzen ari gara, balazta hori kentzeko eta sistema guztia tumorearen kontra jartzeko.
Badira beste bide batzuk. Tumoretik immunitate sistemako zelulak ateratzea, laborategian haztea eta aktibatzea, eta berriz ere gaixoari sartzea. Hainbat abantaila ditu: gaixoaren zelulak dira, ez ditu errefusatuko, eta tumorearen zelula zehatzak dira,lo zeudenak, baina laborategian aktibatuak. Orduan gai dira tumoreari eraso egiteko.
Gibeleko minbizian ikasitakoa baliagarria izan daiteke beste minbizi batzuetarako?
Bai, eta alderantziz. Esaterako, ekainean argitaratutako artikuluan azaldutako gauza bera gertatzen da melanoman [azaleko minbizia gaiztoena], eta uste dut tumore gehiagotan ikusiko dela. Ezberdintasun asko daude minbizien artean, baina badaude ezaugarri berdintsuak ere.
Lujambio Laboratory. Zer sentitzen da?
Hasieran, harrotasun pixka bat, amets bat baitzen nire laborategia izatea. Baina berehala pasatzen zaizu. New Yorken jende asko, oso azkarra eta oso langilea. Halakoak ditut inguruan, eta harrotasuna azkar apaltzen da.
Ikerketen arduraduna izateaz gain, taldearen finantzaketaren arduraduna ere bazara?
Bai. Laborategi bat zuzentzea konpainia txiki bat izatearen parekoa da. Denetarik egin behar duzu: dirua lortu, aurrekontuak egin, jendea kontratatu, jendea kaleratu, proiektuak pentsatu, laborategian giro ona eduki... Ikerketa baino gehiago, lan administratiboa egiten dut.
Ikertzailea kudeatzaile?
Bai, baina ikertzailea zarenean, proiektu bat edo bi egiten dituzu; orain, ordea, sei ikertzaile finko ditut laborategian, bakoitzak proiektu bat edo bi egiten ditu, eta, beraz, hamar proiektutik gora daude nire ardurapean. Ez ditut nik egiten, baina, laborategiak eta ikerketa lerroak nik pentsatzen ditudanez, gehiago egiteko aukera daukat.
Nola lortzen duzu dirua? Nora jotzen duzu?
Fundazioetara edo AEBetako Gobernuaren Osasunaren Institutu Nazionalera. Dirua lortzeko aukera oso apala da, %10 ingurukoa. Orain arte nahiko zorte ona izan dut. Ondo pentsatu dut zeini eskatu, eta denbora hartu dut proiektuak idazteko. Diru nahikoa dugu ikerketa egiteko.
Laborategia bideragarria da epe ertainera?
Ustez etorkizun luzea izango du. Oraingoz dirua daukagu bost urterako. Ez du denbora asko ematen, baina nahikoa da. Laborategi askok urtetik urtera funtzionatzen dute.
Bueltatzeko asmorik bai?
Oraingoz ez. Orain sentitzen dut dena ongi funtzionatzen ari dela. Egia esan, ez dut gogorik beste leku batera joateko eta ia hutsetik hasteko.
Zientzia. Amaia Lujanbio. Gibeleko minbiziaren ikertzailea
«Ia inork ez du hitz egiten gibeleko minbiziaz»
Gibeleko minbizia duten gaixoen mutazioak berregiten dituzte saguetan, ikertzeko eta tratamenduak aurkitzen saiatzeko. Horretan ari da Lujanbio New Yorkeko Mount Sinai ospitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu