Pandemia jazo aurretik Bilbon egindako azken jaiak izan ziren inauteriak, eta, bi urte geroago, hiribilduak berreskuratuko dituen lehenak izango dira. Datozen larunbatean eta igandean, eta otsailaren 24tik martxoaren 1era bitarte, ia 50 jarduera egingo dituzte hiribilduko hainbat gunetan. Bilboko Jai Batzorde Mistoko ordezkariek goizean aurkeztu dute egitaraua udaletxean egindako prentsaurrekoan: batzordeko zuzendari eta udaleko Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotzi Itziar Urtasunek eta Bilboko Konpartsak Federazioko bozeramaile Ioritz Varonak eman dute xehetasunen berri. Halaber, Ibon Koteron albokariak eta Gemma Martinez aktoreak ere hartu dute parte agerraldian; hau da, aurtengo Farolin eta Zaranbolas, hurrenez hurren.
Aurtengo aratusteek betikoen antza izango dute, gutxi asko: pare bat ekintza bertan behera utzi dituzte, baina aurreko urteetako jarduera gehienak mantendu dituzte, formatu txikiagoan edota moldatuta. Ikastetxeen desfilea, txokolatada eta Gastrogunea ez dira egongo 2022an. Horien ordez, ikastetxeek mozorrotutako ikasleen argazkiak bidaltzeko aukera izango dute, beste modu batera ere parte hartu ahal izateko; eta merkatu bat antolatuko dute Albia lorategian otsailaren 26an, sukaldaritza jarduerarik gabekoa. Bestalde, egun bereko mozorro desfile eta lehiaketaren ibilbidea aldatu egin dute, jende pilaketak saihesteko: Diputazio kaletik abiatuko da, eta Plaza Biribiletik eta Areatzatik igaroko da. Mozorroetarako, Jai Batzorde Mistoak gai hau proposatu du: Txikitik handira. «Pandemia garaian gauza txikiak handi izan direlako», azaldu du Urtasunek.
Egitarau oparoa
Larunbat honetan egingo dira lehenengo jarduerak. 20:00etan, Aratusteetako Koplen lehiaketa egingo dute Kafe Antzokian, eta, ondoren, 22:00etan, Sutan taldeak kontzertua emango du. Igandean, 12:00etatik aurrera, Aratusteetako X. Torrada eta Pontxe lehiaketa egongo da Plaza Barrian.
Otsailaren 24an, osteguna, Zazpikaleak girotuko ditu Orkestra Elektrotxarangaren kalejirak, 20:00etatik aurrera. 25ean, ostirala, Farolin eta Zaranbolas epaituko dituzte, 19:00etatik aurrera. Larunbata izango da egunik garrantzitsuena, eta jarduera gehien izango dituena; besteak beste, ikastaroak eta Albia lorategiko merkatua egingo dituzte goizean, eta mozorroen lehiaketa, 16:00etatik aurrera. Horiez gain, Areatzan, Oinutsik erromeriak kontzertua emango du 17:15ean, eta Lekittoko Deabruak taldeak piroteknia eta albokarien ibilbide bat egingo du 19:30etik aurrera. 21:30ean, Bocabeats ikuskizuna hasiko da Plaza Barriko karpan.
Otsailaren 27an, igandea, Gaztedi dantza taldeak Zuberoako maskaradak eramango ditu Bilboko Plaza Barriko karpara, 18:30ean hasita. Astelehenean, Bilboko Udalaren Bandak eta DJ Xaiborrek kontzertua emango dute Plaza Barriko karpan, 12:30ean, eta, 17:00etan, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Bart, non ote nintzen ni? ikuskizuna izango da Campos antzokian. Asteartean, 12:30ean Bilboko Udal Txistulari bandak joko du Plaza Barriko karpan, 19:30ean kandelak banatuko dira toki berean, eta 20:00etan sardinaren erreketari ekingo diote Arriaga plazan, 2022ko aratusteei bukaera emateko.