Ia 50 jarduera Bilboko aratusteetan

Formatu txikiagoan edo moldatuta itzuliko dira aratusteak Bizkaiko hiriburura. Otsailaren 24tik martxoaren 1era ospatuko dituzte

MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Pandemia jazo aurretik Bilbon egindako azken jaiak izan ziren inauteriak, eta, bi urte geroago, hiribilduak berreskuratuko dituen lehenak izango dira. Datozen larunbatean eta igandean, eta otsailaren 24tik martxoaren 1era bitarte, ia 50 jarduera egingo dituzte hiribilduko hainbat gunetan. Bilboko Jai Batzorde Mistoko ordezkariek atzo goizean aurkeztu zuten egitaraua udaletxean egindako prentsaurrekoan: udaleko Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotzi Itziar Urtasunek eta Bilboko Konpartsak Federazioko bozeramaile Ioritz Varonak eman zuten xehetasunen berri. Halaber, Ibon Koteron albokariak eta Gemma Martinez aktoreak ere hartu zuten parte agerraldian; hau da, aurtengo Farolin eta Zaranbolas, hurrenez hurren.

Aurtengo aratusteek betikoen antza izango dute, gutxi-asko: pare bat ekintza bertan behera utzi dituzte, baina aurreko urteetako jarduera gehienak mantendu dituzte, formatu txikiagoan edota moldatuta. Ikastetxeen desfilea eta txokolate jatea eta Gastrogunea ez dira egongo 2022an. Horien ordez, ikastetxeek mozorrotutako ikasleen argazkiak bidaltzeko aukera izango dute, beste modu batera ere parte hartu ahal izateko; eta merkatu bat antolatuko dute Albia lorategian otsailaren 26an, sukaldaritza jarduerarik gabekoa. Bestalde, egun bereko mozorro desfile eta lehiaketaren ibilbidea aldatu egin dute, jendea pilatu ez dadin: Diputazio kaletik abiatuko da, eta Plaza Biribiletik eta Areatzatik igaroko da.

Egitarau oparoa

Larunbat honetan egingo dira lehenengo jarduerak. 20:00etan, Aratusteetako Koplen lehiaketa egingo dute Kafe Antzokian, eta, ondoren, 22:00etan, Sutan taldeak kontzertua emango du. Igandean, 12:00etan, Aratusteetako X. Torrada eta Pontxe lehiaketa abiatuko da Plaza Barrian.

Otsailaren 24an, osteguna, Zazpikaleak girotuko ditu Orkresta Elektrotxarangaren kalejirak, 20:00etan. Ostiralean, Farolin eta Zaranbolas epaituko dituzte, 19:00etatik aurrera. Larunbatean izango dira jarduera gehien. Besteak beste, ikastaroak eta Albia lorategiko merkatua egingo dituzte goizean, eta mozorroen lehiaketa, 16:00etatik aurrera. 17:15ean, Oinutsik erromeria arituko da Areatzan.

Igandean, Gaztedi dantza taldeak Zuberoako maskaradak eramango ditu Bilboko Plaza Barriko karpara, 18:30ean hasita. Astelehenean, Bilboko Udalaren Bandak eta DJ Xaiborrek kontzertua emango dute Plaza Barriko karpan, 12:30ean, eta, 17:00etan, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Bart, non ote nintzen ni? ikuskizuna izango da Campos antzokian. Asteartean, 20:00etan sardinaren erreketari ekingo diote Arriaga plazan, 2022ko aratusteei bukaera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.