Hutsunearen eraikuntzak

Euskadiko Arkitektura Institutuak 'Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz' erakusketa zabaldu du. Jokoaren bilakaera azaltzen dute arkitekturaren bidez, eta arkitekturarena jokoaren bidez: pilota soroetatik frontoietara.

4. Planoak. Hainbat plazaren adibideak daude jarrita, planoekin eta hiru dimentsiotan egindako maketekin. EUSKADIKO ARKITEKTURA INSTITUTUA.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hutsa, hutsunea eta espazioa. Horien bilaketa, bilakaera eta erabilera. Nahastu egiten dira denak pilotan eta nahastu denak arkitekturan. Jokoak kontrarioaren hutsa bilatzen duelako pilota hutsunean jarrita, eta arkitekturak espazioaren erabilera hutsunea baliatuta. Jorge Oteiza zenak frontoian topatu ei zuen hutsari buruzko bere ikusmolderik behinena, eta Euskadiko Arkitektura Institutuak pilotaren jardueran hutsunearen eraikuntzarik aberatsena.

Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz izeneko erakusketa paratu dute Donostian, institutuaren egoitzan, eta urriaren 1era arte egongo da zabalik. Daniel Carballo arkitekto doktore eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak komisariatu du, eta Carballok bere tesirako egindako ikerketa, eta Alberto Ustarroz eta Manuel Iñigez arkitektura irakasleen Plazas con frontón en Euskal Herria liburua daude erakusketaren oinarrian —Pamielak argitaratu du, eta apirilaren 18an aurkeztuko dute—.

Hainbat plazaren adibideak daude jarrita, planoekin eta hiru dimentsiotan egindako maketekin. Euskadiko Arkitektura Institutua

Jokoaren bilakaera eta arkitekturarena jarri dituzte elkar ekintzan: argazkiak, bideoak, planoak, maketak, postalak eta erremintak, besteak beste. «Izenek ere ematen dute gakoa: zer den pilotalekua eta zer den frontoia. Jendeak uste du frontoiak ikustera datorrela, baina, frontoiak ikusi arte, askoz gauza gehiago ikusten dituzte, ez dakizkitenak», iragarri du Arkitektura Institutuko koordinatzaile Martin Etxeberriak.

Hiru gune ditu erakusketak: ikus-entzunezko bat lehenengoan —David Argindar argazkilariaren Paretaren mintzoa lana duena oinarrian—, jokoaren, plazaren eta arkitekturaren elkar ekintza azaltzen duen erakusketa bigarrenean —Carballo komisarioaren ikerketa duena oinarrian—, eta frontoien zatia lantzen duena hirugarrenean —haien industrializazioa eta estandarizazioa dituena oinarrian—. Erakusketak planteatzen duen tesia, ikerlariak berak azalduta: «Espazio irekian, pilotaren jokoa inguruko arkitektura erabilgarria baliatuz joan zela. Horrek bilakaera progresiboa ekarri zuen, bai jokoaren modalitateetan, bai elementu arkitektonikoetan. Izan ere, elementu horiek jokoaren parte bihurtu eta modalitate berrietara egokitu ziren. Hala, herrigunearen diseinuak jokoaren beharrei erantzungo lieke, bertan zuen ezarpen mailaren arabera».

Tomas Hernandezenak dira marrazkiak. Euskadiko Arkitektura Institutua

 

Harresietako jokoa

Adibideekin azaltzen du ezarpen maila hori —«graduak» deitzen die Carballok horiei—. Zero graduan leudeke, esaterako, pilota soroak: «Ez dago arkitekturaren erreferentziarik, pilota jokoak jatorrian ez baitu paretaren beharrik. Eta hori esanguratsua da», azaldu du ikerlariak. Talde batek beste baten kontra jokatzen du, ermita baten ondoan edo soropil batean, eta Europa osoan dago jokamolde hori hedatuta. Zein da orduan orduko euskal pilotaren berezitasuna? «Errotu eta eraldatu egiten dela hemen. Eta hasten dira pilotarako lekuei buruzko erreferentziak agertzen 1.700 inguruan, harresietako planoetan, plano militarretan».

Eta hor dator gradu aldaketa: «Herrietara pasatu zen jokoa. Arkitekturarekin erlazionatzen hasi zen pilota, baina arkitektura hori ez dago oraindik jokorako egokitua: jokoa da arkitekturara egokitzen dena». Ederki ikusten da hori Hondarribiko (Gipuzkoa) harresian grabatutako joko zuzeneko partidaren irudietan.

Baina sofistikatzen hasi zen jokoa. Teknologiaren bilakaera dela, eraikuntzaz osatutako ingurune batean finkatzea dela, elementu arkitektonikoak hasten dira jokoan txertatzen. Eskularruz jokatutako bote luzearen bilakaera da horren adibide, eta hurrengo gradu aldaketaren eredu. «Pilota urrunago jaurti daiteke goantea erreminta gisa erabilita, eta horrek aukera ematen du plaza osatzen duten eraikinetan edo hormetan errebotea egiteko. Jokoa bera aldez aurretik eraikitako elementu arkitektoniko batez baliatzen da: eliza bateko horma edo plaza baten amaierako etxearen aurrealdea, esaterako. Ipar Euskal Herrian badaude oraindik adibide asko».

Erraketistei buruzko aipamenak ere badaude erakusketan. Jagoba Manterola / Foku

 

Gainera, askotan, elementu horiek eraldatu egiten dituzte, eta eraikitako ingurunean esku hartzen dute, jokoa bera errazteko: haien gainean marrak ipinita, txapa bat jarrita, lauzak aldatuta, edo altuera handiagoa emanda. Sortzen dira modalitate berriak: besteak beste, errebotea.

Eta sortzen da iraultza, eta aldaketa erabatekoa: plekako jokoa. «Aita Larramendik bere liburuan dio pleka jokatzea dela bote luzeko jokalariek berotzerakoan egiten zuten ariketa: paretaren kontra jokatzea. Baina ariketa sinple horrek sekulako interesa sortu zuen, eta buruz buruko lehiak hasi ziren. Eta hasi ziren debekuak: 'Hemen lehentasuna errebote jokoak dauka, plekakoaren aurretik'. Plekako jokoa molestatzen hasi zen. Joko zikina dela zioten, bizkarra ematen zitzaiola kontrarioari, eta bizkarra jendeari. Ez zirela kontrarioak aurrez aurre ikusten. Hitz batean: orduan sortu ziren puristak», dio Carballok, irribarre batekin.

Baina sekulako arrakasta lortu zuen jokoak. Norgehiagokak hasi ziren, eta apustuak. Denek nahi zituzten Eibarko Txikito eta enparauen desafioak ikusi. Ondorioa: plazak eraldatzen hasi zirela, eta zeharo aldatu zela espazioa. Eremuaren neurriak laburtu egin zituzten, hormei altuera handiagoa eman, eta frontoiak sortzen hasi. Carballok dio Ategorrietako (Donostia) Jai Alaia izan zela pilotari profesionalentzako lehen azpiegitura, Lucio Gonzalez enpresariaren eskutik.

Etxeberria koordinatzaileak gordin azaldu du aldaketa: «Espazio publikoak zirenak toki itxi bihurtu ziren. Jada ez dira tipologia urbanistiko bat, baizik eta tipologia arkitektoniko bat, bere horretan. Industrializazioa, apustua, pilota kirol bihurtzea, dirua, negozio eredua... Jada ez dituzte udalek eraikitzen, baizik eta enpresariek. Edukiera eta sarrera: dirua irabaztea da helburua».

Arkitektura aldetik, espazioa jada «kristalizatu» egin zela dio Etxeberriak. «Espazio hori bihurtu zen kanon, eta arkitektonikoki garatu zen bakarra harmaila zen, horrek baitu interesik handiena. Hasieran txikia, eta geroz eta teknologia garatuagoa, harmaila handiagoa, diru gehiago egiteko. Estali egin ziren egun gehiagotan erabiltzeko. Logika aldatu egin zen: ez da jokoaren logika; negozioaren logika da».

Erakusketako hirugarren eta azken zatian dago azalduta frontoi industrial horien sorrera, bilakaera, eta espazio hutsaren erabilera: neurriak, edukiera, eraikuntzarako planoak, eta pilota profesionaleko erremintak. Hara sartu aurretik, ordea, Baigorriko (Nafarroa Beherea) plazaren erreplika moduko bat dago jarrita, baliatu dutena, besteak beste, botaharrien berri emateko, xaxarien lana azaltzeko, eta Baigorriko plazan oraindik ere arraiak egiteko haritzaren adar hostodunak erabiltzen dituztela esplikatzeko.

Pilota jokorako erremintak ere badaude ikusgai. Argazkian, goante bat. Euskadiko Arkitektura Institutua

Erakusten dituzte, planoen eta maketen bidez, hainbat pilota plaza frontoidun: Guardiakoa (Araba), Otxandiokoa (Bizkaia), Aizarnakoa (Zestoa, Gipuzkoa), Urrotzekoa (Nafarroa) eta Sarakoa (Lapurdi). Ondareari eusteko ahalegin egokien ereduak dira. Erakusketaren helburua badelako «ohartze ariketa bat» ere, Carballok azaldu duenez: «Aztertzen duguna da jarduera publikoak izan direnek zer ondare sortzen duten. Eta alde horretatik, dudarik gabe, ondare gehien sortu duena da pilota jokoa. Eraikinak bai, baina espazio publikoan sortu duten ondarea ere bai. Hainbat adibide dauzkagu lurralde guztietan, eta herriek askotan ez dute hor ondarerik ikusten. Aprobetxatu ezin duten espazio huts gisa ikusten dute pilota plaza hori, eta ez da horrela».

Hutsunea ere izan baitaiteke eraikuntza eder bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.