Hutsunea oroitzapenez betez

Bilbok Aste Nagusia ospatzen behar luke orain. Baina aurten ere, iaz bezala, ez da horrelakorik gertatuko: ez da ohiko jairik egongo. Jaiak jai zirenean bizi izandakoak gogoratu dituzte Ilaski Serrano kazetariak, Lurdes Luke txupinerak, Oihana Bartra bertsolariak eta Iraia Iturregi entrenatzaileak.

Lurdes Luke. 2002an txupinera izan zenean Bilboko Konpartsek ikurrinari egindako omenalidan, txupina jaurtitzen, Marijaia atzean duela. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aurten ez dago jairik. Behin eta berriz esan dute instituzio publikoetako arduradunek, eta Bilbon dagoen —edo ez dagoen— giroak gauza bera adierazten du. Ekitaldiren bat egongo da, baina horiek ez dira bilbotarrek —eta bilbotarrak ez direnek— gogoan dituzten festak, eta ezinezkoa da oroitzapenak alde batera uztea. Norberarenak gogora ekartzeaz gain, badago besteen bizipenen berri izatea ere, kuxkuxero sena aterata. Bereziki, Aste Nagusia gertutik eta modu berezian bizi dutenenak; dela txupinera edo pregoilari izan direlako, jaien berri ematen dutelako edo norbere hiriko jaietan lana egitea tokatzen zaielako.

Bi urte igaro dira azken Aste Nagusitik, baina askok haren zaporea dasta dezakete oraindik. Oihana Bartra bertsolariak (Bilbo, 1984), esaterako: «Agian apur bat idealizatuta dauzkagu lehengo parrandak. Baina oso oroitzapen ona daukat; konpartsan giro ona egon zen, eta gauza asko egin genituen». Momentu xelebreren bat ere bizi izan zuen Bartrak: «Argazki bat atera genuen kalean DJ Bullekin, lurrean jesarrita traineru moduko bat eginda. Holako momentu asko dauzkat gordeta Aste Nagusi horretatik».

Antzeko zerbait gertatzen zaio Ilaski Serrano EITBko kazetariari (Bermeo, Bizkaia, 1976). Aste Nagusiko saio berezia aurkezteaz arduratzen da Agus Ezenarrorekin batera, baina disfrutatzeko tartea ere izaten dute. Ezin hobeto gogoratzen ditu 2019ko jaiak: «Ia egunero irteten ginen. Programa amaitu, elkarri begiratu, eta esaten genuen: bueno, bueltatxo bat emango dugu». Kontzientzia lasai geratu zitzaien: «Oso ondo aprobetxatu genuen».

Lurdes Luke Satorrak konpartsako kide eta 2002ko txupinera betidanik egon da festei lotuta: «Pena ematen dit berriz ere Aste Nagusirik ez egoteak».

Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaile eta 2013ko pregoilariak (Loiu, Bizkaia, 1985) lanean ematen ditu jaiak. Hala ere, badauka gogoa jaiak berriz egin daitezen. «Ea laster daukagun aukera jai normal batzuk bizitzeko; merezi dugu».

Bilbotarra izanik, Bartrak umetatik bizi izan ditu jaiak gertutik: «Txikitan plana zen barraketara joatea, su festak ikustea, kale antzerkiak, eta abar». Lagunekin irteten hasi zenean, batez ere gauez ateratzen ziren: «Txosnetan ibili, parranda apur bat egin...». Bestelakoa da Lurdes Lukeren kasua. Amak Bilboko Konpartsen sorreran parte hartu zuen; beraz, txikitan konpartsa inguruan igarotzen zituen jaiak. Hazitakoan, lagunekin ibiltzen bazen ere, konpartsa zuen erreferentzia puntu: «Hara joaten nintzen denerako: amari beranduago helduko nintzela esateko, nebekin etxera itzultzeko, afariaren bila...».

Serrano, Bilbokoa ez bada ere, txikitatik etorri izan da Aste Nagusira: «Bizkaian badago ohitura herrietatik Bilbora joatekoa. Herri guztietakoak biltzen ginen». Haurra zenean Arriaga aurrean jartzen zuten Gargantua gustatzen zitzaion, baina ez hori bakarrik: «Marijaia erretzen duten unea asko gustatu izan zait umetatik». Egun ere emozioz bizi du: «Badauka zerbait tristetik, baina politetik ere bai». Gaztetxoa zenean, lagunekin etortzen zen: «Goiz itzuli behar izaten ginen, baina gero gaupasa ederrak eginikoak gara. 18 urte ingururekin ezinbesteko plaza zen guretzat». Topaleku gisa ikusten du: «Gaztea zarenean herrian egiten duzu bizitza osoa, baina gero hasten zara unibertsitatean, lanean... Bilboko Aste Nagusia beti izan da urte osoan ikusten ez duzun jendearekin egoteko topaleku bat». Iturregi ere etortzen zen familiarekin batera: «Gogoan dut txikitan su festak ikusten genituela egunero Artxandan, eta barraketan ere ibiltzen ginen». Lagunekin ere etortzen zen: «Txosnetan eta Plaza Barrian ibiltzen ginen». Serranorekin bat eginez, uste du jaiak ez direla bilbotarrenak soilik: «Bizkaitar guztientzat bereziak dira».

Konpartsetan hasi zenean bestelako planak egiten hasi zen Oihana Bartra: «Konpartsakide gisa, beste modu batera bizi izan ditut jaiak; Aste Nagusia ia hiru asteko zerbait bilakatzen da». Izan ere, pare bat aste lehenago hasten da muntaketa, eta ondoren, muntatutakoa desmuntatu behar da. Gainera, konpartsek egun osoko egitaraua antolatzen dute: «Urtero esaten dugu gauza bera, ez dakigula gure gorputzek nola aguantatzen duten. Zaila da dena batera egin eta lo apur bat egitea». Lukerentzat are luzeagoa da: «Antolakuntzan ia urte osoa ematen dugu». 18 urte ingururekin hasi zen Satorrak konpartsan, eta ordutik han ematen ditu Bilboko jaiak: «Ia-ia abandonatu egiten dut familia: konpartsan egoten gara jaien hasieratik bukaerara». Aste Nagusian bete-betean sartzen da Luke, lana eta jaia nahasten bazaizkio ere.

Lana ere bai

Antzekoa gertatzen zaio Bartrari. Aste Nagusian bertsolaritzari tartea egin behar izaten dio. Berezia da, baina dena ez da positiboa: «Batzuetan marroia da, ez dakizulako bezperan zein konplikazio suertatuko zaizun». Ilaski Serranori lana egitea tokatzen zaio festetan, baina ondo pasatzeko tartea ere izaten du: «Lanean egon arren, irteten gara; giroa ikusten dugu, eta bertan egoten gara». Lana Aste Nagusian bertan egiten duenez, ez dio erabat mugatzen jaiak bizitzea: «Goizetako giroa bizitzen dugu, baita poteoa ere. Arratsaldean, lana egiten dugu, eta ordu horiek dira galtzen ditugunak. Baina beste guztia egiten dugu». Hala ere, Euskal Herrian ezaguna izanda, umore onez atera beharra dago: «Jendea giro onean egoten da, eta oso atsegina izaten da. Egia da umorerik ez badaukazu hobe dela ez agertzea han». Serranori gustatzen zaio jendearekin harremana izatea: «Gozamena da jendearekin egotea». Egungo osasun egoera dela-eta, hutsune hori sumatzen du: «Pandemian ikasi dugu, baita ere, zein ederra den jende berria ezagutzea, zenbat behar dugun lagunekin bakarrik ez, ezezagunekin ere egotea».

Iturregiri lanbideak ez dio utzi jaiez asko disfrutatzen: «Futbolaria izanda, ez ditut asko bizi izan. Denboraldiaurrean izaten dira, eta gehienez egun batean irten zaitezke». Hala ere, tartea egin izan dio Aste Nagusiari: «Irteten nintzen lagunekin edo jokalariekin hurrengo egunean libre genuenean». 2013an, ordea, Iturregik izan zuen aukera Aste Nagusia gertutik ezagutzeko: «Benetan bizi izan nituen jaiak pregoilari izan nintzenean». Harrituta geratu zen: «Jendeak uste du Bilboko jaiak txosnak eta gaueko parranda bakarrik direla, eta izugarria da nolako giroa dagoen eta zenbat jarduera dauden». Argi zuen pregoilari izan behar bazuen ahalik eta jarduera gehienetan egongo zela: «Hotel batean geratu nintzen, denera heltzeko. Nik uste ehuneko ehunean egon behar duzula, bizitzan behin baino ez daukazulako aukera hori».

Ezin hobeto gogoratzen du Iñigo Juaristi orduko entrenatzaileak berria eman zion unea: «Deitu zidan, eta hasieran pentsatu nuen broma bat zela, baina konturatu nintzen informazio gehiegi zeukala». Ez zen txantxetan ari: «Esan zidan klubarentzat garrantzitsua zela emakumezko jokalari bat pregoilari izatea, eta ea prest nengoen». Ohore handiz bete zuen mandatua. Taldean tradizioa sortzeko balio izan zuen: «Ordutik urtero egiten dute jokalariek afari bat konpartsetan».

Lurdes Lukerentzat ere hunkigarria izan zen txupinera izateko aukeratu zuten unea. 2002an izan zen, baina atzo balitz bezala gogoratzen du: «Bazirudien denek zutela argi nik izan behar nuela txupinera; ez nuen espero». Asko hunkitu zuen konpartsakideek urteetan egindako lana horrela aitortu nahi izateak.

Lukek dio txupinera oso pertsonaia maitatua dela Aste Nagusian, eta horrela sentitu zela: «Etxetik atera, eta kalean aurkitzen nuen kuadrilla batekin gosaltzen nuen, laguna banintz bezala, eta horrela egun osoan». Iturregik bezala, jarduera guztietan parte hartu nahi izan zuen: «Bizitzan behin baino ez zara txupinera». Merezitako atsedena behar izan zuen gero: «Lau ordu inguru egiten nuen lo; gero, astebeteko atsedena behar izan nuen».

Bakarra munduan

Marijaia, konpartsak... Badaude hainbat elementu Bilboko festak berezi egiten dituztenak. Serranorentzat, topalekua dira: «Belaunaldi desberdinetako herritarrak eta denetarikoak batzen dira, nire ustez, beste hiriburuetan baino era ikusgarriagoan». Aste Nagusiaren eskaintza zabala nabarmendu du Iturregik: «Mundu guztia hartzen du eskuak zabalik, arrazari, generoari edo adinari erreparatu gabe».

Bartrak argi dauka Bilboko Konpartsak direla bereizgarria: «Konpartsa barik Aste Nagusiaren egungo eredua ez litzateke posible izango». Ados agertu da Luke, eta Marijaiaren garrantzia azpimarratu du: «Erreferentea da; denok lotzen dugu Aste Nagusiarekin». Urtero agertzen da Marijaia Arriagako balkoian, eta urtero alde egiten du, errauts bihurtuta, ibaian behera. Serranorentzat, ekitaldi hunkigarria da: «Amaitu da; ederto pasatu dugu, eta bukatu da, baina etorriko da berriro». Bi urte daramatza itzuli gabe. Bitartean, oroitzapenez bete beharko da Aste Nagusiaren hutsunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.