EUSKARAZKO TELESAILEK 30 URTE (I): LEHENA, 'HAU DA A.U.'

Hura zen hura umorea

ETBk euskarazko lehen telesaila estreinatu zuela 30 urte beteko dira bihar. Elena Iruretak eta Aizpea Goenagak sortu zuten 'Hau da A.U.'; fikzioa benetako emanaldiekin uztartzen zen.

Elena Irureta eta Aizpea Goenaga asteon, Andoainen, Hau da A.U. telesaileko atal bat ikusten. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Artisten agentzia bat sortu zuten Rosek (Aizpea Goenaga) eta Sagrariok (Elena Irureta), baina ez nolanahikoa: Artisten Utopia (A.U). Handik pasatzen zena edozer egiteko konbentzitzen zuten: kantatu, dantzatu, aktore lana egin, magia edo auskalo zer. Hura zen Hau da A.U. Hura zen umorea euskarazko telesailen historiako aurreneko lanean. Bihar beteko dira 30 urte ETB1ek Hau da A.U. estreinatu zuela. Barre algara artean ikusi dituzte Iruretak eta Goenagak orduko irudiak —30 urtean ikusi gabekoak ziren, eta hasi dira gogoratzen gazte garaitan bizitako esperientzia.



Telesailari ekin aurretik, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin esketx batzuk eginak zituzten Iruretak eta Goenagak. ETBk saio baterako erronka jarri zien, eta bien artean idazten zituzten gidoiak, zuzentzen zuten saioa eta jokatzen zituzten pertsonaia nagusiak. «Bi emakume gazte ginen, oso ausartak. Eta aukera eman zigutenean, aurrera egin genuen. Batere beldurrik gabe egiten genituen gauzak», oroitu du Iruretak.

Asteroko dinamika ez zen makala. Goenagak gogoan du: «Denak genbiltzan erotuta. Produkziokoek ere sekulako lana egiten zuten». Atalak aurrera eramateko —24 egin zituzten—, hala ibiltzen ziren: asteburuan, idatzi; astelehenean, bilera; asteartean, probak eta entseguak; asteazkenean, entsegu orokorra; eta ostegunean, grabaketak. Baina «oso giro ona» zutela nabarmendu dute biek, «kimika oso ona» zegoela lantaldean.

Aktore taldean, Kike Amonarrizek agentziako idazkariarena egiten zuen. Han zebilen Loli Astoreka ere. Eta Patxi Gonzalez, ordura arte aktore lanik egin gabe zela. Aktore zuzendaria Eneko Olasagasti zen; eta zuzendari laguntzailea, Telmo Esnal. Iruretak gogoratu du Ikuskin ekoiztetxekoek asko laguntzen zietela, tartean zen Juanjo Landa ekoizlea.

Euskarazko lehen telesail hark formatu berezia zuen. Goenagak hala azaldu du: «Beti zeuden fikziozko istorio batzuk, gatazka eta gorabehera batzuk artisten agentzian. Agentziak talentu berriak bilatu behar zituen. Eta, horrez gain, askotariko emankizunak zeuden. Disparateak egiten genituen, jende guztia mugan jarriz». Iruretak oroitzapen politak ditu: «Jendea saiora eramatea ez zen oso erraza. Diru gutxi genuen, eta ideia asko. Baina herri guztietako jendea eramaten genuen». Zumaiako (Gipuzkoa) jubilatuen abesbatza, adibidez, We Are the World, We Are the Children kantatzen jarri zuten. «Zein ondo pasatzen genuen gauza horiekin. Telesaileko musikariekin ere gauza asko prestatzen genituen, denak prest zeuden. Kontu xelebreak ateratzen ziren». Goenagari iruditzen zaio formatu hori ez dela berriro ETBn errepikatu.

Generoa eta euskalkiak

Euskarazko lehen telesaila izateaz gain, Hau da A.U.-k bazituen garairako berezitasunak. Genero ikuspegitik, bi andre azaltzen ziren enpresa bateko buru. «Gaur egun ez da ikusten telesail hartan generoak zuen ikuspegia», adierazi du Goenagak. Bi emakumek idatzia eta zuzendua zen telesaila, gainera.

Bestetik, ahalegindu ziren elkarrizketetan euskalkiak sartzen. «Ordura arte, euskara batuaren alde egin zuen apustu ETBk. Ahozkotasunak garrantzi handia zeukan gure telesailean: hizkuntza bizia eta euskalkiak erabiltzea», oroitu du Goenagak.

Dena den, aitortu dute zaila zela «baldintza haietan» luzaroan irautea. Iruretaren arabera, ideiak agortu egiten zitzaizkien. «Atal gehiago eskatu zizkiguten ETBtik, baina ez genekien zer gehiago asmatu». Goenagak ere ez du damurik 24. atalarekin amaitu zutelako. «Pertsonaia horiek egin genituen, eta bukatu zenean, bukatu zen. Gero, beti zerbait berria egin nahi genuen».

1992an, Beni eta Marini umorezko telesaila idatzi eta zuzendu zuten Iruretak eta Goenagak. Eta iritsi ziren gehiago ere, artisten utopiaren irudimenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.