I. Zortziko Txiki Txapelketako antolatzailea

Joseba Sololuze: «Ikusten genuen zortziko txikia nahitaez lotzen zitzaiola umoreari»

Berrikuntza betean, I. Zortziko Txiki Txapelketa jokatu zuten ekainean. Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Josune Aramendi aritu ziren kantuan; Ibarzabalek jantzi zuen txapela.

Joseba Sololuze San Joan ermitan, txapelketaren lekuan.GORKA RUBIO / FOKU
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Bertsolaritzak aldaketa nabarmenak izan ditu urteotan guztiotan: kantakera eta kantalekuak hagitz bertzelakoak dira gaur. Heldu den aste hau ere bada horren adierazle. Ortzegunean errezital poetiko-bertso-performatibo irakurria eta ikus-entzutekoa dago Usurbilen (Gipuzkoa). Zornotzan (Bizkaia), egun berean, hitano tailerra eginen dute bertso saioa laguntzeko. Sagardotegietatik eta herriko plazetatik kanpo badirela saioak, alegia. Bide berri bat ireki zuten Amallon (Markina-Xemein, Bizkaia) ere, joan den ekainaren 22an: I. Zortziko Txiki Txapelketa. Joseba Sololuze (Markina-Xemein, 1985) aritu zen antolatzen. 

Nola sortu zen ideia?

Amallon, lehen, Goizaldeko Bertsolarien Txapelketa egiten zen, tabernako bertsolariekin-eta, parrandan bertsotan ibiltzen zirenekin. 25 bat urtez iraun zuen. Gero jendea lotsatzen hasi zen, eta jende faltan egoten ginen. Orduan, txapelketa hori egiteari utzi genion, eta 2019an kopla txapelketa antolatu genuen; baina guk zerbait bereziagoa nahi genuen Amallorentzat. 

Sagardotegietako zortziko txikiaren eredua da?

Denetarik dago, baina guk ikusten genuen zortziko txikia nahitaez lotzen zitzaiola umoreari, eta hortik harago doinu asko zeudela. Zortziko txikiari beste erabilera asko eman dakizkioke, eta hori probatu egin nahi genuen: aukera aprobetxatu. Ofizio batzuk serio eta beste batzuk bakarka; zergatik ez egin zortziko txikian? Dena egin daiteke txikian.

Bertsolaritza berriaren isla da, beraz?

Ez dakit hala deitu dakiokeen, baina bai, horretan ahalegindu gara behintzat. Amallo beti izan da bertsozalea, baina aldatu egin da; garai berrietara egokitu da. Guk gaiak, formatuak eta ariketak aldatuz bertso eskolako kideekin egiten ari garen bidea erakutsi nahi genuen, ez atzerako biderik. Amallo auzo txikia da, eta, batzuetan, ematen du herri kirolak, dantzak eta mezak soilik sartzen direla. Hortik ateratzen ahalegindu gara, hein batean.

Nondik kantatzen da zortziko txiki txapelketa bat?

Hori bertsolariek jakinen dute nik baino hobeto. Gu, dena dela, talde sentsazioa sortzen saiatu gara. Niretzat, garrantzitsua zen taldean egotea eta gustura kantatzea, konfiantzan. 

Zertan bereizten dira ohiko txapelketa eta zortziko txikiarena?

Guk txapelketa bat egin genuen, bai, baina jai giroan. Ohiko txapelketatik urruntzen saiatu ginen, eta ohiko plazako saio baten zentzua ematen. Esaterako, ez zuten denek bertso kopuru bera kantatu, eta ez ziren atalka aritu. Txapelketatik ere bazeukan zerbait, noski, epaileak-eta han zeudelako. 

Zein urtaro da zortziko txikia?

Udaberria.

Nola aukeratu zenituzten bertsolariak?

Nahiko naturala izan zen. Guztiok ezagutzen dugu elkar, batzuekin bertso eskolan aritzen naiz, eta bertzeak ere hurbilekoak dira; etxekoak. Talde ona osatzen zuten eta konfiantza genuen. 

Zer, nola eta nondik epaitu zuten?

Bertso bakoitza epaitzeaz gain, ariketaren batezbesteko bat egiten zuten. Hau da, bertsoaldia bera epaitzen zuten, ez bertsoa. Ariketa kopurua bera zen guztientzat.

Ia hilabete pasatu da: zer sentipen duzu?

Sentsazio ona, erabat. Lehendabiziko bi ariketetan pentsatzen nuen ez ginela asmatzen ari, jendeari kosta egin zitzaion txaloka hastea. Baina gero dena ondo joan zen, eta sentsazio oso ona utzi digu. 

Erantzun ona, beraz?

Bai, jarrera oso ona izan zuten: aurpegi onak eta barre algarak. Hirugarren ariketatik aurrera txalo asko egin zuten, eta hartu-eman handia zegoen bertsolarien eta ikusleen artean. 

Berriz eginen duzue?

Jarraipena eman nahi diogu, bai. Uste dut bertsolarientzat ere plaza ona dela. 

LOTSABAKO

Habanera edo hamarreko handia?
Habanera.

Txapelketa edo herriko plazako saioa?
Bertso afaria.

Kantatu edo entzun?
Entzun.

Bertsolari bat?
Nerea Ibarzabal.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.