Jaiak. Lesakako sanferminak

Kaskabiloarena

Lesakako ezpata dantzariak egun osoan arituko dira dantzan gaur, Plaza Zaharreko izkinatik hasi eta plaza barrenean bukatu arte.

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Goizeko zortzietako kanpaiei bertze hots bat gehituko zaie gaur: kaskabiloarena. Hamabortz gorputz dira, 30 hanka guztira. Hanka bakoitzeko auskalo zenbat kaskabilo. 

Ez dago argi Gipuzkoako dantzekin edo udako solstizioko ospakizunekin duen harremanik estuena, batzuekin eta bertzeekin baititu antzekotasunak. 

Ezpata dantzari bakoitza zinta zuri-gorriz apaindutako makilez lotzen zaio aitzineko —eta gibeleko— dantzariari, eta makila gurutzeak behin eta berriz eginez osatzen dute eguneko ibilbidea: elizara, Plaza Zaharrera, zubira... 

Lesakako ezpatadantzarien entsegua. FOKU
Lesakako ezpatadantzarien entsegua. FOKU

Buruan txapela gorria jantzita ateratzen dira, nahiz eta makila gurutze bakoitzeko bururen bat edo bertze txapelik gabe geratzen den. Ikusleren batek jarriko dio berriz. Espartina zuri-gorriak oinetan, eta eskapularioa bularraldean nahiz bizkarraldean. Norberak aukeratzen du zer itxura izanen duen bere eskapularioak: batzuek berria prestatzen dute; bertzeek, familiako norbaitena berrerabili. Urte anitzeko kontua da eta. 

Makila gurutzeen jokoa sarritan egiten duten arren, hamabortzeko taldeak dantza anitz dantzatzen ditu: zeharkakoa, zubigainekoa, zantzo monona, esku dantza, aurreskua, jota eta porrusalda. Eguna bi zatitan banatzen da, eta, beraz, dantzak ere bai: goizekoak eta arratsaldekoak. 

Goizean, zubigainekoa eta zeharkakoa dantzatzen dituzte, txistulari taldearen eta musika bandaren erritmoan. Bazkalondoan, berriz, gainerakoak. Arratsaldeko saioan, neska talde bat gehituko da saiora, eta elkarrekin eginen dute dantza. 

Zubi gainean

Uztailaren 7an dantza anitz ikus badaitezke ere, zubigainekoa da ikusle gehien biltzen duena. Ikusleak txaloka eta txistuka hasten dira kaskabilo hotsak entzun bezain laster, eta dantzariak ilararen hurrenkeran igotzen dira zubi gainera, banan-banan. 

2019. urtera arte ez zen emakumezkorik igo zubira, orduan atera ziren-eta estreinakoz lehenbiziko hiru emakumezko ezpata dantzariak: Alaitz Etxabide Etxeberria, Leire Pastor Ordoki eta Maddi Taberna Etxeberria. «Nik entseguak txistulari moduan bizitzen nituen, baina, behin hamabortzekoa osatzeko jendea falta zenez, hutsunea betetzera sartu nintzen», oroitu du Etxabidek. Egun horretan ikuspegia aldatu zitzaion: «Dantzatzeko izugarrizko gogoa sartu zitzaidan». Aurtengo taldean ere bada emakumezko bat: Maddi Ane Txoperena Iribarren; lehengo urtean atera zen lehendabizikoz. 

«Nik entseguak txistulari moduan bizitzen nituen, baina, behin hamabortzekoa osatzeko jendea falta zenez, hutsunea betetzera sartu nintzen»

ALAITZ ETXABIDE Lehenengo hiru emakumezko ezpata dantzarietako bat

Uztailaren 7an dantzariz jantzi ahal izateko, dena den, urte batzuk pasatu behar dira entseatzen. Ez da hasieratik jakiten bakoitzak zenbat urte emanen dituen entseatzen, dantzari batek dantzatzeari uzten dionean sartuko baita bertzea. Bitartean, ekaineko lehendabiziko egunetan hasita, gutxi gorabehera, astean bitan entseatzen dute, dantza guztiak ongi ikasteko sanferminak ailegatzerako. Azkeneko astean, dantzariak herrira jaisten dira, eta zubian egiten dute entsegua.

Bertso saioa plazan

San Fermin egunean dantzak agintzen badu ere, bada horretaz bertzelako ekitaldirik egitarauan. Arrano elkarteak antolatuta, bertso saioa eginen dute 19:00etan, plazan. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jone Uria, Josu Sanjurjo eta Kattin Madariaga arituko dira kantuan, Ekhiñe Zapiainek gaiak jarrita. 

Saioa bukatzen denean, 21:00etan, larrain dantzak hasiko dira Plaza Zaharrean bertan, Lesakako Gaiteroekin. Azkenik, Eztitan erromeria taldeak girotuko du gaua, gauerditik aitzinera. 

Plaza Zaharretik pixka bat aitzinago, txosnagunean, bertze egitarau bat izanen da: Fermintxo Rock. 21:00etan, Mogumbo Brass Band taldea ariko da, eta 22:00etan, Zarata. Horren ondotik eta bukatzeko, Ganibet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.