Hormek oroitzen dute

Otxandioko Udalak Luzia Urigoitia etakidea omentzeko egindako horma irudia ezabatzeko eskatu dute maiz, baina uko egin zaio beti. Auzitegiek zer erabakiko zain daude orain, ordea.

Luzia Urigoitiaren omenezko murala, prentsako tituluekin osatua, Otxandion (Bizkaia). RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Otxandio
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Otxandioko herria (Bizkaia) zeharkatzen duen errepidea hartuz gero, egurrezko autobus geltokiaren atzean, artategiko pareta guztia hartzen duen mural bat ikus daiteke. Murala egunkarietako zazpi tituluk osatzen dute; guztiak Luzia Urigoitia Lutxi (1959-1987) ETAko kidearen hilketaren ingurukoak dira: «Hildako etakideak garondoan jaso zuen tiroa, oso hurbiletik», «Guardia Zibilak Urigoitiaren hilketaren frogak faltsutu zituen, epaileak esku har ez zezan» eta «Epaileak Urigoitiaren kasua itxi du froga faltagatik», besteak beste. Urigoitiaren heriotza argitu gabeko kasu bat da, eta kasua auzibidean dagoela salatzeko margotu zuten pareta, 2017an. Baina ezabatua izateko mehatxua du aspaldidanik; izan ere, hainbat aldiz saiatu dira kentzen. Udalak ezezkoari eutsi dio beti, halere. 2018. urtean Espainiako Estatuko abokatuak jarritako salaketa baten ondoren, ordea, ezabatzeko agindua eman zuten. Udalak helegitea aurkeztu zuen, eta auzia erabakiaren zain dago oraindik.

Horma irudiaren afera orain bost urte hasi zen, baina azken puntua jarri gabe du oraindik. Eusko Jaurlaritzak 2015ean kaleratutako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak txostena da auziaren abiapuntua; izan ere, txosten horretan udal bakoitzari herrian egon diren biktimen berri eman zitzaion, biktima horien memoria berreskuratzeko egitasmoak bultzatzeko asmoz. Txostenean Urigoitia ageri da, behar bezala argitu ez diren kasuen atalean, hain zuzen. Txostena aurkeztu eta bi astera, ordea, lau otxandiar atxilotu zituzten, urte bereko uztailaren 25ean Urigoitiari eginiko omenaldi bat «antolatu, zuzendu eta koordinatzea» egotzita. Hura omentzea «terrorismoa goratzea» zela leporatu zitzaien. «Orduan ikusi genuen Lutxiren memoria gogoratzea ezin zela indarkeria goraipatzearekin lotu, ez dela bidezkoa», azaldu du momentu hartan alkatetzan zegoen Urtzi Armendarizek.

2017ko uztailaren 21ean, beraz, eta Urigoitiaren hilketaren 30. urteurrena baliatuz, Otxandioko Udalak Urigoitia kasua salatzeko horma irudia aurkeztu zuen, euskal gatazkaren biktima guztiei aitortza bat egiten zien idatzi batekin batera. Armendarizen hitzetan, memoria ariketa bat zuen oinarrian margolanak: «Azkenean hor gure historiaren zati bat dago, eta, ez badu inork aldarrikatzen, galdu egingo da». Pedro Jose de la Fuente Tizne-k jaso zuen murala diseinatu eta marrazteko ardura. Artistak aitortu du herritarren laguntza ezinbestekoa izan zela irudia gauzatzeko orduan: «Herritarrek egin zuten aurretiko lana, egunkari ezberdinak bilduz eta istorioa zein izan zen erakutsiko zuen diskurtso bat osatuz. Nik, gero, guztiak batu eta irudi osotu bat sortu nuen».

Handik hilabete batzuetara, ordea, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak murala kentzeko agindua eman zuen. Haren arabera, udalak ez zuen objektibotasun politikoaren legea betetzen, eta, gainera, Terrorismoaren Biktimen Legea urratzen zuen. Iker Urbina abokatuak egin zuen udalaren defentsa. Azken horrek ezezko borobila eman zion aginduari: «Udalak idatzi zion berak ez zuela ikusten arrazoirik hori kentzeko, besteak beste Eusko Jaurlaritzak bultzatutako memoriaren inguruko egitasmoak direlako». Gainera, Urbinak erantsi du udalak muralarekin batera aurkeztutako idatziaren bitartez «biktima guztien errekonozimendua» aldarrikatu zuela, eta, beraz, ez zuela «alde bakar bat» babesten. Hala berretsi du orduko alkate zen Armendarizek ere: «Indarkeriaren biktima guztiek daukate egiarako, erreparaziorako eta justiziarako eskubidea, eta Espainiako Estatuak biktima batzuei, Poliziaren, GALen edo Batallon Vasco Españolen biktimei, ukatu egiten die oraindik».

Udalak murala ezabatzeari uko egin ziola ikusita, eta ordezkariordetzak berriro murala kentzeko agindu ondoren, Espainiako Estatuko abokatuak salaketa jarri zion udalari. Bilboko epaitegiak arrazoia eman zion Estatuaren abokatuari, eta horma irudia kentzeko agindua eman zuen. Udalak helegitea aurkeztu zuen berriro, eta ebazpenaren zain daude orain. «Kontraesan handi bat dago hemen; Eusko Jaurlaritzak berak bultzatu duen memoria dinamika zabal baten barruan egin da murala, Jaurlaritzak aitortu duen biktima baten omenez, eta bitxia da, nire ustez, epaitegiak orain egiten duen interpretazioa», dio Urbinak.

Argitu gabeko kasua

1987ko uztailaren 23an hil zuten Urigoitia. Guardia Zibilak operazio zabal bat egin zuen Donostian, Hernanin eta Pasaian (Gipuzkoa). Zortzi pertsona atxilotu zituen, ETAko militante izatea egotzita. Urigoitia ordurako Ipar Euskal Herrira alde egina zegoen, baina Trintxerpeko (Pasaia) etxe batean harrapatu zuen operazioak, beste bi kiderekin. Goizaldean sartu ziren guardia zibilak etxera, eta Urigoitia hil zuten, gainontzeko kideak atxilotzearekin batera.

Haren heriotzak, ordea, hainbat argi-ilun izan zituen. El Pais eta El Independiente egunkariek biharamunean autopsiaren emaitzak argitaratu zituzten, eta, horien arabera, bi tiro jaso zituen: bata, sabelaldean, eta, bestea, garondoan, lurrean zaurituta zegoela. Bertsio ofizialak, berriz, baieztatu zuen hilketa Poliziaren eta etakideen arteko tiroketa baten ondorio izan zela. Gerora, 1995ean, El Mundo-k Espainiako zerbitzu sekretuen dokumentu bat argitaratu zuen: haren arabera, Guardia Zibileko kapitain batek frogak faltsutu zituen, bertsioa sinesgarria izan zedin.

Igor Meltxor kazetari eta ikerlariak Urigoitiaren kasua aztertu du, eta kontakizuna «herritik» osatzearen garrantzia azpimarratzen du. Kasu hori antzeko beste gertaera batzuetan jazo denaren «adibide on bat» da, haren ustez: «Bertsio ofiziala beti izan da jendea tiroketa baten ondorioz hil dela, baina gerora argitu da hilketa bat baino gehiago egon dela urteetan zehar Euskal Herrian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.