«Ilusio berezia» egin dio Martzel Do Nascimentori (Bilbo, 1997) bere azken lanak. Zornotza (Bizkaia) jaioterrian egin du, Ekin kooperatibaren 60. urteurreneko horma irudia, enpresaren aurrealdean (argazkian). Behinola zentsuratu egin zizkioten bere lanak herrian, eta eskertuta dago proiektu horretan erakutsitako babesarekin eta seriotasunarekin.
Grafitigilea jarriko dugu medailan? Edo mespretxuzkoa da?
Ez da inolaz ere mespretxuzkoa, baina gehiago identifikatzen naiz margolariarekin edo muralgilearekin, gaur egun gehien egiten ditudanak horma irudiak direlako.
Artea dira grafitiak?
Adierazpenik puristena aintzat hartuta, protestatik dator, bandalikoa da, eta, izatez, delitu bat ere bada.
Baina...
Artea da, eta arteak deserosoa izan behar du. Eraldatzeko erabili behar da, eta horixe da grafitia: espresio artistiko eraldatzailea.
Zer salatu edo adierazi nahi duzu?
Giza figura lantzen dut gehien. Erreminta hori hartuta, haien aurpegiko adierazpenaz, jarreraz, ekintzaz... baliatzen naiz, zerbait salatzeko, edo kontrasteak sortzeko.
Adibidez?
Margotu dezaket pertsona alai bat, hilerri bateko horma irudian. Horixe dauka muralak: testuinguru bat dauka, eta eraldatzeko edo barruan zerbait mugiarazteko ahalmena.
Zentsura jasandakoa zara?
Zoritxarrez, bai.
Eta existitzen da oraindik?
Beti egon da, eta beti egongo da, boterea existitzen den bitartean. Tamalez, horrek, autozentsura ere bultzatzen du.
Udal batek egin behar duzunaren zirriborro bat eskatzea aurretik...
Horixe da boterea, eta horixe egiten du deseroso sentitzen denean, haien kontroletik kanpo zaudenean. Egia da nik parte hartu izan dudala udalak antolatutako erakusketetan, lehiaketetan... Izan daiteke bateragarria: ni horra iritsi banaiz, haiekin lan egiteko aukera horretara, kalean margotu dudalako izan da, eta filtro barik. Eta behin horra iritsitakoan, filtroa jarri nahi didazu? Kontuak ez luke horrela funtzionatu behar.
Modan daude horma irudiak?
Oso modan. Esango nuke ari dela gertatzen musika jaialdiekin gertatu den gauza bera: eskaintza handiagoa dela eskaria baino. Eta horrek guztiak arrisku bat dakar: baldintza oso txarrak sortzen direla artistentzat, prekarioak, eta sortzen dela artisten arteko halako lehia bat ere. Beldur apur bat ematen dit: burbuila moduko bat ari da sortzen, eta ez ote den lehertuko.
Nola dago espazio publikoa?
Kuriosoa da espazio publikoa nola lotzen dugun askotan kontsumoarekin: joan behar dugu norabait, sartu behar dugu tabernara... Ez zait gustatzen esatea horma irudiak kaleko museoak direla, baina ona da irudi horiek kalean edukitzea. Azken batean, kultura da. Nahi eta nahi ez ikusten dituzu askotan, eta pentsamendu kritikoa sortzen eta garatzen laguntzen dute. Egin behar dugu espazio publikoaren defentsa, alde horretatik.
Horma irudien mundura nola iritsi zinen?
Betidanik margotu izan dut. Ez dakit zergatik, baina haurra zarenean iristen da une bat non moztu egiten den haurraren margotzeko joera hori. Nik neuk, ez nuen inoiz mozketa hori bizi izan. Behin arrebak erakutsi zidan bideo bat Blu izeneko artistarena. 'Halako zerbait egin nahi nuke', pentsatu nuen. Aurreztu nuen diru apur bat, eta 70 euro hartuta joan nintzen Bilboko zezen plazaren ondoan zegoen pintura denda batera —itxita dago orain—. Kolore ezberdinetako esprai mordoa erosi nituen. Kalera irten, eta haiekin hasi nintzen.
Ikasketaz, zer zara?
Batxilergoa amaitu nuenean, ateak irekitzeko egunera joan nintzen Arte Ederren Fakultatera. Han hasteko asmoa neukan, baina, ez dakit zergatik, ez zitzaidan batere gustatu. Ingeniaritza ikasi nuen EHUn.
Baina orain erabat bizi zara zeure lan artistikoari esker?
Zorionez, bai. Ingeniari gisa ere aritu nintzen lanean, baina duela pare bat urte utzi egin nuen. Datorren ikasturtean margolaritzako master bat egiteko asmoa daukat.
ATZEKOZ AURRERA. Martzel Do Nascimento 'Martz'. Muralgilea
«Horma irudiek pentsamendu kritikoa sortzen laguntzen dute»
Do Nascimentok Zornotza jaioterrian egin du bere azken horma irudia: Ekin enpresaren aurrealdea. Gustura dago muralgintza boladan dagoelako, baina ohar egin du: «Burbuila bat ari da sortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu