Hor duzu gerra, zure parean

2024ko World Press Photo-ko argazkiak ikusteko aukera dago Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian, azaroaren 17ra arte. 140 irudi bildu dituzte.

Mohammed Salem argazkilari palestinarraren 'Emakume palestinar bat ilobaren gorpua besarkatzen' irudi irabazlea. UNAI ETXENAUSIA
Mohammed Salem argazkilari palestinarraren 'Emakume palestinar bat ilobaren gorpua besarkatzen' irudi irabazlea. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko azaroaren 14a
05:00
Entzun

Erakusketa aretoko espazio isilean, mundua zintzilik dagoela dirudi, ikuslearen aurrean zintzilik dauden irudietan harrapatuta. Gizakia den bezalakoa ikusteko leihoak dira irudi horiek, une batez irekiak; une hori izoztuta geratzen da irudian, norbera denaren hauskortasuna eta erresilientzia gogorarazteko: izeba batek bere iloba galduari emandako azken besarkadatik hasi eta migratzaile baten begirada nekaturaino. Erretratu bakoitzak begirada itzultzen dio benetan begiratu nahi dionari, ikusten duena gainetik behatzeaz gain gordetzen duen istorioen pisua sentitzeko eskatuko balio bezala. Begi bistakotik harago begiratzeko gonbita da.

Badago zer aztertu. Irudiaren erdian, emakume palestinar bat 5 urte eskaseko Saly iloba txikiaren gorpua besarkatzen ari da. 36 urteko Inas Abu Maamarrek Nasser ospitaleko espazio hotzean eusten dio ilobari, Khan Yunisko bonbardaketak hasi eta hamar egunera. Irudiak, Mohammed Salem argazkilari palestinarrak aita bihurtu eta berehala atera zuenak, dualtasun zorrotz bat erakusten du: jaiotzen den bizitzarena eta abisurik gabe iraungitzen denarena. Errealitate hautsi baten lekuko izanda, fotokazetari gisa duen konpromisoaren eta doluaren arteko oreka errespetatuz ateratako argazkia da. Leku isil batera darama ikuslea, non heriotzak eta baldintzarik gabeko maitasunak besarkada bakar batean talka egiten duten.

World Press Photo erakusketak mugak eta kulturak zeharkatzen dituzten istorioetan murgiltzen ditu bisitariak, garaian garaiko une urratu eta argitsuenetan eskutik helduta. Hain justu, horregatik irabazi du Salemek aurtengo saria. Irudiak Gazako genozidioa islatzen du, Emakume palestinar bat ilobaren gorpua besarkatzen izenburupean. Hautatutako 140 lan ikusgai daude Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian, azaroaren 17ra arte. Jendea joan eta etorri dabil erakusketa gelan, baina beti dabil norbait bueltaka; egunerokoan ikusten ez diren irudi eta istorioak gordetzen dira ur biltegiko gela ilunean.

<asasssafasaaf. UNAI ETXENAUSIA
Zenbait bisitari Gasteizko erakusketan, aste honetan. UNAI ETXENAUSIA

Bertara jaitsi berri dira Eneko Frias eta Marta La Reina, eta ikasleak txangoan eraman dituzte. Argazkiak begi kritikoz begiratzen ari dira gazteak, baita irakasleak ere: «Garrantzitsua da haiek ere munduan zer dagoen ikustea, gaztetatik mundua kritikotasunez begiratzeko gaitasuna izatea». Friasentzat ez da erakusketa bisitatu duen lehen aldia. Aurten ere ez du jakin irudi gogokoena zein duen aukeratzen. «Ez ditut oraindik ondo ikusi, baina denek dute zerbait; zaila da bat aukeratzea», azaldu du. Ikasleei begirada kendu gabe, bidean aurrera egin dute biek.

World Press Photo-ko erakusketa bat bisitatzen duen lehen aldia da Iñaki Armentiarentzat. Hasierako irudiak soilik ikusi ditu oraindik, baina «gogorrak» iruditu zaizkio. Aurretik erakusketara joan ziren hainbatek egingo zuten gogoeta egin du: «Asko kexatzen gara daukagunarekin, eta normala da. Baina argazki hauek ikusita konturatzen zara zein gaizki dagoen mundua eta nolako zortea dugun». Irudiak ikusten hasi besterik ez da egin oraindik...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.