Hontza, liburuen zelatan

Donostiako Hontza liburu dendak 40 urte beteko ditu azaroan. Langileek uste dute bezeroei emandako tratua dela hainbeste urtez irauteko giltza. Euskarari eta euskal literaturari ere garrantzia ematen saiatu dira urtetan. Besteak beste, kontatu dute nola aldatu diren lanbidea bera eta kontsumo ohiturak.

Ramon Tatiegi, Jon Tatiegi eta Esther Moiua, Hontza liburu dendako langile ohia eta langileak. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Thizkiaren gainean bermatuta, begiak zabal-zabalik dago hontza. Pertsiana itxita edo irekita izanik ere, bi aldeetara du zer ikusia: barrura begiratuz gero, liburuz betetako denda bat, eta jendea horiei buruz galdetzen, aholkuak eskatzen edo kuxkuxean; kanpora begira jarrita, berriz, kaleko jendearen joan-etorriak ikusten ditu, pasatzen diren autobusak... 40 urte beteko ditu Donostiako Hontza liburu dendak azaroan; 40 urtez iraun du, trabak traba, Okendo kaleko laugarrenean.

1982ko azaroan zabaldu zituen ateak Hontzak. Haren aurretik, Aialde izeneko liburu denda zegoen Okendo kaleko laugarrenean. Baina zailtasun ekonomikoak medio, ez zuen luze iraun. Itxitakoan, bertako bazkide batek, Alvaro Morenok, lokala erosteko eta bertan liburu denda zabaltzeko proposatu zion Anton Apaolazari, Oñatin (Gipuzkoa) liburu denda bat zeukan soldaduskako lagun minari. Oñatiko liburu denda utzi, eta beste hiru bazkiderekin ireki zuen Apaolazak Hontza liburu denda.

Halere, Aialderekin gertatu bezala, diru kontuetan larri zebilen Hontza lehen urteetan, eta Apaolaza dendan orduko bazkideak baino gehiago inplikatuko ziren beste bazkide batzuen bila hasi zen. Sorreratik bi urtera sartu ziren liburu dendako proiektuan Esther Moiua eta Ramon Tatiegi, hirugarren lagun batekin batera, aurreko bazkideei haien zatia erosita. Elkarrekin osatu dute dendaren kontakizuna, elkarrekin egin duten bezala urteetako ibilbidea.

Tatiegik autoak margotzen lan egiten zuen liburu dendan sartzeko aukera sortu zitzaionean, eta gogoan ditu jendeak esandakoak: «Horrek ezin du funtzionatu!» edo «liburuetatik nola biziko zara?» bezalakoak entzun behar izan zituen. Lokala erosi, eta irakurzaletasuna ofizio bihurtu zuen, hutsetik hasita. 38 urteren ostean, bertan hartu du erretiroa. Moiuak, berriz, bertan egiten du lan oraindik ere.

Bi langileek esan dute ordu asko eta asko sartu behar izan dituztela urteetan, Hontzaren gisako denda bat zabaltzeak inplikazioa eskatzen duelako. Tatiegi: «Gure tamainako denda txiki batek funtzionatzeko oso gainean egon behar da, orduak sartu behar dira, bai gaur eta bai orduan, duela 40 urte».

Izan ere, lan lasaia dela ematen du kanpotik, liburu artean daudelako, baina ez da hala: «Jendeak uste du oso lan polita dela: 'Jo, ze ondo, liburu artean!'. Baina ikusten ez den lan asko dago atzetik». Liburuak erakusmahaira iritsi aurretik, liburuen eskariak egin behar dituzte, argitaletxez argitaletxe, eta, iritsitakoan, datu guztiak ordenagailuan sartu, etiketak jarri eta dendan kokatu. Gero, bezeroak artatu, eta, ondoren, egunero kutxa itxi, kontuak egiteko. Baina, halere, jendeak esaten die: «Zertan aritzen zarete, irakurtzen?».

Nola iraun bizirik

Ez da erraza Donostian denda txiki bat hainbeste urtean zabalik mantentzea. Sarri ikusi dituzte haien ingurukoak ixten. «Denda tradizionaletan erreleborik ez da egoten, lokalak geroz eta esku gutxiagotan daude... Ixten ari dira, eta irekitzen direnek geroz eta gutxiago irauten dute», esan du Tatiegik.

Ez da Hontzaren kasua, ordea: bada denbora bat Jon Tatiegi dendan lanean hasi dela, aitari lekukoa hartuta. Baina liburu dendekiko ikuspegia ez da askorik aldatu berrogei urtean, semearen hitzetan: «Gaur egun oraindik jendeak galdetzen dizu: 'Liburu denda batean lan egiten duzu? Batere saltzen al dira, bada?'».

Hainbeste urtez irauteko errezeta zein den argi dauka Moiuak:«Dendak funtzionatzen badu da hemen gaudelako eta emandako arretagatik; ordenagailu batek ez dizu sekula ezer ere erantzungo». Hain zuzen, garrantzi handia eman diote langileak mantentzeari: «Langileak ahalik eta gutxien aldatzen saiatu gara. Ez delako lan erraza, liburu asko daude, aldaketa handiak egon dira urteetan, eta denbora behar da lanbidea kontrolatzeko eta ikasteko», azaldu du Moiuak. Beti «talde bat» izan direla nabarmendu du, eta bata bestearen atzetik aipatu dituzte langile izandakoen izenak: Yolanda, Kizkitza, Anton, Monica...

Hizkuntza da Hontzaren beste ezaugarrietako bat; bezero arretan zein liburuen aukeraketan, euskara izan dute lehentasun. «Saiatu gara berrogei urtean euskarazko liburuei eta euskal gaiei garrantzia ematen. Gure dendan presentzia eduki zezan, bai kantitate aldetik, eta bai kokapen aldetik», esan du Tatiegik. Langileekin ere saiakera bera egin dute: urtebetez izan zuten euskaraz ez zekien langile bat, baina, gainontzean, sartu zirenetik euskaldunak izan dira langile guztiak.

Bezeroei emandako arreta da zutik mantentzeko bidea eman dien beste gakoetako bat, langileen ustez. Izan ere, beti saiatu dira haiek entzuten eta laguntzen, aholkuak emateko. «Bi gauza esaten dizkigute bezeroek: batetik, aholkuak ematen ditugula, eta, bestetik, edozein liburu dela ere, saiatzen garela lortzen», azaldu du Tatiegik. Horretarako, argitaletxe askorekin lan egiten dute, ahalik eta liburu aukerarik zabalena izateko, horrek eskaera eta ordainketa lanak biderkatzen badizkie ere: «Oraingoz, banatzaile pila bat dugu; gure apustua da, bezeroek aukera zabalagoa izan dezaten», nabarmendu du Moiuak.

Era berean, burujabe izateko egindako apustuarekin asmatu dutela uste dute. Izan ere, azaldu dutenez, geroz eta liburu denda gehiagok funtzionatzen dute «frankizia» moduan: argitaletxe batenak diren liburuak soilik saltzen dituzte, merkeago egitearen eta lana erraztearen truke. Baina, modu horretan, gainerako argitaletxeen liburuak ezin dituzte lortu. «Saiatu gara ez egoten handien mende, nahiz eta horrek lana biderkatzen duen», esan du Tatiegik.

Izaerari eutsi

Zailtasunak zailtasun, haien izaera mantentzen saiatzen dira oraindik. Etiketen bidez, esate baterako: liburu bakoitzaren barruan, etiketa bat jartzen dute, liburuaren izenburua eta idazlea dendako telefonoa eta anagrama itsatsita. «Lan gehiago da, baina gure bezeroek prezioa bertan ikus dezakete». Lanbidea lehen «artisauagoa» zela diote, eta horrelako keinuen bidez eusten diotela lehengo izaerari.

Ofizioa aldatu den bezala, bezeroen kontsumo ohiturak ere aldatu direla nabarmendu dute langileek. «Lehen, joera orokorra ez bazen ere, ez zen arraroa norbaitekin geratu bazinen eta haren zain bazeunden, taberna batean kafe bat hartzen itxaron beharrean, liburu dendan geratzea», azaldu du Tatiegik.

Horrez gain, erosleen presa ere nabarmendu dute hirurek. Lehen, liburu bat eskatu eta astebetera jasotzea normala zen jendearentzat; orain, berriz, dendan ez badaukate, beste denda batera joaten dira, edo Internet bidez erosten dute, berehala nahi dutelako. «Presaka bizi garen seinale da hori», Tatiegi semeak esan duenez.

Gaur egun, sarean erosteko joerak ematen dio beldur handien erretiratu berriari: «Hori geratzeko etorri da». Eta Moiuak gehitu du: «Internetez erosten dute, baina ez leku fisiko batean. Internetez eros dezakezulako Hontzan edo Elkarren, eta badakizu atzetik denda bat dagoela eta edozer dela ere bertara joan zaitezkeela. Baina ez jakitea non ari zaren erosten? Jendeak oso erraz erosten du».

Euskal literaturari begira

Lanbidearen aldaketarena eta kontsumo ohiturena bezala, Hontza euskal literaturak izandako bilakaeraren lekuko izan da. Oraindik euskal literatura «normalizatu gabeko literatura» dela uste du Tatiegik, berrogei urtean egoerak hobera egin badu ere: «Fruitu aldetik, lehen baino askoz ere ugariagoa da. Argitaletxeek esaten dutenez, gehiago ateratzen da, baina tiradak motzagoak dira», azaldu du.

Bat dator harekin Moiua ere. Asko zabaldu da idazle kopurua, eta emakume idazleen gorakada nabarmendu du: «Emakume asko agertu da berrogei urtean, eta gaietan ere aldaketak egon dira: genero batzuk oraindik oso gutxi landu ditugu, baina hor daukagu, adibidez, Lisipe bilduma feminista, edo itzulpenak, Katakrak eta Igelari esker, edo poesia bakarrik argitaratzen duen Balea Zuria argitaletxea...».

Berrogei urtean, oztopo ugarirekin egin behar izan dute topo: Fnac kateak liburu denda ireki zuenean, adibidez, kalte handia nabaritu zuten; eta Casa del Libro irekitzean, berdin. Izan zuten gogoa alboko denda erosi eta liburu denda handitzekoa ere, baina atzera egin zuten azkenean. «Proiektua polita zen, baina handi egitea baino gehiago, geneukana ondo zaindu behar genuela erabaki genuen», esan du Moiuak.

Etorkizunera begira, pausoz pauso aurrera egiteko asmoa daukala esan du lekukoa hartu duen semeak: «Bi gazte sartu gara, eta gogotsu gaude. Oinarri bat eginda daukagu, badakigu funtzionamendua, eta badaukagu nondik ikasia. Oraingoz, guk jarraituko dugu, nahiz eta ezin dugun epe ertainerako planik egin». Dena den, aurre egingo dutela uste du: «Beti esaten dute, ezta? Sektorea suziriak botatzeko ez da egongo, baina zutik mantenduko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.