ATZEKOZ AURRERA

Honela txoria izango da

Miarritzeko Maitaldia dantza festibala kari, Angerseko dantza garaikidearen eskolak bere ohiko errepika bat aire librean erakutsi dio publiko zabalari.

Angers zentroko dantzarien errepika publikoa, atzo, Miarritzen. G. FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Miarritze
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Txorien kantuek zabaldu dituzte Miarritzeko (Lapurdi) baratze publikoko agertokiaren oihal ikusezinak. Jendea jartzen ari da eguzkiaren estalpean: batzuk belar hezearen gainean, bertze batzuk horretarako propio ezarri dituzten aulkietan, begiak argiaren azkarrak zimurturik, betaurrekoen babesik ezean. Eguna denborak erdibitu du.

Txoriek hartu dute, beraz, protagonismoa: hezur-haragizko hegalariek beren eguneroko zuhaitzen arteko bidaietan, eta, taula-gainean, Beach Birds piezaren karietara hamahiru dantzarien interpretazioan. Robert Swinston taula zuzendariak agindu die bafleei musika zabal dezaten, eta, horrekin batera, Angerseko (Frantzia) dantza garaikidearen zentroko (CNDC) arizaleen gorputzek erakusten dituzte txoriei lapurtu dizkieten mugimenduak oro. «Cunninghamek abstrakzioa du egiten, eta hondartzako txorietan inspiratu da pieza hau idazteko, arroketan... Ez da narratiboa, abstraktua baizik», esan du Flora Rogeboz dantzariak.

Izan ere, Merce Cunningham dantza garaikidearen maisu amerikar zenaren dizipulua da Swinston: haren alboan 30 urtez aritu baitzen dantzan, laguntzailebilakatu zen arte. Aurten, mendea beteko zukeen; horren ospatzeko, haren 200 obretatik bi hautatu ditu zuzendariak: aipatutako Beach Birds (1991) eta Biped (1999) —bart arratsean eman dituzte biak, Gare du Midi aretoan—. «Bi obra horiek erabat begiratu dute beraien modernitatea. Esentzian, dantza garaikidearen elementu abangoardista guziak atxiki dituzte. Zinez dantza garaikidea eta postgaraikidearen arteko garai juntan sortu ziren», xehatu du Claire Rousierrek, CNDCko zuzendariordeak.

Antzakatzen den dantza

Publikoko ikusle bat ikuskizunak irentsi du; argazkiak ateratzen dizkio oholtza mugituari; «amateurra naiz, baina izugarri maite dut. Berez, elbarrituekin lanean aritzeko erabiltzen dut dantza. Sekulako harmonia antzematen dut hemen, eta dantza klasikoaren jestuak».

Cunninghamek herexa handia utzi du dantzan, erreferentzia bilakatzeraino. Remi Rivierek Maitaldiaren aldizkarian hala izkiriatu du: «Erlatibitatearen teoria berria eratu zuen musika eta dantza elkarrengandik bereiziz, John Cagen ezinbesteko musikarekin, zeina kontzeptuaren konplizea baita». Berritasuna ekarri zion maisuak kreatzeko prozesuari: zoriari uzten baitzion aginte makila. «Erronka bat da beti, ez baita sekula berdin, ez da erosotasunik hemen, zinezko desafio bat da, dantza zinez zaila da teknizitate aldetik, eta teknika horren baitan organikotasuna antzematea. Ez da sekulan irabazia, tai gabeko bilaketa da. Eskatzen du desafioak etengabe gainditzea», gehitu du dantzariak.

Hala, Cunninghamek sortu zuen dantza korrontea Angerseko zentroak iraunarazten du. Teknikaz gain, bere-berea duen filosofia garraiatuz: zoria, askatasuna, teknologia berriak, norbera bere buruarentzat aritzea... «Oinarri klasikoa ikusten da zangoen teknikan; gorputzaren lanketa, berriz, desberdina du. Hau entrenamendua da, baina filosofia osoa dakar bere baitan: askatasuna, soin-enborraren mugikortasuna eta norberarentzako lanean aritzea», erantsi du zuzendariordeak.

Angerseko eskolak badu loturarik Euskal Herriarekin: Rousierrek ikerketa bat egin zuen euskal dantza tradizionalaz. Eta euskal dantza tradizionalean ari diren bi kide hartu baitzituen iaz; Aurelien Labenne eta Jon Vernier.

Bi haurrek harrapatzea lortu duten uso bat askatzen ikusi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.