Ingurumena

Hondarreko harea

Nazio Batuen Erakundeak bere azken bi txostenetan egin du oharra: harearen erauzketa arautu eta kontrolatu ezean, agortu egingo da. Harearen ustiaketa gehiegizkoa ari da izaten, eta kalteak ari da eragiten biodibertsitatean eta ingurumenean.

Hondarreko harea
Harea eskuartean ihesi. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2023ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Ihesi doanaren metafora da eskuartean irristaka. Agortzen ari denaren metafora da erloju baten barruan beheraka. Infinitua denaren metafora da aleak kontatzen direnean banaka. Eta bere metaforen biktima bihurtu da orain harea: ihesi doa, agortzen ari da, eta finitua da.

Azkena izaten da hondarrekoa, eta hondarreko ari da bihurtzen harea. Lurrean eskari gehien duen bigarren errekurtsoa da harea —ura da aurrenekoa—, eta agortzen ari da. NBE Nazio Batuen Erakundeak egin du ohar bere azken bi txostenetan (2019an eta 2022an): harearen erauzketa ez dago araututa herrialde gehienetan, ustiaketa gehiegizkoa ari da izaten, eta eskasia dator. Aurreneko txostenaren ondorioetan garbi esaten zen: «Harearen krisiari ez zaio behar beste garrantzi eman». Bigarren txostenean hamar gomendioz osatutako zerrenda argitaratu dute. «Garapen jasangarria lortzeko, kontsumitzeko moduak izugarri aldatu behar ditugu. Produktuak, azpiegiturak eta zerbitzuak ekoizteko moduak, eta eraikitzeko moduak ere bai. Gure harea baliabideak ez dira amaigabeak, eta modu adimentsuan erabili behar ditugu. Munduan gehien erauzten den material solidoa da harea, eta haren kudeaketa kontrolatzea lortzen badugu, krisi bat saihestu eta ekonomia zirkular baterantz egin ahal izango dugu», azaldu du Pascal Peduzzik, NBEren azken txostenaren koordinatzaileak.

Krisi bat saihesteko, ordea, krisia dagoela konturatzea da lehenengoa. Eta harearen aferak ez ditu orain arte lerroburu asko eraman. Datuak, ordea, esanguratsuak dira: 18 kilo harea erauzten dira egunero pertsonako munduan, eta 50.000 milioi tonakoa da eskaria urtean. Harea erabiltzen da eraikuntzan erabiltzen da harea: errepide, aireportu, portu, trenbide, ospitale, etxebizitzetan. Harea erabiltzen da beiraren ekoizpenean: sakelako, tableta eta ordenagailu eta telebista pantailetan. Harea erabiltzen da papergintzan eta kosmetikan. Bestela esanda: hormigoiak harea behar du, eta silizeak harea behar du.

Herrialde askotan dago araututa harearen erauzketa, baina arauak dituzten horietako askotan ez dituzte arauak betetzen, eta araurik batere ez dutenen inguruan harearen merkatu beltza ari da sortzen. Erosi egiten da harea, saldu egiten da harea, trafikatu egiten da harearekin. Eta kontrol falta horren beste ondorio nagusia: harea erauzten dela biodibertsitatea eta ingurumena kaltetuz. Harea badelako marea bizi eta ekaitzen kontra faktore garrantzitsua, baduelako bere baitan biodibertsitate bat aberatsa, eta egiten duelako erosioaren kontra ere. 

Baina argitu behar da harea zer den, eta zer harearen inguruan dagoen kezka. «Kaleko hizkeran, alez osatutako sedimentu bat da hondarra. Geologian, tamaina jakin bateko pikorrak dituen elementua da harea. Tamaina bitarte oso zehatza duena: 0,6 eta bi milimetro artekoa», zehaztu du Luis Agirrezabalak, EHUko Geologia Saileko ikerlari eta irakasleak. «Harea pikor gehienen sorreran, oinarrian, aurretik existitzen ziren arroken zatiketa dago. Zatiketa hori izan liteke mendietako arrokena, itsaslabarretako arrokena... Arroka horiek zatitzen dituztenak agente higatzaileak dira: euri ura, errekak, olatuak... Arroka horiek txikitzen dituzte, eta hor sortzen dira partikulak edo pikorrak, edozein tamainatakoak. Pikor horiek higatuz joaten dira garraioan ibaietan, txikiagotzen, eta harea tamainakoak izatera iristen dira».

«Azken batean, naturak daukan elementu bat da harea, eta elementu hori kentzen baduzu, edo aldatzen baduzu, horrek ondorioak dauzka beste hainbat elementutan, oreka dinamiko hori azpikoz gora jartzen duzu».

 LUIS AGIRREZABALAEHUko Geologia Saileko ikerlaria eta irakaslea

Eta zehaztasun hori egitea «garrantzitsua» da, Blanca M. Martinezek argitu duenez. Geologian doktorea eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Martinez: «Askotan ez dugu jakiten harea zer den ere. Uste dugulako harea hondartzan dagoen hori dela, baina harea, izatez, pikor baten tamaina da. Konposizio erabat askotarikoa eduki dezake, eta pentsatu ezin dezakegun tokietan ere agertu daiteke: errekasto baten ertzean, desertuan, hondartzan, itsas hondoan... eta hareari ematen diogun erabilera ezberdina da tokiaren eta konposizioaren arabera». Eta konposizio kimiko horrek baldintzatzen du erabilera: «Pantailak eta halakoak egiteko, kuartzozko harea behar dugu. Karibeko hareak, adibidez, ez du horretarako balio, karbonatatua dagoelako. Eta harea ale edo pikor horien formak ere baldintzatzen du erabilera. Batzuk oso borobilduak dira, besteak ertz askokoak. Borobildutakoek, adibidez, eraikuntzarako ez dute balio; eraikuntzarako ertz asko dituztenak dira egokiak».

Identifikatuta daude gizakiaren apetetarako zeintzuk diren harearik egokienak, baina hor dator arazoa: gizakiak horiek erauzteko indarrez ezarritako erritmoa eta naturak horiek berriz sortzeko duen erritmoa ez datozela inolaz ere bat. Agirrezabalak eman du denboren berri: «Harea pikorraren sorrerak denbora ezberdinak izan ditzake. Higadura hori sortzen duten prozesuak energia handikoak badira, txikitze hori agente dinamiko edo ahalmen handiko batek eragiten badu, azkarrago iritsiko da, baina azkarrago hori urteak eta urteak dira: ehunka urte. Agente higatzaile horiek modu apalago edo motelago batean eragiten badute higadura, denbora luzeagoa izango da: milaka urtekoa».

Eta herrialde askoren korrikek eta presek ezin dute horrenbeste itxaron. Dirudiena baino korapilatsuagoa da afera. Horretaz ohartuta idatzi zuen Juan Ignacio Perez Iglesiasek bere garaian Harea, ezinbestekoa, diskretua eta jaberik gabea izeneko artikulua Zientziakaiera.eus webgunean. «Norbaitek galdetzen badizue gure zibilizazioa zer produktu nagusiren gainean eraiki den, oso litekeena da petrolioa erantzutea. Baliteke, halaber, burdina aipatzea. Baten batek, agian, plastikoa esango du. Eta nik papera gehituko nuke. Baina gutxik pentsatuko lukete harean», abiatzen du artikulua EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak. «New Scientist aldizkarian topatu nuen artikulu bat, eta pentsatu nuen: 'Zer gauza harrigarria'. Galizian daukadan lagun bati deitu nion. Aditua da porlanean. Eta idatzi aurretik galdetu nion: ‘Hau horrela da?’. Eta erantzun zidan: ‘Bai, bai, harearekin sekulako arazoa dago. Harea salerosten ari dira, modu ilegalean’».

«Naturan zerbaitegatik pilatzen da harea. Hor egon beharra dauka. Bere funtzioa da hor egotea. Ingurumenarekin, ekologiarekin... lotutako hainbat arrazoi daude».

BLANCA M. MARTINEZGeologian doktorea eta Aranzadiko kidea

Perez Iglesiasek azaldu du: «Eraikuntzaren munduak hazten segitzen du, batez ere, Txinaren gorakadaren ondorioz. Eta eskariak segituko du hazten. Pentsa noraino iritsi den kontua: Italian mafia ere sartu da negozioan. Indian ere talde mafioso ugari daude harearen inguruan. Aljerian, Malasyan, Marokon, Vietnamen eta Indonesian harearen legez kanpoko erauzketak daudela dokumentatuta dago, baina beste 70 herrialdetan ere ohikoak direla uste da. Indonesian, 24 uharte gutxienez desagertu dira harearen piraten ondorioz. Pirata horiek Singapurren saltzen dute harea, itsasoari eremua kentzeko».

Eta itsas ekosistemei kalte egiten diete, biodibertsitatean eragiten dute, eta orekak apurtzen dituzte. «Ez diogu honi behar adina garrantzirik eman, baina naturaren beste hainbat elementuri ematen ez diogun moduan. Azken batean, naturak daukan elementu bat da harea, eta elementu hori kentzen baduzu, edo aldatzen baduzu, horrek ondorioak dauzka beste hainbat elementutan, oreka dinamiko hori azpikoz gora jartzen duzu», azaldu du Agirrezabalak. 

Izan ere, ikuspuntu geologikoa bera ere aintzat hartu behar dela dio Martinezek: «Batetik bestera harea mugitzen duzunean, toki hori aldatzen ari zara. Hareak informazioa ematen du, testuingurua ematen du, historia bat kontatzen dizu. Hortik kentzen baduzu, hori guztia ari zara kentzen. Eta beste toki batera eramaten baduzu, eta bi urte barru toki hura aztertzen hasten bazara, okerreko historia bat kontatuko dizu, bertakoa ez den historia. Ikuspuntu geologiko batetik, hori egitea amorragarria da guretzat, lanerako tresna aldatzen baitigute».

Harearen «funtzioaz» galdetuta, bi geologoek egin dute zalantza: «Harearen funtzioa? Funtzioak askotan gizakiok jarritakoak izaten dira». Martinezek garbi dauka: «Naturan zerbaitegatik pilatzen da harea. Hor egon beharra dauka. Bere funtzioa da hor egotea. Ingurumenarekin, ekologiarekin... lotutako hainbat arrazoi daude, hainbat ornodun bizi direlako bertan. Hesi gisa ere balio duelako, denboraleak ez daitezen lur barruraino sartu. Berdin desertuko dunak ere: hor egotea da harearen funtzioa». Agirrezabalak ere egin du ñabardura: «Funtzioak beti dira gizakiok geure ikuspuntutik emandakoak».

«Ziurrenik, irtenbideak ez dira iritsiko orain pentsatzen diren metodo edo materialetatik, baizik eta prozedura guztiz berriren batetik». 

JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIASEHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria

Baina aurreikuspenak ez dira oso baikorrak. Eskariak etenik gabe segitzen du goraka, eta eskaintza geroz eta eskasagoa da. Nekez ikusten da eraikuntza eta kontsumo modu horretan apalaldirik, eta hasi dira beste aukera batzuk aztertzen. «Eraitsitako etxeen materiala birziklatzea bada aukeretako bat, baina eraispenen ondorioz birziklatu ahal den bolumena ez da iristen beharren %20tik harago», azaldu du Perez Iglesiasek.

Martinez geologoak ere halako bideren bat jorratu beharra nabarmendu du: «Duela gutxi izan dut horren berri, baina aztertzen ari direna da eraikuntzarako material gisa erabiltzea meatzaritzako hondakinak. Horiek txikitu harearen tamaina lortu arte, eta hori erabili eraikuntzan. Horrela, gainera, hondakina birziklatzen ari zara».

Perez Iglesiasek dio oso litekeena dela eraikitzeko oraingo metodoak aldatu behar izatea: «Eta bada pentsatzen duenik irtenbidea izan daitekeela egitura handiak hiru dimentsiotan inprimatzea ad hoc diseinatutako materialekin. Hala ere, ziurrenik irtenbideak ez dira iritsiko orain pentsatzen diren metodo edo materialetatik, baizik eta prozedura guztiz berriren batetik».

kopuruak

18

Kilo harea egunero, pertsonako. NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, munduan egunero 18 kilo inguru harea erauzten dira pertsonako, baina horrek ez du inolaz ere betetzen dagoen eskaria.

50.000

Milioi tona urtean. 2019. urtekoa da datua, eta adituek diote kopuru horrek gora egin duela nabarmen geroztik. Baina 50.000 milioi tona harea kontsumitu ziren urte hartan munduan. Hiru hamarkada lehenago kontsumitutakoa halako hiru.

200

Tona harea etxe bat egiteko. Tamaina ertaineko etxebizitza bat egiteko, 200 tona harea erabiltzen dira, porlanarekin nahastuta. Tamaina ertaineko ospitale bat egiteko, 3.000 tona. Autobide baten kilometro bat eraikitzeko, 30.000 tona.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.