Hondar pikorrak etxeraino

2022ko udaz geroztik, Lapurdiko kostaldeko hondartza guztietako dutxak itxi dituzte, garai hartan idorte aldi bat izan zelako. Geroztik, dutxen erabilera debekatua da oraindik; desadostasunak sortu ditu jendearen artean.

2022ko udaz geroztik Ipar Euskal Herriko hondartzetako dutxak hetsiak dira. GUILLAUME FAUVEAU
2022ko udaz geroztik Ipar Euskal Herriko hondartzetako dutxak hetsiak dira. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Angelu
2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Itsasotik atera, hondartza osoa zeharkatu, eta dutxa bat hartu, hezetasunarengatik gorputzean kolatuak gelditu diren hondar pikorrak kentzeko. Baina hori egitea ez da gehiago posible Ipar Euskal Herriko hondartzetan. 2022ko udan iragandako idorteagatik, Euskal Hirigune Elkargoak erabaki zuen Ipar Euskal Herriko kostaldeko hondartza guzietan ziren dutxak kentzea, ura gastatzea ahal bezainbat saihesteko. Neurria aurten arte ezarri dute.

Egun eguzkitsu baten bukaeran, Angeluko Les Corsaires hondartzako (Lapurdi) parkinga autoz betea da oraindik. Hondartzaren sartzean jendea pilatzen hasten da, bertan baden ura edateko errobinet ttipiaren aitzinean, gorputza garbitu ahal izateko. Dutxarik ez da gehiago; beraz, ahal bezala garbitzen saiatzen da jendea, iturri ñimiño bat bada ere.Jarria, hanka baten gainean, binaka, buruz behera; jendeak ahal duen bezala tolesten du gorputza, hondarra ahal bezainbat kentzeko.

«Altxa pixka bat gehiago zure oina, ez duzu lortuko!», bota dio bere haurrari Ana Martinezek, bere altzoan duela eta. Angeluarra uda oro bere haurrekin hondartzara heldu da, bereziki bero handia delarik, haurrak freskatzeko. Azken bi urteetan izan den dutxen eskasia anitz nabaritu du. Aski «lanjerosa» iruditzen zaio holako ur iturriak kentzea, bereziki azken asteetan izan diren bero handiekin: «Erabakia ulertzen dut hein batean, baina, halere, pertsona aski ahulentzat ezinbestekoa da ur iturri bat izatea, izan haurrak, zaharrak, edota haurdun direnentzat», esplikatu du Martinezek. Gehitu du higienea zaintzeko garrantzitsua dela dutxak uztea, ura oso kutsatua baita. 

Guillaume Barucq medikuak eta Miarritzeko (Lapurdi) zinegotziak bat egin du Ana Martinezen iritziarekin. Azken asteetan sare sozialetara igo dituen mezuen bidez, erabakia gogor kritikatu du: «Hondartzetatik dutxak kentzea erregresio larria da higiene eta osasungarritasun publikoarentzat», mezua zabaldu zuen. Hondartzarengatik sortzen diren eritasun eta infekzioak saihesteko, dutxa beharrezkoa dela azpimarratzen du, dutxak kentzea «tratu txarra» dela pentsatzen du, bereziki hondartzara doazen «pertsona ahulekiko».

Gehiegizko erabilpena

Iturrietatik ez hain urrun, Uhaina Surf surf eskola bada. Bertako jabea eta langilea, Iban Ithurbide, egoeraz hunkitua izan da. Informazioaren berria jaso zuelarik aski «kezkatua» zen, bere lankideak bezala, ura beren materiala garbitzeko behar baitute. Baina orain, erabakia guztiz ulertzen du, eta neurri argia izan dela pentsatzen du. «Anitzetan uraren gerla izanen dela entzuten dugu; dutxak moztea ideia ona da, ura eta gure Lurra babesteko».

Dutxak oraindik erabiltzen ahal zirelarik, Ithurbidek ikusten zuen jendeak nolanahika erabiltzen zuen ura, botilak dutxako urarekin betetzen etxera ekartzeko, edo, bainatu ez direnek, dutxak hartuz freskatzeko... Halere, herriko etxeak kontraesanak dituela ohartarazi du: «Dutxatzeko ura mozten dute, baina komun publikoak ur garbiarekin garbitzen dira oraindik ere; ez du zentzurik, zozoa da».

Nahiz eta alde izan, Ithurbideren bezeroek ez dute haren iritzia; usu «harrapatuak» direla erran du, eta kexu hori komunikazio faltari lotzen dio: «Erabakiaren zergatiak ez dira batere zabalduak izan; guk ere ez ez dakigu zergatik ez diren erabilgarriak».

Uztail bukaeran sare sozialetan eskera bat zabaldua izan da, dutxak berriz erabilgarriak izan daitezen. Oraingoz kasik bi mila sinadura lortu ditu. Baina, oraindik ere, jendeak etxera ekarri beharko du hondarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.