'Hondar ahoak', Ondarroan girotutako thriller bat ETBn

ETB1ek gaur gauean estreinatuko du Koldo Almandozen aurreneko telesaila. Lau atal izango ditu Txintxua Filmsek sortutako fikzioak

Eneko Sagardoi eta Nagore Aranburu, Hondar ahoak telesaileko fotograma batean. EITB.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Urrian Alardea telesaila eman du ETB1ek, eta azaroan Hondar ahoak-en txanda heldu da: euskarazko kateak barne ekoizpeneko telesail berria estreinatuko du gaur, 22:30ean. Lau atal izango ditu, eta, gaur bezala, asteazkenero izango da ikusgai. Txintxua Films ekoiztetxeak —zineman aritu ohi da— sortutako telesailak thriller generoaren eta zinema beltzaren elementuak nahasten ditu.

Edu Barinaga ETBko zuzendaria «pozik» agertu zen atzo, Hondar ahoak-en aurkezpenean: esan zuen emaitzak merezi izan duela. Txintxua ekoiztetxearen, Koldo Almandoz zuzendariaren eta lantalde osoaren «kalitatea» nabarmendu zuen, eta zinema telebistara hurbiltzeko «aukera berezia» azpimarratu. Halaber, gaineratu zuen ETBren asmoa dela datorren urtean fikzioarekin jarraitzea, eta erronka bota zien Txintxua etxekoei, «urratutako bideari segida eman diezaioten eta datorren urterako proiektu berri bat aurkeztu dezaten».

Marian Fernandez Hondar ahoak telesaileko ekoizle eragilea bat etorri zen, eta lortutako «emaitza ona» nabarmendu zuen. Talde guztiaren «inplikazioa» aipatu zuen, eta ikusleek telesaila nola hartuko duten zain dagoela adierazi. Hasiera-hasieratik Almandoz zuzendariak eta Fernandezek fikzioa Ondarroan (Bizkaia) kokatzea pentsatuta zeukaten, «abiapuntu estetiko eta soziologikorako guztiz egokitzen zelako». Erabakiaz ez dira damu, «herriak agertutako inplikazioa oso handia izan baita». Udako grabaketetan «laguntza handia» eman zuten kostaldeko herriko bizilagunek, Fernandezek azaldutakoaren arabera.

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi dira telesaileko aktore protagonistak. Lantaldearen «kalitatea» eta «profesionaltasuna» nabarmendu ditu Aranburuk. Telesaila ikusteko «irrikan» dago aktorea. Halaber, genero beltza ukituz, «inspektore desatseginaren» rola jokatuta oso ondo pasatu duela azaldu zuen. Eneko Sagardoi, berebat, «oso gustura» agertu da esperientzia guztiarekin. Aranbururekin lan egitea «ametsa» izan da harentzat. Bestalde, Hondar ahoak «geruza asko dituen lan bat» dela esan zuen Sagardoik, eta estetikoki eta artistikoki apustutzat jo du.

Koldo Almandozek zera esan zion BERRIAri, urrian: «Gurea eta bereizgarria den geruza bat gehitu diot generoari». Basque noir gisa definitu zuen Almandozek bere lehen telesaila.

Intrigazko istorio bat

Telesailaren trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Marinelen usadio batek dio itsasoko sekretuak lurrean kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaiola, itsasotik lurrera eramandako hitzek urratsak uzten dituztelako.

Nerea Garcia (Nagore Aranburu) inspektorea Bilbotik arrantza portu batera bidaliko dute, patroi baten desagertzea ikertzera. Alex (Eneko Sagardoi) herriko agentearen laguntza izango du lan horretan. Berehala jabetuko da ez dela ohiko desagerpen bat, eta ezer ez dela dirudien bezalakoa. Ezin da aldez aurretik jakin iraganak zer ekarriko duen. Eskandinaviako zenbait telesailen estiloko pertsonaia da Nerea Garciarena. Halakoekin paralelismoak aurkituko dituen telesailzaleak egongo dira.

Aranbururekin eta Sagardoirekin batera, Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute aktore taldea. Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartzen dute telesailean. Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez-profesionalek ere presentzia garrantzitsua dute istorioan.

Koldo Almandozen zinemako lanetan alboan izaten dituen ohiko profesionalak aritu dira Hondar ahoak-eko lantalde teknikoan: Javier Agirre argazkilaritza zuzendaritzan, eta Alazne Ameztoi eta Xanti Salvador zuzeneko soinuan. Arte zuzendaria Ane Arteaga izan da; bigarren unitatea Asier Altuna zinemagilearen esku egon da. Musika Aitor Etxebarriak sortu du. Muntaiaren arduradunak, berriz, Laurent Dufreche eta Demetrio Elorz izan dira.

Gidoiak idazteko, Almandozek Anjel Aldarondoren eta Marian Fernandezen laguntza izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.