Alice Nkom. Giza eskubideen aldeko abokatua

«Homosexualak ezkutatuta eta beldurrez bizi dira Afrikan»

Homosexualak erraz kartzelatzen dituzte Kamerunen; gizarteak, Elizak eta gobernuak baztertu egiten dituzte; egoera aldatzeko, nazioartearen laguntza eskatzen dute defentsan ari diren abokatu gutxiek.

Bilbo
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Duela 50 urte, Afrikako abokatutzaren esparrua gizonen esku zegoen, eta homosexualen defentsa egitea ia pentsaezina zen. Baina Alice Nkomek (Kamerun, 1945) haien artean toki bat egitea lortu zuen, eta Kamerungo aurreneko abokatu emakume beltza bihurtu zen, 24 urte zituela. Urteak eta urteak eman ditu Afrikako gay eta lesbianen eskubideen alde borrokan. Asteon, Bilbon izan da, EHUko udako ikastaroetan antolatutako Komunikazioa, gatazkak eta garapenerako lankidetza topaketetan hitzaldi bat ematen. LGTB kolektiboak (lesbiana, gay, transexual eta bisexualak) Kamerunen duen egoera ezagutarazi du.

Mehatxuak jasaten dituzu gay eta lesbianak defenditzeagatik. Nola eramaten duzu egoera hori?

Abokatuentzat oso arriskutsua da horrelako ekintza motetan sartzea. Ez gara asko. Ez da lan erraza izaten, baina urte asko daramatzat, eta ohituta nago oztopoei aurre egiten. Gai hau tabua da: homosexualek ezkutuan bizi behar dute Afrikan. Giza eskubideei eta pribatutasunari buruz ari gara; hori dela eta, eztabaida sortu behar dugu gizartean.

Urte hauetan zer aldatu da Kamerunen? Nola bizi dira gay eta lesbianak?

Egoerak okerrerantz egin du, oro har. Duela 30 urte, edateko ura ateratzen zen etxeko txorrotatik, eta gai nintzen nire haurren biberoiak betetzeko. Gaur egun, nire ilobena ezin dut bete etxeko urarekin. Herrialde bateko lider bat bere herria edateko urez hornitzeko gai ez denean, gizartearen arreta beste gai batzuetara desbideratzen ahalegintzen da. Futbola eta homofobia oso erabiliak dira horretarako. Egun, horri esker, estigmatizatuta bizi dira homosexualak. Gogoan dut 2003an lau mutil etorri zirela nire bulegora. Frantziatik oporretan etorri ziren Kamerunera. Haietako bi bikotea zirela sumatuta, erabaki nuen abisu bat eman behar niela. Azaldu nien zer gertatuko zen jendeak lagunak baino gehiago zirela igartzen bazuen. Txundituta eta beldurrez begiratu zidaten.

Lesbianen egoera are zailagoa al da oraindik?

Ez, egoera bera da guztientzat, oso txarra. Haurtzaroan has daitezke arazoak. Diru asko xahutzen dugu haurrak atzerrira bidaltzen. Pentsatzen dugu gure herrialdea eraikitzen lagunduko dutela bueltatzen direnean, kanpoan ikasitakoarekin. Batzuk oso gazte bidaltzen dituzte; horren ondorioz, atzerrian hasten dira sexu orientazioa deskubritzen, eta, noski, askok homosexualitatea aukeratzen dute. Horiek, bueltatzean, umiliazioa, jazarpena eta kartzela baino ez dute aurkituko.

Afrikako zein herrialdetan da errepresiorik bortitzena?

Kamerunen daude homosexualen aurkako lege gogorrenak, eta atxiloketa gehienak han izaten dira, isilpean. Nazioartea Ugandari begira dago, onartu duen lege zapaltzaile bat dela eta. Baina, jazarpenari dagokionez, Ugandan baino okerragoa da egoera Kamerunen.

Zer argudio erabiltzen dituzte gazte homosexualak kartzelatzeko?

Edozein keinuk edo hitzek balio du pertsona bat espetxeratu ahal izateko. «Maite zaitut», esaten duen mezu bat bidaltzea ere oso arriskutsua izan daiteke. Norbaitek homosexuala zaren susmoa hartzen badu, arazoak izan ditzakezu berehalaxe. Janzkerarekin adi ibili behar dute. Ez da onartzen emakume jantzirik erabiltzea. Oro har, jendea telebistatik edo irratitik urrun dago, eta tradizioei helduta bizi da. Homosexualitatea mendebaldetik datorren gaitz bat dela uste dute, eta ez dute onartzen. Ez dira ohartzen benetako errepresioa beren herrialdetik bertatik datorkiela, pentsamolde bat inposatu baitiete.

Oihartzun handia izan zuen bi gazteren kasuak: kartzelatik ateratzea lortu zenuen.

Bai, 2011n gertatu zen. Bost urteko espetxe zigorra ezarri zieten bi gizoni. Denetarik entzun zen: emakume jantzita zebiltzala, kalean aho sexua egiten ari zirela, eta abar. Nire indar osoa jarri nuen kasu hori irabazteko, eta, azkenean, aurreiritziengatik epaituak izaten ari zirela frogatzea lortu genuen. Tamalez, horrelako kasuak behin eta berriro errepikatzen dira.

Kamerunen, homosexualitatea debekatuta dago. Ba al dago debekuari jendaurrean aurre egiten dion mugimendu indartsurik, ala klandestinitatera edo atzerrira joatera kondenatuta daude?

Homosexualitatea ilegala denez, oso zaila da edozein mugimendu mota aurrera ateratzea: gero eta gehiago kriminalizatzen ari dira. Homosexualak ezkutatuta bizi behar dute Afrikan, beldurrez. Atzerrira alde egitea aukera bat da, baina denek ez dute horretarako diru nahikorik.

Kartzelatuei ere laguntzen diezu. Nola daude espetxean?

Oso gaizki bizi dira; ezin da deskribatu haien egoera. Kartzela infernua da haientzat. Dena galtzen dute: arratoiak baino okerrago tratatzen dituzte. Oso gogorra da. Kartzeletako langile asko homofoboak dira, eta ez diete babesik ematen: oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiete. Inork ez ditu entzuten haien kexak; egoera horretan, laguntzen ari garenok familia, lagun eta itxaropen bihurtzen gara. Homosexuala izateagatik kartzelatzen dituztenean, amek ere arbuiatzen dituzte. Eta okerragoa da askatzen dituztenean: gizarteratzea ia ezinezkoa da.

Ba al dago egoera iraultzeko aukerarik?

Ezbairik gabe, badago aldaketarako aukera, baina lan handia egin behar dugu hori aldatzeko.

Aldaketa etorriko bada, nondik etorriko da?

Afrikako agintariek pentsamoldea aldatu behar dute. Lehenengo zailtasuna administraziotik dator. Agintariek esaten didate nire elkarte ADEFHOk egiten duen jarduera ezin dutela legeztatu, debekatuta dagoen zerbait defendatzen ari naizelako. Kamerunen badaukagu elkarteak libreki sortzeko askatasuna ematen duen lege bat, baina testu bat baino ez da. Berlingo Harresia eraitsi zutenean eta demokraziaren liberalizazioa gertatu zenean, Afrikako liderrak ez zeuden horretarako prest. Inork ezin du bortxatu zure etxeko pribatutasuna. Kamerunen, sexu harremanak etxean egin behar dira. Ezin da inor bortxatu, adingabeekin ezin da harremanik eduki, eta ezin da kanpoaldean praktikatu: horiek dira mugak. Beraz, pribatutasunean egiten den bitartean, ez lioke inori axola behar nola egiten den.

Zer erantzukizun daukate Afrikatik kanpoko herrialdeek Afrikako homosexualen egoeran?

Mandelak arrakasta handia lortu zuen apartheid-aren kontrako borrokan, eta, neurri batean, nazioartean zabaldu zen oihartzunari esker lortu zuen. Kanpoko indarrak aliatu garrantzitsu izan ziren. Kasu honetan ere, Mendebaldeko herrialdeen laguntza ezinbestekoa da Afrikako agintarien jarrera aldatzen laguntzeko. Zuen esperientziak behar ditugu. Giza eskubideei buruz ari garenean, guztion ardura da.

Kritikatu izan duzu Mendebaldeko gizarteek Afrikako egoerarekin duten jarrera.

Ez dira behar beste egiten ari. Kasu batek edo bestek oihartzuna lortzen duenean, arreta erakartzen dugu, baina ahaztu egiten da berehala.

AEBetan XIX. mendera arte izandako esklabotasunarekin konparatu duzu Kamerungo egoera. Hain larria al da?

Esklabotza mundu osoari eragiten zion arazo handi bat izan zen; toki batzuetan bada oraindik ere. Homosexualekin beste hainbeste: giza eskubide bat urratzen ari dira bai batean eta bai bestean. Elkartasuna funtsezkoa da horren aurka borrokatzeko. Beti egongo da bere pentsaera inposatzen saiatuko den beste bat, eta horren aurka indarrak batu behar dira. Kamerungo gay eta lesbianentzat oso garrantzitsua da jakitea ez daudela bakarrik.

Zer pisu du gaur egun erlijioak horretan?

Erlijioa da nire lanean aurkitzen ditudan harresi altuenetako bat. Jendeak esperantzarik ez duenean, kexak inori kontatu ezin dizkionean, Jainkoarekin hitz egiten du. Batez ere, helduak hurbiltzen dira elizara, eta apaizek diotena entzuten dute. Homosexualen aurkako diskurtsoa behin eta berriro errepikatzen denez, oso erraza da haiengan eragina izatea.

Zer egin daiteke estigma bukatzeko?

Eliza, politikari, administrazio eta familiekin hitz egin. Afrikako emakume orok ilobak eduki nahi ditu, eta homosexualitatea horiek ez edukitzearen sinonimo da. Amak ulerberak dira, baina, gizartearen presioa dela eta, arbuiatu egiten dituzte seme-alaba homosexualak. Helduak hezi behar dira umeak ere babesteko.

Hiesaren aurkako borroka handia da zurea. Egoera larria da oraindik Afrikan, ezta?

Sidado erakundean lan egiten dut, eta nerabeak hiesetik babestea da xedea. Gaixotasun horren inguruan ez dago ez prebentziorik eta ez informaziorik, nahiz eta oso gaitz arriskutsua den. Gainera, mundu osoko krisia nabaritu dugu; izan ere, nazioarteko erakundeek Afrikari bidaltzen dizkioten laguntza ekonomikoek behera egin dute.

Haurren defentsan konprometituta zaude. Zure haurrez gain, beste 50 adoptatu dituzu. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Nahiago du pentsatu haiek ni adoptatu nautela. Kamerunen eta atzerrian bizi dira, eta, kanpora bidaiatzen dudanean, ni ikusten ahalegintzen dira. Nire maitasuna nahi badute, nola esango diet ezetz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.