1965ean hil zuten Malcom X, eta hiru urte geroago Martin Luther King Jr. Bi gertakari horien tartean, 1966an, sortu zuten Pantera Beltzak alderdia, AEBetako beltzen komunitatearen bizimodua eta eskubideak hobetzeko erakunde politikoa.
Alderdiaren sortzaileetako bat izan zen Huey P. Newton, eta haren bizitza gatazkatsua fikziora eraman du Apple TV Plusek, sei ataleko The Big Cigar telesailean. FBIk estu hartu zuen Newton hastapenetik, eta hark indarrak batu zituen Hollywoodeko ekoizle batekin, jazarpen nazionalari izkin egin eta Kubara ihes egiteko.
Horixe da telesailaren ardatz narratiboa, eta dozenaka hari mutur ditu. Pantera Beltzen idealak, hamar puntuko programa, barne antolaketa, iruditeria... eta, batez ere, botere orekei, politikan eragiteko estrategiei eta iraultza kulturalei loturiko hainbat gogoeta.
Lehen eszenetan, Newton eta gainerako alderdikideak tinko ageri dira, eskopetak zerura zuzenduta, militarren tankeran. Aurrerago, ordea, liderrak armak albo batera utzi, eta telebista saioetan parte hartzen hasiko da, hezkuntza, etxebizitza eta osasungintza alorretan baldintza hobeak eskatzen komunitate beltzarentzat.
Protagonistak polizia indarkeriari modu oldarkorrean aurre egingo die lehendabizi, baina, gero, agintean daudenei izkin egiten hasiko da, Hollywoodeko trikimailuak baliatuta. Translazio horrek Argo (Ben Affleck, 2012) filma dakar gogora ezinbestean, eta, hain justu, iturburu berbera dute filmik onenaren Oscarra irabazi zuen lan horrek eta The Big Cigar nobedadeak. Biak ala biak Joshuah Bearman kazetari estatubatuarraren artikuluetan oinarrituriko proiektuak dira.
Kameraren atzean bada nabarmentzeko moduko beste izen bat: Don Cheadle aktore ezagunak zuzendu ditu telesailaren lehen bi atalak. Besteak beste, Hotel Rwanda, Crash eta Traffic filmetan aritua da Hollywoodeko izarra, eta honakoa du zuzendari modura egindako bigarren lana. Aurrez, Miles Davis jazz tronpetista ezagunaren inguruko biopic-a osatu zuen, 2015ean.
Lehen atalaren abiadako muntaketa ikusgarria da, off-eko ahotsa eta musika doinu ezagunak erabilita Martin Scorsesek sarritan egin izan dituen horien tankerakoa. Oraingo honetan, Nina Simonen Sinnerman klasikoa da telesailaren erritmo bizia ezartzen duen ereserkia. Komunitate beltzaren inguruko pantaila handiko erreferente nagusia, hau da, Spike Lee espero lezake norbaitek amaierako kredituetan, baina haren izena ez da inon ageri; izan ere, Leek 2001ean jada egin zuen Pantera Beltzen buruzagiaren inguruko oroimen ariketa A Huey P. Newton Story dokumentalean.
Oraingoan, Andre Holland (The Eddy, Moonlight, The Knick) aktoreak egin du Newtonena, eta, Appleren kalitatezko zigilupean, goi mailako entretenimendua gauza ia ziurra da. Dena den, polemikarik ere ez da falta. Jim Hecht, Janine Sherman eta arestian aipaturiko Bearman... Telesaileko hiru arduradun nagusien artean ez dago beltz bakar bat ere.
Datozen asteetan helduko diren gainerako lau ataletan, beraz, Bert Schneider ekoizlearen pertsonaia da arreta handienaz aztertu beharrekoa. Argitzeko ea oraingoan ere Hollywoodek bere burua eta gizon zuria irudikatzen ote dituen komunitate beltzaren salbatzaile gisa.
fitxa
- Sortzaileak. Jim Hecht eta Janine Sherman.
- Aktoreak. Andre Holland, Alessandro Nivola, Tiffany Boone, Marc Menchaca eta P.J. Byrne.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Apple TV Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama.