Komunikazioa

Hogeita bi irratsaio propio

Bergarako Txapa irrati libreak inoiz baino irratsaio propio gehiago ditu: 22 guztira, ia denak euskaraz. Irratia kalera ateratzen dute, herriko ekimenen berri eman eta bizirik daudela erakusteko.

30 bat lagunek egiten dute posible Txapa irratia. Irudian, denboraldiaren aurkezpena. TXAPA IRRATIA.
Adrian Garcia.
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Azken hogei urteetan eduki dugun saio kopuru handiena da».Iñaki Herrerosek 25 urte daramatza Bergarako (Gipuzkoa) Txapa irratian buru-belarri, eta ez du sekula horrenbeste irratsaio propio kudeatu behar izan. 30 lagun inguruk parte hartzen dute herriko irratian; askotariko adinekoak. «Zaharrenak 60 urte ditu. Gazteenak, 18 inguru». Bergarako askotariko jendea lotu da irratira. Hori da, Herrerosen ustetan, irratiaren arrakastarik handiena.

Irrati «pirata» gisa definitzen dute; ez dute lizentziarik, ezta, oraingoz behintzat, eskatzeko asmorik ere. Elkartea osatu beharko lukete horretarako. «Txaparen izaera aldatuko litzateke guztiz. Nahiago dugu batzar bidez lan egiteko modua. Oraingoz, ez dugu beharrik ikusten». Bergarako gaztetxetik emititzen dute. Diru laguntzarik jaso ez arren,udalarekin egindako hitzarmenari esker ez dute argindarrik ordaintzen.

1984. urtean sortu zuten irratia Bilbon kazetaritza ikasten ari ziren hainbat lagunek. Tas-Tas irratiak garai horretan ekin zion uhinetan emititzeari Bilbon, eta Bergarara eraman nahi izan zuten irrati librearen eredua. «Bergarako plazan asteburutan hasi ziren irratia egiten», azaldu du Herrerosek.

Orain bost urte, lauzpabost irratsaio zituzten. Orain, 22, denak euskaraz bat izan ezik. «Bergarako hizkuntza da euskara, baina nahi duenak beste hizkuntzetan egin dezake irratsaioa». Herrerosen esanetan, «garbi jokatzea» da horrenbeste jende irratira batzearen giltzetako bat. «Denbora-pasa bat da. Ez da nahitaezkoa astero irratsaio bat egitea. Bakoitzak ahal duena egiten du». Batik bat, herriko gaiak jorratu, eta bertako ekimenen berri ematen dute. «Irratia kalera ateratzen dugu, jendeak horrela Txapa bizirik dagoela ikusten baitu».

Beste irrati asko bezala, garai berrietara egokitu da Txapa, eta webgunea berritu dute aurten. «Zuzeneko irrati bat gara. Baina irratsaioak edozein unetan entzuteko aukera ematen du webguneak». Twitter eta Facebook bidez zabaltzen dituzte irratsaioak, arrakasta handiarekin. «Irratsaio batek 400 deskarga izan ditzake. Irratsaioa egiten dutenentzat motibazio handia da».

Irratsaio berriak

Berrikuntza ugari ditu berriki hasitako denboraldiak. Eskuliburu ilustratua irratsaioak teknologia berriak eta informatika ditu hizpide astelehenero, 21:30ean. Hau mundu bitxia-k, berriz, planetako izaki bizidunen bitxikeriei buruz jarduten du asteazkenero, 20:00etan. Musikaren bueltan aritzen dira jarraian, 21:00etan, Errusiar txuria-n. Ondoren, 22:00etan, atzera begiratu eta bizitzako hainbat kontu nola aldatu diren hausnartzeko proposamena egiten dute. Nola aldatu diren gauzak saioan, aspaldi elkar ikusi gabeko hiru lagunek egiten dute topo. Astero gai bat hartu, eta azken hogei urteetan gai hori nola aldatu den aztertzen dute. Ostegun bazkalostean, sorginkeriei buruz mintzatzen dira Zapuak kazuelara-n. «Umorez eginiko irratsaio bat, bi sorginen eskutik». Horrelaxe aurkeztu dute irratsaioa ekoizleek berek.

Berriez gain, irratian «ohiko» bilakatu diren irratsaioak ere entzun daitezke, Kolax eta Berbenir musika saioa, kasurako. 2005. urtean hasi zuten Kolax «albistegi kontrainformatiboa», ohiko irratietan entzun ez daitekeena eskaintzeko xedez. Irratsaio propioekin ez ezik, Arrosa sarekoekin ere betetzen dute programazioa.

Osasuntsu ospatuko du irratiak 30. urteurrena datorren urtean. Hasiak dira prestatze lanetan:«Egitarau zabala izango dugu 30 urteak ondo ospatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.