Edurne Garmendia

«Hogei urteko gazte asko baino gazteagoak gara gu espirituz»

Musikaz inguratuta kontent pasatzen ditu orduak Edurne Garmendiak irratian, nahiz eta zenbaitetan atsegin ez dituen abesti batzuk jarri behar izan. Ez du uste euskal musika bereziki ona edo txarra denik, euskal musika «daukaguna» dela dio.

2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ezaguna da Edurne Garmendiaren (Ordizia, 1972) ahotsa; bai, behintzat, Euskadi Gaztea entzuteko ohitura duenarentzat. Goizero zabaltzen dira haren barreak eta umore ona Dida irratsaioaren uhinetan, eta oraindik ere hala jarraitzeko asmoa duela dio: Gaztean gazte. Lanean hasi zenetik irrati horretan dihardu, etaegunerokoan oso eroso sentitzen da. Nabari da gustuko duela egiten duena.

Gogorra izango da beti lanean barre egin behar izatea, ezta?

Bai, ondo pasatzen dugu, bai. Goizero badugu zerbait, eta, gehienetan, ez zaigu asko kostatzen txorakeriatan ibiltzea. Gu garen modura agertzen gara irratian, zirikatzen, egoera barregarriak sortzen... Hala ere, ez pentsa, beti ez da erraza izaten, egun guztiak ez dira berdinak, eta umorea islatzeak ez du esan nahi egun ona dugunik…

Baina zuek beti izaten duzue tirabiraren bat…

Jon Gotzonen kulparengatik dira beti! Pasatu egiten da, eta gu egoera samurtzen aritzen gara, indarra kentzen… Batzuetan erdaraz aritzen da, besteetan berdeegi jartzen da edo norbaitekin sartzen da… Beti ari da zirikatzen! Batzuetan, gainera, ezin izaten diogu eutsi; azken batean, pailazo zuriarena egitea ere zaila izaten da.

Dena dela, arrakastatsua da Dida saioa eta jende askok entzuten du.

Bai. Hala ere, ez dakit zein den horren sekretua. Kolore askotako jendea hartzen dugu, denekin konektatu ahal izateko. Gure formatua nahiko arina da, gaztea, eta modan dauden gauzak erakusten saiatzen gara. Erakargarria da gazteentzat, eta gure adinekoentzat ere bai, gure erreferentziak adin horretakoak direlako eta esparru hori ondo ezagutzen dugulako.

Orduan, nola da hori? Gaztea gazteek egiten duzue?

Kar-kar-kar. Gu hogei urteko gazte asko baino gazteagoak gara espirituz! Gaztetasuna ez da adinean bakarrik neurtzen, barrua nolakoa duzun ere kontuan izan behar da; eta gu nahiko umeak eta txolinak gara. Gainera, adinarekin eskarmentua dugu, eta hori ona da.

Lanetik kanpo irratia entzuteko ohiturarik baduzu?

Bai...

Euskadi Gaztea?

Ez... Agian, lanetik ateratzen naizenean-edo, deskonektatuta eta siestarako prest nagoenean, baina normalean albistegiak entzuten ditut. Kotxean Radio Nacional, Cope, SER eta horiek entzuten ditut goizetan! Konkurrentzia kontrolatu beharra dago! Kar-kar-kar... Ez, gure saioan fikzioak tarte handia du, baina baita informazioak ere, eta, beraz, informatuta egotea oso garrantzitsua da.

Euskal Herrian zer-nolako musika dugu? Ona?

Niri iruditzen zait musika estilo asko daudela... Eta maila? Ona? Tira, bai. Ez da ona ez txarra, maila da daukaguna, gurea. Hemen materiala badugu, baina betikoa gertatzen da: azpiegiturak, dirua... Baina, bai, denetarik dago, eta tartean euskal musika ona ere bai, noski.

Eta gertatu al zaizu inoiz abesti bat entzun eta arrakastarik izango ez zuela pentsatu arren jende guztiak hori entzun nahi eta zuek irratian behin eta berriro jarri behar izatea?

Bai, askotan… Hori dezentetan gertatzen da.

Orduan batzuetan nazkatuta bukatuko duzue!

Bai! Abesti batzuk ez dituzu hasiera-hasieratik jasaten! Ez da hamaika aldiz entzun eta nazkatu egin zarelako, ez, batzuetan ez zaizkizu batere gustatzen, eta behin eta berriro jarri behar dituzu! Guk ez baitugu guri gustatzen zaigun musika jartzen… Gu ahalik eta jendetza zabalenera iristen saiatzen gara, eta ditugun datuen, albisteen eta zerrenden arabera jartzen dugu musika, baina batzuetan zenbait abesti sekulakoak izaten dira...

Irratiaz gain, noizean behin Anitzele saioan ere agertzen zara kolaboratzaile modura… Zer moduz telebistako esperientzia?

Oso-oso ona. Nire lanaren beste alde bat erakusten dut hor, agian ez hain gaztea, serioxeagoa da… Asko gustatzen zait, ni kazetaria naiz, eta, azken finean, kazetaritzaren beste formatu bat lantzeko aukera izaten dugu… Oso gustura sentitzen naiz.

Bokazio duzu kazetaritza?

Txikitan ez nuen garbi, erdi kasualitatez hasi nintzen... Institutuan paper pila bat eman zizkidaten ikasketak aukeratzeko, eta nik hor kazetaritza, soziologia, politika… jarri nituen. Lehenengo aukera kazetaritza izan zen, baina beste edozein izan zitekeen. Hasieran, motibazio handirik gabe, egia esan; baina gero, bai, pixkanaka, honetan sartu, eta gero eta gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Asmatu egin nuen aukeraketarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.