Hogei urte kolektiboa marrazten

Irudigileen sektorea «duintzeko eta batzeko» sortu zen Euskal Irudigileen Elkartea, duela hogei urte. 30 kiderekin hasi zen, eta 175 lagun inguru dira gaur egun. Partaideek diote nazioartean zein Euskal Herrian lekua egin dutela

Euskal Irudigileen Elkartearen erakusketa, Aieteko kultur etxean
Euskal Irudigileen Elkartearen erakusketa, Aieteko kultur etxean. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Ordu ugari igarotzen dituzte irudigileek beren estudio edo etxeetan bakarrik lanean. Milaka kartel, kanpaina eta argitalpen kolorez eta esanahiz hornitzen dituzte, baina, sarri, ez da jakiten noren eskua dagoen irudi horien atzean. Horri aurre egiteko eta hogei urteko ibilbidea jasotzeko sortu du erakusketa bat Euskal Irudigileen Elkarteak Aieteko kultur etxean. Erakusketako kartelean, elkarteko kide bakoitzak bere autorretratua marraztu du, irudien atzean haiek daudela aldarrikatzeko.

Dani Maiz izan zen elkartearen lehenbiziko lehendakaria: «Ikasketak egin nituen arte eskolan, eta lehenengo promozioa ginen ilustrazio ziklo formakuntza hori hasi zenetik. Bukatu genuenean, nik eta nire ikaskideek ez genekien nondik hasi». Merkatua nola zegoen aztertzen hasi, eta Jesus Zulet ilustratzailea ezagutu zuen Maizek. Nafarra izanik ere, Madrilen bizi zen ordurako, eta bertako irudigileen elkartearen parte zen. Berak proposatu zion Maizi Euskal Herrian ere halako zerbait egitea.

Ordu hartan, Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian [Herrialde Katalanak] zeuden elkarteak martxan, eta horiek izan zituzten eredutzat: «Bartzelonako elkartea zen indartsuena, eta hara joan nintzen, elkarteko pertsonekin elkarrizketa batzuk egitera, nola funtzionatzen zuten jakiteko. Euskal Herrira bueltatu nintzenean, deialdi bat egin nuen, eta hiru lagun bilera batean bildu nituen. Paperak-eta geroago etorri ziren, baina momentu horretan bildu ginen irudigileek elkartea sortzea erabaki genuen». Hortaz, Kike Infamek, Javier de Isusik, Iñigo Lopezek eta laurek eratu zuten Euskal Irudigileen Elkartea.

«Hasieran, irudigile guztiak elkartuta egotea zen elkartearen helburua, eta gure lanbidea duintzea».

DANI MAIZ Irudigileen Elkarteko sortzaileetako bat

Inolako dirurik eta laguntzarik gabe aritu ziren lehenengo urteetan, musu truk ekintzak antolatzen. «Hasi berriak ginen, eta esfortzu handia egin genuen. Hasieran, irudigile guztiok elkartuta  egotea zen helburua, eta gure lanbidea duintzea. Pixkanaka, geneukan informazioa denon artean mugitzen eta gure lanbidea hobetzeko gauzak egiten hasi ginen». Guztira, ilustrazioaren munduko 30 lagun inguru elkartu ziren, eta, pixkanaka, askotariko estiloak lantzen dituzten kideak batu dira: animazioak egiten dituztenak, komikiak, liburugintzan aritzen direnak... Gaur egun, 175 bazkide inguru dira.

Erakusketa mugarria

Ondo gogoan du Maizek zein izan zen elkartearen inflexio puntua. Celedonio Otaño, Velezuelan urte askoan erbesteratua egon zen karikaturista eta margolaria hil berri zen, eta elkarteko kide batek haren alabarekin hitz egitea lortu zuen. «Egunkarietan albiste txiki bat soilik egin zuten haren heriotzarekin. Elkartearen hasierako filosofian bazegoen duintasun prozesu horretan irudigile zaharrak errekonozituak izatea ere. Orduan, zeozer egin behar genuela pentsatu genuen, bere memoria oroitzeko eta gizartean erakusteko zer garrantzi dugun profesional mailan», esan du.

Erakusketaren harira hasi zuten Mikel Toral Bilboko Udaleko kidearekin harremana, gerora Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean lan egin zuena. Lehen ekintza horren ondotik, beste batzuk antolatzeko proposatu zien Toralek, baita diru laguntza bat jasotzeko aukera hizpidera ekarri ere: «Momentu horretatik aurrera, guztiz aldatu zen elkartearen norabidea, baliabideak... dena. Esti [Zearsolo, elkarteko langilea] sartu zen lantaldean, diruarekin erabaki genuelako pertsona bat kontratatzea, paperak eta horrelako gauzak egiteko».

Maizek hamahiru urteren ondoren erabaki zuen lekukoa emateko garaia zela, eta Elisabeth Perezek hartu zuen lehendakari postua. Haren bidez, nazioartera heldu zen elkartea, besteak beste, Gasteizen egiten den Irudika nazioarteko ilustrazio topaketari esker. Alemanian bizi da Maiz azken urteetan, eta, urrunetik bada ere, harrotasunez begiratzen dio egindako ibilbideari: «Denborak erakutsi du Elisabeth zela pertsonarik aproposena posturako».

Euskal Herrira begira

Fernandezen ardurapean urte batzuk eman ondoren, Higina Garai eta Maria Altunarekin batera hartu zuen Asier Iturralde Gaston irudigileak elkartearen zuzendaritza, 2021ean. Lehendakariordea da paperetan, baina azken urtean lehendakari lanak ere egin ditu, Garaik eta Altunak haien karguak utzi ondoren.

Hamar bat urte daramatza Iturraldek elkartean. Diseinu grafikoan urte batzuk egin ondoren murgildu zen ilustraziogintzan, bertan «erosoago» sentitzen zelako, eta orduan erabaki zuen elkartean sartzea, sektoreak nola funtzionatzen zuen ikasteko: «Nahiz eta ordurako komikigintzan aritzen nintzen, egiten nituen lanak nire kabuz, lehiaketetara aurkeztuz... baina profesionalago izaten hasi nahi nuen, lanbide bat sortu».

Estudioko txoko bakartitik atera, eta gainerako irudigileekin saretzeko aukera ematen die elkarteak. Bertute hori du elkarteak:  «Batez ere, kide guztiek gauza bera egiten dugula. Denek dituzte arazo berberak edo antzekoak, eta horrek asko laguntzen du, ikusteak beste lagun batzuk zure kasuistika berarekin».

Elkartea asko handitua zen Iturralde ardura postuan sartzerako, eta urteko konpromisoak betetzen nahikoa lan zeukatela aitortu du Iturraldek. Dena den, nazioartekotze prozesuaren ondoren, Euskal Herrira begira jartzeko beharra ikusi zuten: «Konturatu ginen Bolognan [Italia] edo Mexikon parte hartzen genuela, baina, adibidez, Durangoko [Bizkaia] Azokan ez, eta pentsatu genuen han ere egon behar ginela». Elkarlana abiatu, eta, azken hiru urteetan, jardunaldiak antolatu dituzte Durangon.

«Elkarteko kide gehienek ditugu arazo berberak edo antzekoak, eta asko laguntzen du horrek».

ASIER ITURRALDE 'GASTON'Irudigileen Elkarteko Lehendakariordea

Gainerakoan, ikastaroak antolatzen dituzte, profesionaltasuna lortzeko: nola lortu lana sareetan, nola kudeatu dirua, nola sustatu... Eta urtean behin, bi eguneko ikastaroak ere egiten dituzte, irudigile ezagunen baten eskutik. Aurten, esaterako, Raul Guridi Nieto liburugileak eman du saioa, eta ideiak nola lortzen eta garatzen dituen azaldu zien. Egile eskubideei lotutako aholkularitza zerbitzua ere badaukate, Ainara Legardonen eskutik.

Iturraldek esan du sektorea asko zabaldu dela azken urteetan, eta zerbait «alternatiboa» zena edozein esparrutan ikusten da orain. Langileen baldintzak, ordea, ez horrenbeste: «Ilustraziogintza nahikoa prekarioa da. Oso jende gutxi dago hortik bizi dena. Diru aldetik ez daude oso ondo baloratuta. Alde handia dago irabazten duzun diruaren eta sartzen dituzun orduen artean».
Urteurrenaren harira sortutako erakusketan, elkartearen bilakaera azaldu dute, kideen irudiak ikusgai jartzearekin batera. Kartelean haien aurpegiak marraztearen ideiak, aldiz, helburu bikoitza du: «Jendeak ikus gaitzan sortu genuen. Normalean ikusten ditu ilustrazioak, baina ez sortzaileak. Gainera, estiloen aniztasuna ikusten da bertan: ilustrazio zientifikoak, komikiak, helduentzako albumak, bideojokoak... denetarik dago».

Aurrera begira, baldintzak hobetzearekin batera, beste erronka bat izango dutela uste du Iturraldek: adimen artifizialarena. «Hor edukiko dugu krisi bat. Jende guztiarentzako garatuko dira erremintak, eta askok hortik aterako dituzte irudiak. Orain borrokan gaude, aplikazio horiek lapurtzen digutelako gure lana. Baina, sortuko dira beste batzuk lana lapurtu gabe sortzeko modukoak, eta hori izango da erronkarik handiena». Hortaz, lanbidea duintzeko bidea marrazten jarraituko dute, adimen artifizialari neurria hartzearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.