Bi hamarkadetako ibilbidea darama bizkarrean Euskadi txirrindulari fundazioak. Behetik hasi zen, eta pausoak ematen joan ahala, goi mailara ere iritsi da taldea Euskaltel konpainiaren eskutik. UCI Pro Tour ligan parte hartu du azken urteetan, baina berriz ere oinarritik hasi da lanean fundazioa. Izan ere, Euskaltel-Euskadi taldearen gidaritza osoa hartu du bere gain telefonia konpainiak, eta fundazioaren jarduna taldetik kanpo geratu da. Baina bideak aurrera jarraituko duela baieztatu du Miguel Madariaga fundazioko presidenteak: «Gure 1.700 bazkideei errespetua erakutsi nahi diegu, eta laguntzen jarraitzeko eskatu».
Hogei urteko ibilbide horretan taldeak erdietsi dituen lorpenak gogora ekartzen ditu Portugaleteko (Bizkaia) Santa Klara kultur gunean jarri duten erakusketak. Esaterako, 2008an Samuel Sanchezek Pekingo Olinpiar Jokoetan lortu zuen urrezko domina, Euskadiko itzulian lortutako elastikoak, trofeo ugari, edo Frantziako Tourrean irabazitako etapen argazkiak. Horiez gain, kaskoak, oinetakoak, barra energetikoak, eskularruak, eta hastapenetan fundazioa sortzen lagundu zuten pertsonen argazkiak —tartean Jesus Loroño txirrindulari ohiarenak—ere ikus daitezke erakusketan. «Material hori guztia biltzea lan nekeza izan da, baina oso polita», esan du Madariagak. Era berean, atzera begiratzeko ekintza «polita» izan dela dio fundazioko presidenteak. «Hasierako urteak oso gogorrak izan zirela gogoratzen dut; burutapen batekin hasi ginen, dirua nondik lortu ez genekiela, eta, azkenean, bategatik edo besteagatik, behera jausi zaigu», dio.
1997an hasi zen taldearen goranzko joera, Euskaltel taldearen barruan sartu zenean. 2001ean Frantziako Tourrean debutatu zuen, eta ordutik taldea hazi egin da, baita egonkortu ere. Orain fundazioa taldetik kanpo geratu da, baina lanean jarraitzeko jarrera erakutsi du Madariagak. Nola? Hezkuntzaren ildotik. «Profesional alorrean zein gabezia dagoen aztertu nahi dugu, eta txirrindulariak ildo horretan hezi». Esaterako, taldekako erlojuaren aurkako lasterketaren bat antolatu gura du fundazioak, «era horretako lasterketa bakarra baitago». Horrez gain, errepideko hezkuntzari buruzko fundazio bat sortzeko asmoa ere buruan du Madariagak, Iñaki Lejarreta izena izango lukeena. «Gure funtzioa orain ezberdina izango da; horren antzeko gauzak egingo ditugu».
Omenaldia eta erakusketa gehiago
Errepidean entrenatzen ari zela hil berri den Iñaki Lejarreta ere gogoan dauka Portugaleten jarrita dagoen erakusketak. «Haren argazki bat jarri dugu, bai eta haren bizikleta ere, eta horrek jendearen arreta bereganatu du». Horrez gain, iazko irailean modu berean hil zen Victor Cabedo txirrindularia ere gogoan dauka Euskadi fundazioak.
Hilaren 31ra arte egongo da zabalik erakusketa, baina fundazioaren urteurrena oinarritzat hartuta, urte osoan erakusketa gehiago ere jarriko dituztela esan du Madariagak. «Berdinak ez dira izango, baina oso antzekoak bai».
Hogei urte, eta berriz hasi
Euskadi fundazioak hogei urtean erdietsi dituen lorpenak erakusketa batean bildu ditu. Euskaltel-Euskadi taldetik kanpo geratu, eta fundazioa hutsetik hasi da berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu