Disko gogor birtualak edo on line daudenak oso praktikoak izan daitezke. Alde batetik, baliagarriak dira dokumentu eta fitxategi garrantzitsuen segurtasun kopia egiteko. Gainera, datuak enpresa edo etxetik urrun gordetzen dira. Beraz, enpresan edo etxean dokumentu edo fitxategiak desagerraraz ditzakeen ezbeharren bat suertatuz gero —sute bat, adibide gisa— dokumentu horiek ez lirateke galduko.
Bestetik, hodeian dauden fitxategi eta dokumentu horiek edozein ordenagailutan, sakelako telefonoetan eta bestelako gailu eramangarrietan eskuragarri daude Internet konexioa edukiz gero. Beraz, aukera hori oso garrantzitsua da mugikortasuna behar duten pertsona eta profesionalentzat.
Edonola ere, dokumentuak edo fitxategiak Interneten dagoen zerbitzu batean gordetzeko orduan, dokumentu horien pribatutasuna eta hodeian espazioa eskaintzen duen zerbitzuarekiko konfiantza neurtu beharko dira. Eta nahiz eta hodeian datuak biltegiratu, oso gomendagarria da datu horiek beste euskarri batean ere gordetzea. Interneteko zerbitzuen nondik norakoak aurreikustea latza izaten da; Megaupload, kasu. Egia esanda, gero eta biltegiratze aukera gehiago daude Interneten, doako zerbitzuak zein ordaintzekoak.
Google Drive
Hau da Googlek eskaintzen duen disko gogor birtuala. Oso gaztea da oraindik, eta Google Docsekin guztiz bateratuta dago. Hau da zerbitzuaren helbidea: http://drive.google.com/. Google kontua eduki behar da zerbitzu hau erabiltzeko, edo, eduki ezean, bertatik eman daiteke izena.
Google Drivek 5 GB eskaintzen ditu dohainik, eta ordainduta, 16 TBera irits daiteke. Hala ere, Google Driveren prezioak lehiakideenak baino garestiagoak dira. Adibidez, 100 GB edukitzeak 4,99 dolar balio du hileko (4 euro), eta 16 TBra iristeak 799,99 dolar balio du hileko (642,2 euro).
Fitxategiak eta dokumentuak beste Google erabiltzaile batzuekin edo publikoki partekatu daitezke. Gainera, Google Docsekin bateratuta dagoenez, dokumentuak beste erabiltzaile batekin elkarlanean osatu ahal dira on line, eta aldaketen historikoa gordetzen da dokumentu bakoitzeko.
Sakelako telefonoetatik eta tabletetatik ere posiblea da Google Drive erabiltzea, aplikazio baten bitartez. Aplikazio hori Android 2.1 bertsioetatik aurrera eta iOS 3.0 bertsioetatik aurrera eskuragarri dago. Zerbitzu horri buruz Zibergelan artikulu bat idatzi genuen. Hona hemen helbidea: http://zibergela.bitarlan.net/2012/05/29/google-drive-5-gb-dohainik-%E2%80%9Chodeian%E2%80%9D-googleren-partez/.
Dropbox
Zerbitzu hau izugarri ezaguna da dagoeneko. Debalde eman daiteke izena, eta 2 GB eskaintzen dira. Horrez gain, gomendio bakoitzeko 500 MB gehiago ematen dira, eta, horrela, 18 GB lor daitezke dohainik. Ordaintzeko aukeren bitartez TB batera irits daiteke; 1024 GBera, alegia.
Dena dela, plataforma honek daukan abantailarik nagusietarikoa da hainbat sistema eragiletan fitxategi arakatzailearekin guztiz bateratzen dela. Beraz, hodeian dagoen espazio hori sistemaren beste karpeta bat izango balitz bezala erabil daiteke, etengabe Interneteko webgunearekin sinkronizatzen dena. Hori egiteko aplikazioa Ubuntu eta GNU/Linux, Mac Os eta MS Windows sistema eragileetarako eskaintzen da. Horretaz gain, iPhone, iPad, Android eta BlackBerry gailu eramangarrietarako nahiz sakelako telefonoetarako ere eskuragarri dago aplikazio bat. Hodeian gordeta dagoen informazio guztia, nabigatzailetik ere kontsulta eta kudea daiteke, jakina. Hau da zerbitzuaren webgunea: http://www. dropbox.com.
Ubuntu One
Ubuntu sistema eragilearekin sarean eskaintzen den biltegiratze sistema da Ubuntu One. Ubuntu sistema eragilearekin guztiz sinkronizatzen da, eta sistemaren beste karpeta bat izango balitz bezala erabil daiteke. Nabigatzailetik ere erabil daiteke edozein lekutatik. Zerbitzu honen bitartez, 5 GB eskaintzen dira debalde. Fitxategi eta dokumentuez gain, bestelako informazioa ere sinkroniza daitezke. Kontaktuak, esate baterako. Ordainpeko kontuen bitartez espazioa handitu daiteke 20 GBra, eta musika streaminga ere eskaintzen da. MS Windowserako aplikazioa ere garatuta dago, baina bakarrik fitxategi eta dokumentuetarako; kontaktuak ezin dira sinkroni-zatu MS Windows batetik. Android, iPad eta iPhone, Facebook eta Firefoxen ere erabil daiteke Ubuntu One. Hau da haren webgunea: https://one.ubuntu. com/.
Sky Drive
Microsoften Windows Live zerbitzuetako bat da Sky Drive. Hauda zerbitzuaren helbidea: https://skydrive.live.com/. MS Windows sistemetan, Windows Mobile, Mac OS eta iOS sistema eta gailuetan erabil daiteke, eta, gainera, sarean ere kudea daitezke fitxategiak. Egun, dohainik 25 GB eskaintzen ditu zerbitzu horrek.
Zibergela
Hodeian biltegiratzea
Hodeian eskaintzen diren biltegiratze sistemak oso erabilgarriak izan daitezke fitxategien eta dokumentuen segurtasun kopiak egiteko eta informazio hori hainbat lekutatik beti erabilgarri edukitzeko. Aukera anitz daude gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu