Hiztun egotziak

Hego Euskal Herrian, ez dago keinu hizkuntzako unibertsitate gradurik, nahiz eta hori den lanerako beharrezko titulazio ofiziala. Aldi berean, interpreteen beharra handitu egin da azken urteetan, eta profesionalak falta dira eskaria betetzeko.

Keinu hizkuntzako testuliburu bat, Nafarroako Asorna elkarteak joan den irailean antolatutako ikastaro batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Keinu hizkuntzako testuliburu bat, Nafarroako Asorna elkarteak joan den irailean antolatutako ikastaro batean. IÑIGO URIZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

Gorrek eskatuko balute Osakidetza izan dadila %100 irisgarria, gaur-gaurkoz ez legoke keinu hizkuntzako interprete nahikorik eskubide hori bermatzeko. Eta beste horrenbeste gertatuko litzateke zuzenbidean, hezkuntzan eta administrazioko eta bizitzako beste hainbat esparrutan. Izan ere, interpreteak falta dira, Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioaren presidente Aitor Bedialaunetaren arabera. «Larrialdi sozial batean gaude, aspalditik», salatu du. Ondorioz, gorren eskubideak urratu egiten dira, Naiara Larrakoetxea federazioko idazkariaren esanetan: batetik, haien hizkuntza eskubideei eragiten die, ezin baitute beren lengoaia erabili; bestetik, irisgarritasuna ukatzen diete, ezin baitute salbuespen gisa beste hizkuntzaren batera jo. «Jendeak ez daki keinu hizkuntza; beraz, ez badago interpreterik, pertsona gorrek ezin dugu gizartean parte hartu», Bedialaunetaren hitzetan.

Federazioko kideen arabera, kalitatezko formakuntza gakoa da interpreteak ugaritzeko, baina, oraingoz, Hego Euskal Herrian ez dago keinu hizkuntzako titulazio ofizialik. 2016. urtera arte, goi mailako zikloa zen ikasketa ofiziala —Lanbide Heziketan—, baina gorrak eta keinu hizkuntzako interpreteak kexu ziren, zikloaren 2.000 orduak ez baitziren aski profesionalak egoki trebatzeko, Azalia Gomez ESHIE-ZHIE Zeinu Hizkuntza Interpreteen eta Gidari Interpreteen Euskal Herriko Elkarteko presidenteordearen berbetan. Hori hala, 2016an irizpidea aldatu zuen Espainiako Gobernuak: haren menpekoa den Inicual Kualifikazioen Institutu Nazionalak ebatzi zuen ikasketok unibertsitateak eskaini behar zituela, egoera aztertu ostean. «Baina ez zuten zehaztu unibertsitatean zer formatan sartuko zuten», nabarmendu du Bedialaunetak. Esplikatu duenez, jauzia ahalik eta lasterrena egitea eskatu zieten administrazio publikoei, eta, zehazki, unibertsitate gradu bat exijitu zuten hasieratik, lau urtekoa, eta 240 kreditukoa. «Baina administrazioek ez zuten larrialdi soziala igartzen; gutxiengo soziolinguistiko bat gara, eta ez gintuzten kontuan hartzen».

Hala, bai Euskal Gorrak-ek, bai ESHIEk urteak daramatzate graduaren arrastoan. ESHIEkoek bi agerraldi egin dituzte Eusko Legebiltzarrean dagoeneko, eta hainbatetan bildu dira EHUko errektoretzarekin. Unibertsitateak arrazoi ekonomikoak argudiatzen ditu gradua baztertzeko. «Kosturik gabe egin nahi dute», azaldu du Gomezek; hau da, dagoeneko dituzten azpiegiturekin eta profesionalekin. Baina graduak aparteko baliabideak eskatzen ditu, ESHIEren presidenteordearen irudiko. «Orain, ez dago jende aditurik klase horiek emateko; irakasle berriak kontratatu beharko lirateke». Euskal Gorrak federazioari antzeko erantzuna eman dio administrazioak, Larrakoetxeak esan duenez: «Ez legoke irakasle prestaturik klaseak emateko, eta formakuntza ez litzateke egokiena irakasle gorrik ez balego».

Gero eta interprete gutxiago

Oraingoz, keinu hizkuntzako titulu ofiziala atera nahi duen euskal herritarrak Madrilen du baliabiderik gertukoena. Hango Juan Carlos Erregea unibertsitateak Espainiako Keinu Hizkuntza eta Gorren Komunitatea gradua eskaintzen du 2016-2017ko ikasturtetik. Bide hori hautatu dute batzuek: ESHIEko lau kidek, esate baterako. Baina Madrilera jo ezean, eta goi mailako gradua baliogabeturik, nabarmen konplika dakizkioke irteera profesionalak interprete bati. «Gradurik gabe, inon ezin duzu lan egin, ustez. Baina arlo pribatuan malguagoak izan daitezke», esan du Gomezek.

«Jendeak ez daki keinu hizkuntza; beraz, ez badago interpreterik, pertsona gorrek ezin dugu gizartean parte hartu».

AITOR BEDIALAUNETAEuskal Gorrak federazioaren presidentea

Graduak ez du baldintzatzen soilik lan egiteko aukera; zeresana du, orobat, lan horren baldintzetan. Gomezen arabera, EHUk gradua eskaintzeak interpreteen lan egoera hobetuko luke, «beste kategoria batean» kokatuko lituzkeelako. Eta badago premia. «Gure lan baldintzak ez dira batere onak: ez arlo publikoan, ez arlo pribatuan. Interprete asko irakaskuntzara joaten dira: irakasle bezala, finkotasuna daukazu, eta errazagoa da lana zure etxetik hurbil topatzea». Arlo pribatuan, gainera, beharra «ezegonkorragoa» da, Gomezen berbetan, eta luzeak izan litezke lanik eta soldatarik gabeko tarteak.

Sorgin gurpil bat sortzen da, horrenbestez: formakuntza ofizialaren faltak ahalbidetu egiten ditu lan baldintza kaskarragoak; egoera horrek profesionalak uxatu egiten ditu, eta, hortaz, interpreteen gabezia larriagotu. Gomezek datu argigarri batzuk aipatu ditu: goi mailako zikloaren garaian, orain dela hamar urte baino gutxiago, keinu hizkuntzako 2.000 bat tituludun zeuden hemen inguruan; gaur egun, horietako 30 baino ez dira ari lanean. «Askok lana utzi dute, ez gustuko ez dutelako, baizik eta lan baldintzengatik», nabarmendu du presidenteordeak, eta askorentzat behin-behineko kontua baino ez da interpretea izatea: pare bat urte egin, eta utzi egiten dute lan egonkorrago bat aurkituz gero. «Keinu hizkuntza oso erakargarria da, eta jendeak ikasi egin nahi du, baina formakuntza publikoa eta ofiziala bada».

«Goi mailako zikloa bi urteko formakuntza zen, baina sartzen zinen keinu hizkuntza ezagutu gabe. Bi urte zenituen hizkuntza eta interpretazio teknikak ikasteko».

NAIARA LARRAKOETXEAEuskal Gorrak federazioaren idazkaria

Bien bitartean, eskaria hazten ari da. Hainbat mugarrik eman diote hauspoa, zehazki. 2007an, Espainiako Gobernuak keinu hizkuntza estatuko hizkuntza gisa aitortu zuen, eta, urrats horren ostean, gorren eskubideak eta obligazioak zehazten dituen errege dekretuan sakonago hasi ziren lanean, Bedialaunetak esplikatu duenez —joan den uztailean onartu zuten—. Hori horrela, legeak ezartzen du zein eremutan egon behar den keinu hizkuntzako interprete bat, eta zein kasutan exiji litekeen. Eta indarrean daude gorren eskubideak jasotzen dituzten beste hainbat arau ere, Bedialaunetak nabarmendu duenez: besteak beste, Nazio Batuen 2008ko konbentzioak irisgarritasuna errekonozitzen du hainbat eremutan. Gainera, gizartean ere aldaketak jazo izan dira azken urteetan, Euskal Gorrak fundazioaren presidentearen berbetan. «Gizartea sentsibilizatuago dago pertsona gorren beharren inguruan. Eta gu kontzienteago gara eskubide batzuk ditugula, eta, horiek bete ahal izateko, eskatu ahal eta behar dugula keinu hizkuntzako interpretea».

Lehen urratsa edo adabakia?

Iazko udan bildu ziren azkenengoz ESHIEko eta EHUko ordezkariak, Gomezen esanetan. Batzar hartan, adierazi zieten unibertsitateak ez zuela asmorik aurrekontuetan graduaren kostua aintzat hartzeko, eta beste bide bat saiatuko zutela. Harrezkero, ez dute ordezkarien berririk izan apiril bukaerara arte, harik eta EHUk titulu berri bat iragarri zuen arte: Itzulpengintza eta Interpretazioa Espainiako Zeinu Hizkuntzan (IILSE) eta bere Aplikazio Eremuak. Euskal Gorrak federazioarekin batera ondu dute plana —irakasleetako batzuk federazioko kideak dira—: Itzulpengintza eta Interpretazioa graduari lotutako hedakuntzako diploma bat da —eta, hura legez, Gasteizko Letren Fakultatean emango dute—, urtebetekoa, eta 60 kredituko balioa duena. «Ez da konponbiderik aproposena», onartu du Bedialaunetak. «Guk argi dugu gradua sortzea beharrezkoa dela. Zer gertatzen da? Ikuspegia apur bat zabaltzen badugu, ikusiko dugu gizarte larrialdi batean gaudela, ez baitago profesionalik. Eta administrazio publikoekin hitz egin dugu, eta ez dute gradua sortu nahi».

«Keinu hizkuntza oso erakargarria da, eta jendeak ikasi egin nahi du, baina formakuntza publikoa eta ofiziala bada».

AZALIA GOMEZESHIEren presidenteordea

Diploma keinu interpretazioko tekniketara mugatuta dago, eta interpreteei bideratua da —Madrilgo graduak, kasu baterako, interpretazioaz haragoko irakasgai mordo bat du, hala nola antropologia, deontologia, desgaitasunaren historia, irisgarritasuna eta lan arriskuen saihespena, pedagogia, anatomofisiologia eta abar—. 2024-2025eko ikasturtean abiatuko da EHUrena, urrian, eta hogei plaza eskainiko dituzte. «Gutxi dela iruditu dezake, baina aukera ematen digu arreta espezializatua eskaintzeko», argudiatu du Larrakoetxeak. Federazioaren irudiko, baina, hasierako urrats bat da, gradurako bidea lautzeko baliagarri izan daitekeena, gutxieneko eskakizun batzuk jasotzen baititu tituluak: Espainiako keinu hizkuntzan B2 maila edukitzea beharrezkoa da ikasketetara sartzeko, adibidez. «Goi mailako zikloa bi urteko formakuntza zen, baina sartzen zinen keinu hizkuntza ezagutu gabe. Bi urte zenituen hizkuntza eta interpretazio teknikak ikasteko», esplikatu du Larrakoetxeak.

Alabaina, ESHIEk txarretsi egin du diploma, «adabaki» bat dela uste baitu. Erabat presentziala ez izatea deitoratu du Gomezek, eta labur geratzen dela begitantzen zaio. «Goi mailako zikloaren 2.000 orduak ez baziren nahikoa, are gutxiago EHUren zikloaren seiehunak». Gainera, titulazio propio bat da, ez ofiziala, presidenteordearen esanetan; hortaz, «ez dauka arlo publikoan lan egiteko baliorik». Era berean, prezioa gaitzetsi du —1.200 euro—, eta ohartarazi arriskua dagoela halako konponbideak betikotu daitezen. «Titulu horrekin, pribatutasunaren bidea hartu dute. Eta keinu hizkuntza ez da pribatua, publikoa izan behar du, guztion esku egon behar du».

Euskaraz hezi ahal izateko abagunea

EHUk keinu hizkuntzako gradurik eskaintzen ez duenez, oraingoz ez dago modurik ikasketa horiek euskaraz jasotzeko. «Itzulpena eta formakuntza euskaraz egin ahal izatea nahi dugu», azaldu du ESHIE-ZHIE Zeinu Hizkuntza Interpreteen eta Gidari Interpreteen Euskal Herriko Elkarteko presidenteorde Azalia Gomezek. Haren berbetan, arlo profesionalean, keinu hizkuntzatik itzuli behar izaten dute bai gaztelaniara, baina baita euskarara ere, baina gaztelaniaz baino ezin izan dira trebatu —Lanbide Heziketako goi mailako zikloa ere gaztelaniaz eskaintzen zuten soilik—. EHUren webgunean ageri denez, gehienbat gaztelaniaz da sortu berri duten Itzulpengintza eta Interpretazioa Espainiako Zeinu Hizkuntzan (IILSE) eta bere Aplikazio Eremuak hedakuntzako diploma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.