Asteburuko proposamenak

Hiztun berriak, zubi lanerako

Datorren astelehenetik igandera egingo dute Iparra-Hegoa egitasmoa, Seguran. Bereziki euskaldun berriengan jarri dute arreta aurten.

Iazko Iparra-Hegoa egitasmoko bertso afaria. GOIERRIKO HITZA
Iazko Iparra-Hegoa egitasmoko bertso afaria. GOIERRIKO HITZA
unai zubeldia
2025eko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitz edo ele berriei tokia egingo diete aurtengo Iparra-Hegoa egitasmoan; hitz edo ele berri horiek euren egiten dituztenei: euskaldun berriei. «Izan ere, euskaldun berriek egiteko garrantzitsua daukate gaur egungo Euskal Herrian». Hala hasi du azalpena Euri Albizu Iparra-Hegoa egitasmoaren antolatzaileetako batek. «Bai herririk euskaldunenetan, baina baita periferia deitzen diegun horietan ere». Horregatik aukeratu dute Ele-berriak leloa. Datorren astelehenetik igandera, egitarau bete-betea daukate, 28. aldiz, Seguran (Gipuzkoa).

30 urte atzera eginda, Baztandarren Biltzar batean dauka oinarria gaur egungo Iparra-Hegoa egitasmoak. Kuxkuxtu Lapurdiko txaranga ari zen jotzen egun hartan Elizondon (Nafarroa), eta segurar batzuk haiengana inguratu ziren, kantu giroan. «Sekulako beharra ikusi zuten elkarren berri izateko, ezjakintasun handia zegoelako Hego eta Ipar Euskal Herriko errealitate ezberdinen artean. Lan bat egin beharra zegoela ikusi zuten, Euskal Herri bateratu bat irudikatzeko». Urtero-urtero gai bat izan dute oinarri. «Herrialde ezberdinak, diaspora, elikadura, kantuak...», zehaztu du Albizuk. 

Zerrenda horretan beste pauso bat aurrera emanda, hiztun berriei egingo diete tokia aurten. «Harremana egin dugu Tuterako [Nafarroa] eta Baionako AEKren euskaltegiekin, toki horietan are zailagoa delako euskalduntzea eta euskaraz bizitzea; Euskal Herria eraikitze bidean, garrantzia eman nahi izan diegu euskaldun berri horiei». Martxoaren 30ean, igandean, Gereziondo ekitaldian elkartuko dira tuterarrak eta baionarrak segurarrekin, eta herri bazkaria egingo dute ondoren, Kuxkuxtu txarangak girotuta.  Egun horretan, 16:30ean, Imuntzo eta Belokiren erromeriarekin itxiko dute astebeteko aldarrikapen-jaialdia.

Urruñatik eta Baionatik

«Euskal Herriko euskaldunen topagunea» da Iparra-Hegoa egitasmoa, eta topagune izaten da gaztetxoenentzat ere. Izan ere, urtero-urtero Segurara joaten dira Urruñako (Lapurdi) ikastolako zenbait haur —9-10 urte artekoak izaten dira gaztetxoenak—, eta baita Baionako Etxepare lizeokoak ere, 16-18 urte artekoak. «Guretzat oso garrantzitsua da haur eta gazte horiek ikus dezaten Euskal Herrian bertan gertukoa ez duten beste errealitate bat badela; elkarren berri izaten dute eta harreman politak sortzen dira». Urruñako eta Baionako haur eta gazte horiek «sekulako ekarpena» egiten dutela azpimarratu du Albizuk. «Ez dira etortzen antolatuta dauden ekimen horietan parte hartzera soilik, eurek ere antolatzen eta lantzen dituzte ekintzak».

Astelehenean, 11:00etan egingo diete harrera Urruñako ikastolako haurrei, hamaiketakoa ere izango dute, Seguran bisita gidatua egingo dute ondoren, buruhandi eta erraldoiak ere kalez kale ibiliko dira... Eta lehen bi egunetarako bi hitzaldi ere antolatuta dauzkate: Euskaldun berriak euskara biziberritzeko gaia landuko dute astelehenean —Kike Amonarriz, Beñat Pomadere, Aritz Branton, Tatiana Carmona Lopez eta March Thierry Vignolo izango dira gonbidatuak—; asteartean, berriz, Euskalduntzea gizarte likidoan gaia landuko dute Andrea Bellak, Nerea Filliatek eta Intza Gurrutxagak. 19:00etan hasiko dira bi hitzaldiak.

Egunez eguneko aldarrian, martxoaren 27an, ostegunean, Etxepareko ikasleei harrera egin berritan, bertso eta kantu poteoa egingo dute (19:00) Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Eneko Araiztegirekin, eta baita bertso-kantu afaria ere. Jon Iturriozek jarriko dizkie gaiak hiru bertsolariei.

Ostiralean eta larunbatean, berriz, egun osoko ospakizunaren ondoren, kontzertuak izango dira 23:00etan. Ostiralean, Alarma Morea, Kode eta DJ Aiakate arituko dira, eta larunbatean Zetkin, Balantza eta DJ Bull.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.