Gaur hasiko da Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren bosgarren ikasturtea, Gasteizko Oihaneder Euskaren Etxean, iluntzeko zazpietan. Aurten, sei hizkuntza ezagutzeko aukera izango da: judu-espainiera, kriola, lakota, nasa yuwea, erromintxela eta sorabiera. Egitasmoaren inaugurazio gisa, Itziar Idiazabal (Gaintza, Gipuzkoa, 1954) hizkuntzalari eta Munduko Hizkuntzen Ondarearen Unesco Katedrako ikerlariak hitzaldi bat emango du gaur: Hizkuntza Kooperazioa zer da eta zer egin dezakegu?
Zer da hizkuntza kooperazioa?
Herrialde garatuok ez hain garatuei laguntzeko modu bat da. Alor askotan egin daiteke: osasunarekin, hezkuntzarekin, garraiobideekin edota urarekin. Hizkuntzak, berriz, ez dira garapenerako laguntza alor modura hartzen, eta gu horretan laguntzen saiatzen gara, Euskal Herrian dugun eskarmentutik. Halako egitasmo askorik ez dago; berriak dira, nolabait. Hemen, Garabide elkartea izan da aitzindaria, eta haiekin elkarlanean aritzen gara maiz Unesco Katedran, helburu bertsuak baititugu: hizkuntza gutxituetako komunitateak laguntzea.
Zeintzuk izango dira gako nagusiak hitzaldian?
Gaurko hitzaldian hizkuntza kooperazioaz arituko naiz. Horretarako dauden arrazoiak eta teoriak aipatuko ditut, baina uste dut interesgarriagoa dela adibide batekin ilustratzea, Kaukako [Kolonbia] kasuarekin: nasa yuwearekin. Salaketa bat ere egingo dut. Izan ere, NBEk 2030 agenda onartu zuenean, ez zituzten sartu hizkuntza eta kultura Garapen Iraunkorreko helburu jasangarrien zerrendan. Gure ustez, herri baten ongizatea bermatzeko, bertako izaera, kultura eta hizkuntzak kontuan hartu behar dira.
Zer du euskarak beste hizkuntzei eskaintzeko?
Beste hizkuntza batzuekin alderatuta, aukera gehiago izan dugu hizkuntzari irtenbideak ateratzeko: komunikabideak, administrazioa eta hezkuntza. Azken hori da adibiderik argiena, murgiltze ereduarekin euskara oinarri zuen irakaskuntza eredu bat sortu baikenuen, eta horri esker heldu gara heldu garen tokira, hein handi batean. Hala ere, norberak atera behar ditu babak eltzetik; hau da, ezin diegu besteei nola egin behar duten agindu. Eredu bat aurkezten diegu guk, eta haiek motorra jarri behar dute.
Eta jasotzeko?
Gauzak bestela ere egin daitezkeela ikasi dugu beste komunitateetatik. Gurean hizkuntza jarri genuen hezkuntzaren ardatz. Kaukako kasuan, berriz, kulturako beste ezaugarri batzuk itsatsi dituzte irakaskuntzan, haientzat bereziki garrantzitsuak direnak.
Psikolinguistikan aditua zara, baina Unesco Katedran soziolinguistika lantzen duzue. Zergatik?
Nik ere pentsatu izan dut beste gai batera pasatu naizela, baina gero eta lotura estuagoa ikusten dut bi aztergaien artean. Hezkuntza eleaniztun eta haur elebidunen hizkuntza jabekuntza ikertu izan ditut. Denborarekin ohartu naiz hizkuntza gutxitu batez gain, beste bat jakinez gero, etekin handia atera daitekeela, soziolinguistikari dagokionez. Nire psikolinguistikako lanak soziolinguistikako lanetatik oso gertu daudela uste dut, eta Unesco Katedran nagoenetik horretan ari naiz.
Irakaskuntzaren garrantzia aipatu duzu. Zer iruditzen zaizkizu Euskal Herriko eredu linguistikoak?
Ereduak paperaren gainean oso ezberdinak dira, baina, errealitatean, ñabardura ugari dituzte, ikastetxe bakoitzak bere eredua egiten baitu. Euskal Herriko ereduekin izugarrizko pausoak eman ditugula uste dut; ez dugu inor behartu, eta ez gaitu inork horretara bortxatu. Aurrerapen politiko handia da hori. Murgilketa ezinbestekoa da hizkuntza gutxitu bat eskolan ikasteko, eta hori demostratuta dago; euskal irakaskuntzaren ezaugarri nagusia da. Orain aldaketak egiten hastea ez da ideia ona.
Zergatik?
Denbora asko emango genuke legedia eztabaidatzen. Dugun sistema hobetzen joatea da dagokiguna. Horretarako, beharrezkoa da gehiago ikertzea, egiten dugunaren alderdi onak eta txarrak aztertzea, irakasleen formakuntzan inbertitzea eta euskalgintza funtsezko ikerketa arlo bihurtzea. Katalunian murgilketa gizarteak egiten du, eta eskolak lagundu; guztiz naturala da. Hemen, ia naturala da, baina egoera desberdina da. Gauza asko egiten ikasi dugu, baina errutinan erortzeko joera dugu. Prestatuago gaude orain; horregatik, helburuek konplexuagoak izan beharko dute. Euskararen eta ingelesaren arteko gatazka konpontzeko, ikusi beharko dugu nola egin; zaila izango da. Ez da batak besteari tokia kenduko dionik; posible da biak ongi ikastea.
ATZEKOZ AURRERA. Itziar Idiazabal. Hizkuntzalaria
«Hizkuntzak ez dira garapenerako laguntza alor gisa hartzen»
Murgiltze ereduek hizkuntzarentzat duten garrantzia azpimarratu du Idiazabalek, baina uste du hiztun komunitate bakoitzaren ezaugarri kulturalak ere kontuan hartu behar direla garapena bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu