Hizkuntza gutxituen balio erantsia nabarmendu dute

'Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy' izeneko kongresua egin dute, bi egunez, Donostiako Kursaal jauregian. 30 hizlari hamabost hizkuntza gutxituren gaineko gaiez aritu dira.

Hizkuntzen Irabazia nazioarteko kongresua, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hizkuntzen Irabazia nazioarteko kongresua, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
DONOSTIA
2024ko azaroaren 27a
14:30
Entzun

Hizkuntza gutxitu bakoitzak bere egoera du. Denek dute beren balioa, eta haien egungo erronkak aztertu dituzte bi egunez Hizkuntzen Irabazia biltzarrean. Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Europako erakundeak antolatu dute biltzarra, Donostiako Kursaalean. Hamabost hizkuntza gutxitutan lan egiten duten zenbait ordezkarik parte hartu dute hitzaldietan; lehen egunean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales Kursaalean izan zen.

Bigarren egunari hasiera emateko, Itziar Agirre Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak euskarazko pizgarri fiskalen inguruan hitz egin du: «Ikus-entzunezko produkzioetan, ekoizleek eta ekoizle exekutiboek aukera dute kenkari fiskalez baliatzeko. Zuzeneko ikuskizunetarako pizgarriak ere badira, baita liburuak argitaratzeko ere».

Ekhiñe Atorrasagasti aurkezlearen galderei erantzunez, Olatz Salvador musikariak azaldu du badaudela sortzaileak estadioak edo areto erraldoiak bete ditzaketenak euskarazko musikarekin, baina «salbuespenak» direla. «Edonola ere, badago munduko toki askotan interesa euskararen inguruan, eta balioa ematen diote euskarazko sorkuntzari. Batzuetan, guk geuk jartzen ditugu mugak». Euskarazko musikaren industriarik baden galdetu dio Atorrasagastik, eta Salvadorrek esan du musikariek ez dutela beren burua «ekonomiaren eragile» gisa jotzen. «Baina formulak egon daitezke mainstream-ago izateko», gaineratu du, eta esan du oinarrizko euskarazko proiektu txikiak babestu egin behar direla.

Galesez eta sorabieraz

Entretenimendu industriaren digitalizazioa hizkuntza gutxituetan mahai inguruan, Harro Hallman Danimarkako gutxiengo alemaniarraren Bund Deutcher Nordschleswiger elkarteko komunikazio buruak egin ditu aurkezpen lanak. Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako ordezkariak Egunean Behin jokoaren berri eman du. «Gure enpresan 24 langile ari gara. Askotariko proiektuak egiten ditugu, eta horietako bat izan da Egunean Behin jokoa». Hainbat aplikazio ere egin ditu Codesyntaxek. Pandemian, Egunean Behin-ek 90.000 jokalari ere izan zituen. «Galdera gehienak informatikako programazio metodoen bidez egiten ditugu». Gaur bertan, 40.000 erabiltzaile inguruk jokatuko dute. Astero 250.000 partida jokatzen dira. «Telebistan zuzenean egin izan dugu jokoa, hirutan, baina produkzioa zaila eta garestia da». Egunean Behin katalanez egiten saiatu ziren, baina ez zuen arrakasta lortu; bi denboraldi iraun zuen, eta galerak izan zituen. «Galesez, berriz, ondo ari da funtzionatzen». Fernandezek iragarri du Codesyntaxek beste joko bat jarriko duela abian urtarrilean.

Adam Edwards Galesko Tinint enpresako zuzendariak azaldu du hizkuntza gutxitua zaintzen saiatzen ari direla. Hiru milioi biztanle ditu Galesek, eta soilik 300.000 herritarrek erabiltzen dute galesa egunerokotasunean; 850.000 herritarrek dakite hizkuntza horretan hitz egiten. «Milioi bat hiztun lortu nahi ditugu 2050erako», azaldu du Edwardsek. «Inbertsio handia egiten ari gara hizkuntzan, eta inbertsioek itzulera dutela bermatu. Erantzukizun handia dugu». Bestetik, Egunean Behin-en arrakasta ikusita, galesez egiteko lantalde bat osatu zuten. 20.000 erabiltzailera iritsi da galesezko jokoa. Bestelako egitasmo batzuetan ere ari da Tinint, beste eragile batzuekin elkarlanean: kasurako, ibilbide zeltaren serie bat osatu dute Youtuben. Itxaropenez mintzatu da Edwards: «Galesa boladan dago, eta gazteak hizkuntza erabiltzen ari dira». Bestetik, iruditzen zaio hizkuntza gutxituen artean lankidetza egon behar dela jokoen arloan.

Jorg Hubner ekonomiako doktore eta sorabierazko jokoen adituak «nerabeek maite duten joko baten» inguruan hitz egin du: Krabat. «Abentura joko bat da Krabat. Animaziozko film interaktibo moduko bat da». Bideojokoak kultura baten eta hizkuntza baten interesa pizteko garrantzitsuak direla nabarmendu du Hubnerrek. Krabat pertsonaia ezaguna da sorabieraz mintzo direnen artean, eta hori baliatu zuten jokoa sortzeko 2001ean. Alemaniako Lusazia eskualdean hitz egiten da sorabieraz, eta hizkuntza horrentzat mugarria izan zen bideojokoa. Ingelesera ere itzuli zuten Krabat, eta, horri esker, nazioartean merkaturatu zuten. «Krabat-en materiala ere sortu dugu, haurrentzat. Youtuberren laguntza izan ohi dugu tarteka». Bideojokoarentzat 100.000 euroko laguntza publikoa jaso zuen. «Laguntza oso txikia da». 

Ikus-entzunezkoak

Hizkuntza gutxituen digitalizazioaren garrantzia ikus-entzunezkoetan mahai inguruan, bestetik, Johan Haggman FUEN elkarteko Europako politiken aholkulariak egin ditu aurkezpen lanak. Arantza del Pozo Etxezarreta Vicomtech ikerketa zentroko zuzendariak azpititulazio automatikoen inguruan hitz egin du. «Vicomtechen, ahotsaren prozesamenduan egiten dugu lan: ahotsa testu bihurtuz, eta alderantziz. Testuen sorkuntzan ere egiten dugu lan». Testuak sinplfikatzea da adibide bat. Enpresek dituzten beharrak asetzen saiatzen dira. Vicomtecheko ikerlariak espezializatuak daude. «Gure teknologia nazioartean garatzen ere saiatzen gara».

Hizkuntzen Irabazia nazioarteko kongresua
Hizkuntzen Irabazia nazioarteko kongresua, gaur, Donostiako Kursaalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Azpititulazio automatikoari dagokionez, ikus-entzunezko lan batean teknologiak ematen du modua audioan entzuten dena testu bihurtu eta pantailan egoki txertatzeko. Xede horrekin sortu dute plataforma bat. «Baina akatsak izaten dira, eta horiek zuzendu egin daitezke plataforma horretan bertan». Akordio bat sinatu dute EITBrekin; hartaz, ETBrentzat saioak ekoizten dituztenek azpidatzietan egiten dituzten zuzenketak ere baliatzen ditu Vicomtechek. Horrez gain, hasiak dira zuzenekostreamingen azpidatzi automatikoekin. «10-15 segundoko tartea dago streaminga hartzailearengana iristen denerako, eta hori baliatzen dugu adimen artifizialaren bitartez, azpidatziak automatikoki jartzeko. Inguruko enpresa batzuk hasiak dira streamingerako teknologia hori baliatzen». Hurrengo helburua zein da? Zuzenekoetan automatikoki azpidaztea. Proba pilotu batzuk egiten ari dira, adibidez, ikastetxeetako bileretan. «Hurrengo urteetan erabilgarri egongo da hori».

Iona Mercer eta Mirren Buchanan BBCko MG Alba telebista eskoziarrean gaelikoa irakasteko proiektu batean ari dira lanean: Speak Gaelic. Eskozian, 70.000 hiztun inguru ditu gaelikoak. Nabarmendu dute funtsezkoa dela plataformetan gaelikoa zabaltzea; Speak Gaelic proiektuari dagokionez, formatu desberdinak zabaltzen dituzte: telesail bat, podcast bat, ikastetxeetako materialak... Youtuben eta audio plataformetan eskura daude horiek guztiak. Interneteko sare sozialak ere erabiltzen ari dira gazteengana iristeko. Instagramen, 10.000 jarraitzaile zituzten duela gutxi, eta 63.000 dituzte orain. «Eduki laburrak eskatzen dituzte gazteek. Sinetsita gaude gure eduki laburrak eraginkorrak direla», esan du Bucahananek. Aurten, Tiktoken hasi dira, eta jarraitzaile ugari ari dira lortzen. Hain zuzen ere, propio sare sozialetarako pentsatutako edukiak ari dira sortzen. «Gure edukia oso hurbilekoa da hartzaileekin», dio Mercerrek. «Gure memeekin ere harro gaude». Gazte asko ari dira erakartzen modu horretan. «Komunitate hizkuntza gisa erabili behar dugu gaelikoa, eta lortu behar dugu gazteek hizkuntza hori erabiltzea: ezin da ikastetxeetara mugatu», ihardetsi du Mercerrek.

Joxe Felipe Auzmendi On Time ekoiztetxeko zuzendariak Euskal Herriko egoeraz hitz egin du. Bere enpresan audioliburuak eta podcastak egiten ari dira egun. «Lan horiek sare sozialetan isla izan dezaten saiatzen gara. Askotan pena izaten dugu, zeren edukiak egiten baitira, baina erabilpena behar-beharrezkoa da. Gu oso txikiak gara amaraun digital horretan; gure lekutxoa topatu behar dugu, eta euskararen aukera baliatu». Auzmendik uste du estrategia bat behar dela. «Edukiak bateratu eta ordenatu egin behar dira, eta jendeari non dauden ondo komunikatu. Zeren jendeak askotan ez baitaki euskarazko edukiak non dauden». Audible plataformaren adibide bat ere eman du: 32 audioliburu daude euskaraz bertan, eta horietako ipuin asko «penagarri» daude. «Euskarak bikaintasun bat izan behar du. Hori zaintzea ezinbestekoa da. Bestetik, euskararentzat plataforma bateratzaile bat beharko genuke». Sare sozialetarako edukiak «propio» sortu behar direla ere gaineratu du. «Dena bateratzeko, behatoki digital bat beharko genuke, jende gazteak osatua».

Kongresuaren amaieran, Gosta Toft Europako FUEN erakundeko ordezkaria mintzatu da. «Hizkuntza gutxituen balio erantsia kuantifikatzen saiatu gara. Kultura bera ere garatzen duen balioa da hizkuntzarena. Adimen artifizialak hazkundea ekarriko du, eta hizkuntza gutxituek ez dute hortik kanpo gelditu behar. Bestetik, mugaz haindi lan egin behar dugu; elkarrekin, indartsuagoak gara», adierazi du Toftek. Lohitzune Txarola biltzarreko antolatzaileak (Langune) ere indarrak batzearen aldeko mezua eman du. «Ahaldundu gaitezen». Itxiera instituzionala Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Letemendiak egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.