Duela zazpi urte egin zuen Arkaitz Zarraga filologoak (Bilbo, 1972) Kolonbiako Cauca eskualdera lehenengo bidaia, Ane Ortega filologo eta itzultzailearekin batera. Orduz geroztik, urtero joan izan dira, pandemiak galarazi dien arte. Helburu argia zeukaten: hango nasa herriari beraien hizkuntza, nasa yuwea, biziberritzen laguntzea. Liburu bat izan da lan horren fruitua, eta izandako esperientziari buruz arituko dira gaur, Gasteizko Oihaneder Euskararen etxean.
Caucako Toribioko nasa komunitatearekin izan duzuen zazpi urteko elkarlanaren esperientzia azalduko duzue gaur. Nolakoa izan da elkarlan hori?
2013. urtean nasa batzuk etorri ziren Garabidek antolatzen duen Aditu ikastarora, eta gonbita egin ziguten hara joateko eta beraien egoera ezagutzeko. Dagoeneko martxan zeukaten ikastolen antzerako proiektu bat, baina, hara joan ginenean, ikusi genuen beste arlo batzuek ere lehentasuna zeukatela. Urte pare baten ondoren, hainbat lan talde sortu genituen: umeen eta helduen eskolak, plangintza eta sormen kulturala.
Nola gauzatu da proiektua?
Hizkuntzaren bultzatzaile talde bat sortu zuten, eta, haiek formatuz eta haiekin batera lan eginez, plangintza orokor bat egin genuen, aipatutako talde guztietan aplikatzeko. Batez ere, hizkuntzaren irakaskuntzarako metodologia landu, eta material didaktikoa sortu dugu, eta lan horretatik liburu bat ere ernaldu da.
Nondik dator nasa yuwea?
Hizkuntza nondik datorren ez dakigu, baina egia da isolatutako hizkuntza bat dela: ez dauka inguruan seniderik. Zentzu horretan, gurearen antz handia dauka.
Zer ofizialtasun dauka hizkuntzak?
Kolonbian, hizkuntza indigena batzuek behintzat badute koofizialtasuna, eta nasa yuweak ere badu onarpen juridiko bat, garatzetik urrun dagoen arren. Administrazioan, oraintxe hasi da sartzen. Baina nasa herriak badauzka nolabaiteko eskumenak justizian eta hezkuntzan, eta hizkuntzaren biziberritzea bultzatzeko erabiltzen dituzte.
Hezkuntzan ere erabiltzen da nasa yuwea?
Orain dela zazpi edo zortzi urte sortu zen lehenengo hizkuntza-murgiltze eskola, eta berriak sortuz joan dira gero. Eskola ofizialean ere orain arte ordu pare bat eman dituzte astean beraien hizkuntzan, baina, orain, eskola ofizialak ere murgiltze eskola bihurtzen hasi dira.
Zenbat hiztun dauzka gaur egun?
Kolonbian, 65 hizkuntza ofizial daude, eta horietako bat da nasa yuwe hizkuntza. 400.000 nasa dira, eta horietatik %35 dira hiztunak: hau da, 140.000 pertsona.
Beti ibili izan da hiztun kopuru horren bueltan?
Orain arte transmisioa etenda zegoen, eta kopurua beherantz zihoan. Orain, lortzen ari dira beheranzko joera hori gelditzea eta hiztun berriak sortzea.
Hizkuntza soil bat da, edo identitate bat dakar berarekin?
Hizkuntza lotuta dago euren kosmobisioarekin, eta baita euren kulturarekin eta izaerarekin ere. Euren erritualei eta kosmobisioari lotuta irakasten dute nasa yuwea hizkuntza. Ezaugarri erlijiosoak eta kulturalak berreskuratu nahi dituzte hizkuntzarekin batera.
Izan ere, egoera latzak bizi izan dituzte.
Bai. Toribio beti izan da gatazkatsua. FARC-en moduko taldeen eta armadaren arteko talka gunea izan da, eta asko sufritu dute, baina bake prozesuarekin indartu egin dira. Orain, narkoekin dauzkate arazoak. Hala ere, eurak oso argi daukate guztiaren gainetik hizkuntzari erantzun behar diotela, hori delako herri gisa beraien izaera eta iraupena bermatzeko modua.
Euskara erreferentetzat daukate?
Bai. Esperantza ematen die duela 40 urte debekatuta zegoen hizkuntza bat herri mugimenduari esker unibertsitatean dagoela ikusteak. Hala eta guztiz ere, harritu egiten ditu guk gure kosmobisioa bera galduta daukagula ikusteak: hizkuntza bai, baina gure ezaugarri kulturalak, izaera eta sinesmen horiek nola galdu ditugun ikusteak harritzen ditu.
ATZEKOZ AURRERA. Arkaitz Zarraga. Filologoa
«Hizkuntza ezinbestekoa da nasek bizirik irauteko»
Nasa yuwea Kolonbiako nasa herriaren hizkuntza da. Zarragak parte hartu du hura biziberritzeko prozesuan, eta izandako esperientziaren berri emango du gaur Gasteizko Euskararen Etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu