Hizkuntza eta muga ardatz

Irunen hasiko da 23. Korrika, eta, horren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu AEK-k hirian. Bihar, Oiasso erromatar museoan hizkuntzak eta Bidasoa ibaiko mugako problematika uztartzen dituen ekitaldi bat antolatu dute.

Korrika Santiagoko zubia zeharkatzen, Bidasoa ibaiaren gainetik, 2017. urtean. JON URBE / FOKU
Korrika Santiagoko zubia zeharkatzen, Bidasoa ibaiaren gainetik, 2017. urtean. JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Irun
2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Irundik (Gipuzkoa) aterako da aurtengo Korrika: 23. edizioa. Horren harira, bihar, Hizkuntzak mugarik gabe ekitaldia antolatu du AEK-k Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean. 63.000 biztanleko hiria da Irun, eta, Maddi Sanz Irungo AEK-ko kidearen ustez, hirian «euskaldun ekosistema handia» egon arren, ez dago haiek biltzen dituen «aterkirik». Oiasso erromatar museoan egingo dute ekitaldia, 19:00etan. Euskara eta migranteen Bidasoko arazoa uztartuko dituzte, eta hainbat protagonista gonbidatuko. 

Urtarrilaren 20an, Katea auzoan, lehenengo Korrika eguna antolatu zuten, musika, janari eta «giro apartaz». «Erabaki sendoa hartu genuen: herrian eragin nahi dugu. Korrikaren egunaz gain, beste hainbat ekimen bultzatu nahi ditugu. Kateako ospakizunaz gain, beste hainbat auzotara mugituko ditugu jarduerak», azaldu du Sanzek. Herriko eragileekin harreman sarea sortu zuten AEKtik; euskara ardatz dituzten elkarteekin, zehazki. «Asmo handiak ikusi ditugu elkarteen aldetik. Korrika Irundik aterako zela iragarri zenean, hainbat eskaera jaso genituen herriko eragileen aldetik, kilometroak erosteko. Elkarteekin hitz egindakoan, denek haien laguntza eskaini digute», esan du Sanzek.

Kontaktu saioaren barnean, IHS Irungo Harrera Sarearekin hitz egin zutela adierazi du Sanzek: «Irungo Harrera Sarea ez da zehazki euskara sustatzen duen elkarte bat, baina haiekin hitz egitean konturatu gara askorentzat euskaraz bizitzeko espazio bat dela, haiek esan digute eta». Irunera iristen diren migranteei harrera egiten die IHSk, beharrezko lehengaiak eta informazioa emanez. «Bidasoko problematika hor dago, askotan ez ikusiarena egiten dugun arren. AEK-k migranteekin hainbat egitasmo gauzatu ditu azken urteotan, eta biharko data aprobetxatuko dugu hori bera azaltzeko», azaldu du Sanzek.

Biharkoa ekitaldi «txikia baina goxoa» izango dela esan du Sanzek. «Hizkuntzak ardatz hartuta sortu dugu ekimen hau. Bai euskara, baina baita gure hirira iristen diren migranteen hizkuntzak ere». Lehen saiakera dokumentala emango dute. Mondragon Unibertsitateko Marina Perosanz, Natalia Berridi eta Yurena Carrero ikasleek egindako dokumentala da, eta Bidasoa ibaiaren arazoaz informatzeko tresna aparta bilakatu da azken urtean. Migranteek Bidasoko muga zeharkatzeko bizi behar dituzten arazo eta erronkak irudikatzen ditu dokumentalak. Bertan hainbat protagonista agertzen dira, hala IHSko kidea Anaitze Agirre, nola Abdoulaye Sarr. Migrante moduan iritsi zen Irunera, eta gaur egun SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeko langilea da. Natalia Berridi ere joango da dokumentalaren nondik norakoak azaltzera.

Musika eta dantza

Ikus-entzunezko lanean Amets Arzallus bertsolariaren bertsoak entzun daitezke, eta bihar, Arzallus ere Oiasso museoan egongo da. «Miñan lanari buruz hitz egingo digu Ametsek. Liburua sortzerakoan hizkuntzarekin edukitako pasarteak bazituela esan zigun, eta aukera paregabea iruditu zitzaigun», esan du Sanzek. Horrez gain, musika eta dantza ez dira faltako ekitaldian. African Vibes dantza bikoteak emanaldi txiki bat emango du. Bi pertsonaz osatutako dantza taldea da African Vibes; Senegaldik eta Boli Kostatik etorritako bi dantzarik osatzen dute. Azkenik, Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa aurkeztuko du AEK-k, lehenengo edizioa.

Korrikaren lehenengo egunerako festa giro «handia» aurreikusten du Sanzek: «Hasierako ekitaldian egongo diren musika taldeak pixkanaka aurkezten joango gara. Aukera ederra da Irungo herriarentzat, Irunen euskaraz bizi nahi duen edonorentzat». Burrunba elektrotxaranga izan da oholtzara igoko diren taldeetatik aurkeztu duten lehendabizikoa, baina oraindik beste bi falta direla aurreratu du Sanzek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.