Hizkuntza baten aldarria

Gorren Nazioarteko Eguna da irailaren 28a, eta egunerokoan dauzkaten mugak eta trabak salatu dituzte hainbat herritarrek. Keinu hizkuntza «hizkuntza bat gehiago» dela adierazi dute.

Pertsona Gorren Nazioarteko Egunaren harira Donostian egin duten manifestazioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorren Nazioarteko Egunaren harira Donostian egin duten manifestazioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
unai zubeldia
Donostia
2024ko irailaren 28a
15:45
Entzun

Andrew Garfield aktore estatubatuarra ari da hizketan Donostiako Okendo plazan dagoen pantaila handian, John Crowley zinema zuzendaria ondoan duela. Bolumena ere ozen antzean daukate jarrita. Euskarazko itzulpena ere badauka, eta herritar bakanen bat adi ari da dena entzuten. Ez, ordea, inguruko guztiak. 80-100 bat lagun elkar besarkatzen eta agurtzen ari dira. Keinu hizkuntza falta zaie pantailari begira egoteko. «Eta ez keinu hizkuntza bakarrik», zehaztu du Aitor Bedialauneta Euskal Gorrak elkarteko lehendakariak. «Azpititulurik ere ez dago, eta gor guztiek ez dakite keinu hizkuntza. Badirudi gorrek ez dugula parte hartzen Zinemaldian, baina ez da hala; ez digute aukerarik ematen parte hartzeko». Herritar guztien berdintasuna lortzeko falta diren pausoen adibide bat besterik ez da pantailarena.

Gorren Nazioarteko Eguna da irailaren 28a, eta, laino artetik tarteka agertzen diren eguzki printzak nola, hala sartzen dira begietatik herritar horiek eskuetan dauzkaten kartelen mezuak: «Zeinu hizkuntza zoriontasuna da»; «Desberdin pentsa ezazu! Zeinu hizkuntza ikasi!»; «Gure ama hizkuntza zeinu hizkuntza da»... Okendo plazan hasi eta Easo plazaraino, aldarrikapen manifestazioa egin dute eguerdian; ondoan izan dituzte Eneko Goia Donostiako alkatea, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua.

«Antzerki talde bat, zeramika ikastaro bat, kirol jarduera bat, adinekoak... Gorrak mugaz beteta bizi gara beti, informazio falta horren eraginez atzetik joan behar izaten dugu beti», azaldu du Bedialaunetak. Ondoan dauka Gentzane Ortiz bilbotarra. Hamalau hilabeteko haur bat dauka, eta pediatrarekin ordua hartzeko telefonoz deitu beharra daukala salatu du. «Irisgarritasuna behar du Osakidetzak ere». Esperientzia onak ere badauzka, hala ere. «Duela astebete hasi gara haur eskolan, eta oso harrera ona egin digute. Irakasleak komunikatzeko sistema egokitu du».

Hizkuntza eskubidea

Karina Polevxtxikova errusiarrak azaldu du bere ustez gizarteak ez dituela «berdintzat» hartzen. «Baina bagara; eskubide berberak eduki beharko genituzke lan munduan sartzeko eta eguneroko beste edozein esparrutan aritzeko».

«Galdera bat egingo dizut», esan du Bedialaunetak. «Zuk onartuko zenuke gaztelaniarekin nahikoa duzula esatea? ‘Zertarako ikasi euskara?’ galdetzea?. Bada, berdin gertatzen da keinu hizkuntzarekin. Hizkuntza bat gehiago denez, gure hizkuntzan hitz egin nahi dugu guk ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.