Jira

Hizkiak eta izpiak

2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Idatzitakoa irudi bihurtzea zaila dela esan ohi da, nobela onen egokitzapen txarrak ikusi ostean; baina zuzenkiago, irakurritakoa dela irudi bihurtzen zaila esan beharko litzateke. Irakurtzean hartzen baitu letra idatziak hirugarren dimentsioa. Letrak, argi-izpiak baliran, irakurlearen begi-ninietan barrena kaleidoskopio bihurtzen baitira. Eta nola irudiz eman islada-joko bukaezina...

Nola kontatu euskarazko egunkariak egiten duen indar zentripetoak, bere orbitan biltzen duen planeten munduaz. Nola kontatu, bakoitzaren begien barruan BERRIA zer bilakatzen den; zer eguneko momentu den; umore den, eta akuilu; jakingarri den; eztabaidarako mami den...

Nola kontatu. Horixe xehetzeko arratsalde batzuk eman genituen izenik akordatzen ez naizen Donostiako taberna batean. Egunkari segida bat, beren egurrezko bizkarrezurrekin kakoetatik zintzilik edukitzen dituzten ostatu horietako bat zen. Joan nintzen, zalantza bat argitzearren zintzilikarioetara BERRIAren bila, eta ageri ez. Galdetu nuen orduan, eta zerbitzariaren buruak ezezko mutu batekin erantzun zidan, bekainekin «zer nahi duzu... Casa y Jardín ere ez daukagu» erantsiz bezala, «espezializatuegia». Neronen unibertsoan ere ezagutzen ez duten eguzki sistema batekoa sentitu nintzen, beste behin ere.

Espezialak izateko batere amorraziorik ez. Nahiago nuke arruntasun pixka bat. Nahiago nuke poesia juxtuko lekuetan ere euskarazko letrak egunkari orrietan aurkitu, botata, edozein hozkailuaren isuriari jarritako paperezko patchworkean; bota-puntak lehortzeko bolatan; uste gabe, axola gabe. Nahiago nuke, 'lagun ezkutua' egitean ez beti nabarmen geratu; eta zer esanik ez, nahiago, bokadiloa BERRIArekin bildua duen hori ikustean ez 'adiskide' bat sentitu ogi bigunari tiraka.

Monterrosoren hura: «Ipotxtasuna dutenek badute seigarren zentzumen moduko bat, eta elkar ikustean ezagutu egiten dute elkar». Halatsu gure ipotxtasuna. Komunitatearen ederra eta murritza.Guk ere elkar errekonozitzen dugu; besterik da, ordea, elkar ezagutzen dugun. Ez dira askotan tokatzen hizketan Urdiñarbeko bat eta bermeotar bat; ez dakithernaniarrek eta Biasterikoek zenbateraino dugun elkarren berri.Ez dakit zenbateraino, eta hala ere, dudarik gabe, orain hamar urte baino gehiago.Pixkanaka ari gara kaleidoskopioetan itsu ziren hirukiak argiztatzen.Mila esker, eta urte askoan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.