«Hizkera original baten jabe izan nahi dute autore guztiek, eta albait irakurle gehien bildu»

Asun Balzola Elortza (Bilbo, 1942 – Madril, 2006) ez zuten ehortzi, haren tonbarik ez da inon, eta errautsak —partez, bederen—, Asunen gogoko Erromako hilerrian barreiatu zituzten. Harrezkero, handik hona eta hemendik hara, airean dabil ilustratzailea.

Asun Balzola, istripua baino lehen, gogokoen zuen argazkietako batean. ZALDI ERO
Asun Balzola, istripua baino lehen, gogokoen zuen argazkietako batean. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Haizeaz bestalde
2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

 
Gogoan dut, orain dela hogeita lau urte baino gehiago, frankistek aita gerran fusilatu zioten emakume baten idatzia ilustratzen ari zinela. Egundaino ez dut liburua lokalizatu...

Beharbada, ez zuten argitaratu. Emakume abertzale hari aita hil zioten, eta memoriak idatzi nahi zituela esan zidan. Laguntza eskatu zidan, eta nik baietz. Denbora galarazi zidan, baina interesgarria iruditu zitzaidan ezer kontatu nahi zuenari laguntzea. Emakumeak idatzi zuela badakit, argitaratu zuen edo gorde zuen etxekoek beste inork ez irakurtzeko, ez dakit.

Ilustratzaile hasi zinen, baina laster izan zintugun zeuk asmatuak idazten...

Ilustratzeko ematen zizkidaten testuak txarrak zirela ohartu nintzenean hasi nintzen neureak idazten. 1978ko kontuak-edo. Gainera, garai hartan idazle gutxik idazten zuten haur eta gazte literatura. Gaur egun, nahi beste idazle dira, nahi beste idazten da, baina esango nuke haur literaturak oraindik ez duela oihartzunik. Merezi duenik ez, behintzat. Kasu askotan, hedabideen interes falta da arrazoi nagusia, zeren idatzien kalitatea ikaragarria da.

Hainbat liburu ilustratu dituzu, hainbat istorio idatzi ere bai haur eta gazteentzat, eta memoria liburu bi ere bai: Txoriburu (Erein, 1998) eta Desde mis ruedas (Alberdania, 2002).

Eta Mariasun [Landa] adiskideari eskatu nion lehenengo liburuaren hitzaurrea idazteko. Ez dakit zera autobiografiko hori irakurria duzun... Han, Mariasunek [Landa] esaten du haurtzaroa mila puskatan zirtzilatutako ispilua dela, eta ispilua berrosatzen saiatzen bagara ere, ezinezkoa dela, zirtzilek ez digutela itzultzen izan ginena. Gaitz erdi, laguntzen digute geure burua hobeto ezagutzen eta eramaten! Batzuetan, gure barruan ume bat izateko zortea dugu, baina hori dena akabo da gurasoak hiltzen direnean. Nire kasuan, umetan hil zitzaigun aita, istripuz. Ama, Txoriburu argitaratu baino bi urte lehenago, eta, harrezkero, beste bat izan nintzen, oso ezberdina. Hortxe duzu Mari Luz Estebanen liburua...

«Ilustratzeko ematen zizkidaten testuak txarrak zirela ohartu nintzenean hasi nintzen neureak idazten»

Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013)...

Horixe bera. Halakoren bat, nire kasuan. Amak askatu egin ninduen, hil zenean. Batetik, lotsa galdu nuen. Horrek ez du esan nahi lotsagabe bihurtu nintzenik, lehengo lotsa hura galdu nuela besterik. Ama mundu honetatik joatearekin batera joan zen nire barruko «txoriburua» ere. Halaxe izan ohi da, eta ez dago itzulerarik, ezta hori iraultzeko modurik ere.

Amaz ari zinen...

Mina Elortza zituen izen-deiturak, Pasaia Donibanekoa. Asko sufritu zuen. Gazterik alargundu zen, lau seme-alaba zituela. Ni bera bezalakoa izaten saiatu nintzen, bere antza izaten, baina ez zen posible, oso ezberdinak ginen. Niri komunikatzea gustatzen zitzaidan, gure amari batere ez. Horretan, oso euskalduna zen, dena barrura begira egiten zuen. Umila eta serioa, gogor jokatu behar izan zuen aurrera egin ahal izateko. Bestalde, esango nuke bere garaiari aurrea hartu ziola. Esaterako, joan den mendeko 30eko hamarkadan, txukun hitz egiten zuen ingelesez, eta berrogei urtez-edo, argitaletxe bat zuzendu zuen.

Txoriburu, batetik, eta Desde mis ruedas, bestetik, eta ondo zeure gurpiletatik, gero! Gurpil-aulkian izan baitzintugun gaztetandik.

Hogeita bi urte nituela trafiko istripua izan nuen, eta horixe. Gertatu horretatik, batzuek atera dute Frida Kahloren antza dudala, baina inork hori esatea lizuna ere iruditzen zait, beldurgarria. Edo ez dute pintorea [Kahlo] ezagutzen, edo ez naute ni ezagutzen. Egia da sakontasun psikologikoa ez dela gure garaiaren ezaugarririk behinena, baina errazegi egiten ohi dira zenbait konparazio. Frida Kahlok istripua izan zuen autobusean zihoala. Nik, Seat seiehun batean nindoala. Eta kito bion arteko antzak.

«Ama mundu honetatik joatearekin batera joan zen nire barruko ‘txoriburua’ ere»

Baina argazkietan...

Kahloren argazkiek ikono bat erakusten dute, madonna indigena bat, emakume hieratiko eta tragiko bat, are tragikoagoa sufrikarioa bere irudian bertan erakusten tematzen denean. Autorretratuetan ere, Kahlok latzikara edertzera jotzen du, negar-malko ñimiñoak pintatzen ditu, larrosa arantzadunak eta odoletan bihotzak. Artez eta zehatz deskribatzen ditu elementu horiek denak, pintzel surrealista eta kolorista bat hartuta, barrokoa, naive ere bai batzuetan, eta osagai folkloristikoz bete-betea.

Antzik ez duzuela, alegia.

Ikusi besterik ez duzu. Nire argazkietan irribarrez ageri naiz gutiz gehienetan, eta, egin ditudan ilustrazioetan ez dut gaztetako istripu hura erakutsi, horrek nire bizia markatu bazuen ere. Inoiz istripua erakutsi badut, harridura adierazi dut, ez gozamena. Iruditzen zait euskaldunok aski pudiko garela minari dagokionez, eta mina biolentoa denean ere, ez dugula esplizitatzen. Euri- eta baso-kultura, inondik ere...

 Asun Balzola desde mis ruedas. ZALDI ERO
Asun Balzolak Desde mis ruedas liburuaren azalerako egindako ilustrazioa. ZALDI ERO
«Euri- eta baso-kultura»? Ez, horratik, Bilboko Kale Nagusikoa! Mariasun Landari behin kontatu zenion hura, alegia.

Txikitan, 1950ean behar zuen, Bilboko Kale Nagusian gu, eta abade bat orroka: «Hots egin nirekin! Biba Sortzez Garbia!». Eta bai jendeak hots egin ere: «Biba Sortzez Garbia!». Baina abade hark gehiago nahi zuen, eta esaten zuen: «Gogorrago hots egin, gogorrago! Ama birjinak berak entzuteko moduan!»... Tristea zen hura, Garaipenaren Eguneko desfile haiek bezain tristea.

«Frida Kahlok istripua izan zuen autobusean zihoala. Nik, Seat seiehun batean nindoala. Kito bion arteko antzak»

Frida Kahloren antzik ez duzula esan diguzu, eta...

Barkatu. Badakizu noren antza nukeen?

Horixe ez dakit, Asun.

Inoren antza izatekotan, je vous en prie, Flannery O’Connorrena [Georgia, AEB, 1925 – 1964] izan nahi nuke. Hogeita hemeretzi urte zituela hil zen, lupu gaiztoak jota. Txakur amorratuaren gaitzarekin konparatzen zuten lupua denbora hartan. Gaitz izugarriak balioezindu egin zuen O’Connor. Azkena, haren Letters irakurri nuen... Ez dakit irakurria duzun... Ez? Kasu horretan, hobeko duzu irakurri, ez zaizu damutuko. O’Connor katolikoa zen, fededuna, eta Kahlok ez bezala, minean atsegin hartu ordez, barre egiten zion hari; minari, alegia. Heriotzaren aurrean ere, adore ikusgarria zuen. Idazten zuen, eta, aldi berean, indioilarrak hazten zituen, eta sariren bat ere jaso zuen halako eta halako arrazako indioilar ederrena hazteagatik! Kar, kar...

Kar, kar... Zuk, berriz, nahi beste sari jaso dituzu, baina zeure ilustratzaile lan eder bezain originalagatik...

Horixe nahi izaten dute autore guztiek, hizkera original baten jabe izan, eta, hein berean, albait irakurle gehien bildu. Denok nahi izaten dugu sobera maitatuak izan, eta, beharbada, artistak ditu maitatua izateko tresna gehienak. Desira hutsa da, hori gabe artelanak ez luke zentzu handirik. Balantzan bizi da artistaren obra, tentsioan, edo bizi izan da, behintzat, gaur egun badakigu-eta zein aldetara egiten duen obra horren balantzak: diruaren aldera, alegia.

«Egin ditudan ilustrazioetan ez dut gaztetako istripu hura erakutsi, gertatuak nire bizia markatu bazuen ere»

Eta, orduan, itsasoak ez du esperantzarik?

Izango ez du, bada! Izan ere, batzuetan, publikoak espero ez bezala erantzuten du, eta obra guztiz sofistikatuak ustez prestakuntza estetiko txikia duen publikoaganaino heltzen dira. Alderantziz, zenbait artelan eskasek «prestakuntza handiko» jendea hunkitu egiten dute, zimikoa disimulatzen saiatzen badira ere. Baina beharrik horrela gertatzen da, erantzun guztiak aurrez ikusteko modukoak balira bizi hau jasanezina bailitzateke. Eta? Zer ari zara burrundan? Mututu zatzaizkit...

Hizkera originalaren zera hori dabilkit buruan jira-bueltaka...

Zeure hizkeraz jabetze hori ez duzu batere lantegi erraza, zeren, batean, ate joka ari zaizkizu; bestean, ordenagailua itzali zaizu zergatik ez dakizula; hurrena, zerga ordaindu beharrean zara... Eta, denbora osoan, ondoko ikastetxean haurrak barre, algara, deiadar eta hiru oihuak egiten ari dira, eta ibilgailuen klaxonek zoratzeraino jotzen zaituzte, eta munduaren harrabots, furfuria eta herotsak pintura-orban egokia erabakitzea galarazten dizute, edo zeure gogoan osatu duzun esaldi magikoa garunean zapal-zapal egiten dizute. Ezin, nahita ere, ederrenak argira atera!

TXORIBURU

«Pintzela eskuan eta ordenagailua begien aurrean, nire burua bueltaka eta bueltaka ari da literatura egon daitekeen ehunka egoeraren inguruan. Sabela berotzeko literatura, haurrak edoskitzeko, ohera joateko eta ohetik jaikitzeko. Liburuak paradisuan eta liburuak hondartzan. Liburuak gosarian. Udan eta neguan. Opari-liburuak. Otoitz-liburuak eta liburu jangarriak. Liburu jakintsuak. Liburu zahar eta berriak. Politak eta itsusiak, zoragarriak eta aspergarriak, liburu liluragarriak, liburu eternoak.

»Nire apalategiak berrikusi ditut, desordenatuak eta eklektikoak (...)

»Hantxe dago nire Txoriburu ere, umetatik liburuetarako nuen liluraz hizketan ari dela. Gogoan dut lurrean etzanda irakurtzen nuela, buru-belarri, abenturan galduta. Gero, jarrera hartaz nekatuta, ohe ondoan belaunikatu eta besoak hantxe bermatuta irakurtzen segitzen nuen. Gero, ohera igo eta etzanda irakurtzen nuen. Atzera lurrera jaitsi eta alfonbran sigi-saga egiten nuen beste txoko batera eta beste jarrera batera. Erritual sorgindua zen. Arratsalde zoragarriak euriarekin eta Guillermo Brownekin. Txokolatea ogiarekin eta Emilio Salgarirekin. Ni Guillermo nintzen, printzesa kristaua nintzen, beti esaldi bera eransten zioten behizaina nintzen: ‘...baina, azken ahalegina eginez, berrogeita bosteko Colt-a atera zuen...», eta itsasoaren hondoetara jaisten nintzen Julio Vernerekin. Afaltzeko garaian, amak Thor Heyerdalen Kon-tikiren abenturak irakurtzen zizkigun [ingelesez], liburua artean gaztelaniara itzuli gabe zutenean... Hobeko dut ez segitu, bestela artikulu hau amaigabea izango litzateke, baina... hura liburu-maitasuna, hura!

»Liburuek zorion handia eman didate beti, eta etxean zarratuta gero baino gero denbora gehiago ematera kondenatuta nagoenez, lehen baino gehiago behar ditut. Apalategietan badaude ere, babes nazaten, jainko txiki sorgindu horiek, nire etxea goxoagoa egin dezaten eta bertako ateak mundura zabal ditzaten».

(Desde mis ruedas, Asun Balzola, Alberdania, 2002)

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.