Azoka behin ere hutsik egin gabe

Hilabeteko lehen larunbatarekin batera, Almendrako Azoka egin dute Gasteizko alde zaharrean. Janari eta artisau postuak paratu, eta Erdi Aroko hirigunean bisita gidatuak egin dituzte.

Euskal pastela saldu duen postuetako bat Gasteizko Aiztogile kalean. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Euskal pastela saldu duen postuetako bat Gasteizko Aiztogile kalean. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko abenduaren 7a
16:36
Entzun

Txorizo zati bat murtxikatzen duen bitartean, salmahaiaren gainean paratu dituen hestekiak ongi antolatzen ari da Pedro Agirrezabal. Mahaiaren izkina batean utzi ditu txoripanak, eta, ondoan, txukun eta ongi ordenatuta, urdaiazpiko zatiak, txorizo eta saltxitxoi zartaginak, solomoa, gaztak eta hirugiharrak. «Den-dena guk geuk egiten ditugu Mendiolako gure baserrian, gazta salbu, hori ondu egiten dugu bakarrik, eta gero saldu». Goizeko hamarretan ireki du postua, eta jende gutxi dabil oraindik Gasteizko alde zaharretik, baina ia ziurtzat du salmentak ongi joango direla. Izan ere, hogei urte daramatza postuan saltzen, — «hemengo beteranoena naiz»— eta bezero fidelak ditu jada. «Orein eta basurde txorizoa erostera soilik datorren bezero asko ditut. Eguraldia gorabehera, etorri etorriko dira».

Ohitura da hilabeteko lehen larunbatean alde zaharra goizez bisitatzea. Urteak dira Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak Almendrako azoka antolatzen duela merkataritza, kultura eta aisialdia sustatzeko, eta hainbat aukera eskaintzen ditu: gastronomiaz eta merkataritzaz goza daiteke Aiztogile, Pintore, San Frantzisko eta Hedegile kaleetan eta Buruileria plazan paratutako postuetan, eta Erdi Aroko hirigunea ezagutu ahal da bisita gidatuen bitartez. 

Hotz esnatu da eguna Gasteizen, baina hilabeteko lehen larunbata izanik, ez dute huts egin alde zaharreko azokan postuak jartzen dituzten artisauek. Ateri dago oraindik, baina Aiztogile kalea alderik alde bete dituzten saltzaileek kezkaz begiratzen diote zeruari. Ez da gutxiagorako: euria eta haizetea iragarrita dago, eta haize ufadek salmahaia eta toldoa erraz bota dezakete.

Azoka
Postuak Aiztogile kalean. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU

Gaur ere beldur horrekin daude: «Goiz-goizean, haizea postu guztia botatzeko zorian egon da», kontatu du Txustarrak. Izen bera duen Gasteizko tabernako langileek hilabetero paratzen dute postua Buruileria plazan, eta han saltzen dituzte txanpiñoi pintxo famatuak, sagardoa eta ardoarekin batera. «Hau bai ona, hau bai goxoa! Txanpi honek ez du alderik!». Alde zaharrera gerturatu ahala, aise entzun daiteke Txustarraren garrasia, eta bisitari gosetienak pentsatu gabe bilduz joan dira.

Usainak gidatuta ibil daiteke alde zaharreko kaleetatik gora eta behera. Anis erroskillenak eta euskal pastelarenak, adibidez, han-hemenka nabari daitezke, ugariak baitira gozoak saltzen dituzten postuak.

Plaza Berriaren istorioak

Plaza Berritik abiatuta egin dituzte bisita gidatuak lehen orduan, turismo bulegotik. Arrakasta handiz egiten dute hilero, eta are gehiago jaiegun bat tartean bada edo zubia denean. «33 lagun daude gaur, ohi baino gehiago», kontatu du Egoitz Antero turismo bulegoko langileak. Espainiatik eta Kataluniatik iritsi dira gehienak.

Plazara iritsi eta lehen begiratuan, erraz identifika daitezke Gasteiztik kanpo iritsitako bisitari taldeak: hogeita hamar bat lagun zirkuluerdi bat egiten, isilik, turismo-gidariak hasi berri dituen azalpenak arretaz entzuten. «Hiriburu bakoitzak historia propioa dauka, eta gurea plaza honetan hasiko da», esplikatzeari ekin dio gidari lanak egingo dituen andreak. Eta kontatu ditu plazako tabernetan ospea hartu duten belaontzi izeneko pintxoei buruzko istorioak, edota eguerdiro udaletxeko erlojutik La paloma habanera mitikoa entzuten den gisako anekdotak. Eta horiek arretaz entzun ostean, azokarako bidea hartu du bisitari taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.