«Hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa da. Hizkuntza baliatuz, gizakiok emozioak, desirak eta balioak adierazten ditugu. Hori gutxi balitz bezala, hizkuntzaren bidez harreman sozialak gauzatu, eta ohitura kultural eta sozialak transmititzen dira». Euskaltzaindiak Euskara ibiltaria erakusketa aurkezteko erabilitako hitzak dira. Euskararen aldakortasunaren eta aberastasunaren berri ematea da EHHA Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoa oinarritzat duen erakusketa horren helburu nagusietakoa. Kultura, hizkuntza eta herria elkartuko dira gaur Gasteizko Zabalgana gizarte etxean antolatutako doako bisita gidatuan, 18:00etan. Euskaltzaindian argitaratu bezala: «Ongi etorri, bada, Euskara Ibiltaria erakusketara, euskararen hitz eta hotsak irakurri, entzun, usaindu eta horiekin jolasteko barrutira».
Erakusketak Euskararen Herri Hizkeren Atlasa du oinarri, Euskaltzaindiaren Dialektologia Batzordeak 2005etik aurrera argitaraturiko hizkuntza mapa zabala, hain zuzen ere. Atlasa osatzeko, Euskal Herrian zehar aukeratutako 145 inkesta gunetan izandako 319 berriemaileren lana baliatu dute, eta horri esker grabatutako 5.000 ordutik gorako corpusa sortu dute.
Euskararen koloreak margotzen ditu erakusketak. Mapei begira hitzez hitz salto egiteko aukera izango dute bisitariek. Tximeleta hitza, esaterako, txipillota bihurtzen da Getxora (Bizkaia) heltzen denean; mariposa bilakatzen da Mañarian (Bizkaia); mixirrika Orion (Gipuzkoa); mitxiligote Elgoibarren (Gipuzkoa); jangoiko mandaturi Donamarian (Nafarroa); txipiriton Ezkurran (Nafarroa); pinpilinpauxa Leitzan (Nafarroa) eta xintxitoil Mugerren (Lapurdi). Bidaia bukatzeko, yinkoain oiloa eta papilluna Izturitzeko (Nafarroa Beherea) eta Domintxaineko (Zuberoa) lili-etan pausatzen da.
Helburu nagusiak
Badira ia mapa osoa hartzen duten hitzak, edo mapa bitan banatzen dutenak. Badira euskaraz hiru hitzekin izendatu daitezkeen animaliak ere. Aniztasuna da erakusketaren protagonista, euskararen aberastasuna, alegia. Euskararen aldakortasuna eta aberastasuna islatzeaz gain, Euskaltzaindiak beste helburu batzuk ditu agerraldiari dagokionez. Hasteko, hizkuntza atlasgintza eta hizkuntza atlasa zer den erakutsi nahi dute, bisitarientzat eskuragarri izan dadin. Atlasa egiteko prozesuaren atzean dagoen lana ere aurkeztu nahi dute, eta, horregatik, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egiteko erabilitako metodologia eta materiala ezagutaraztea da asmoetako bat.
Hitzetan arreta berezia jartzeaz gain, berbak sortu diren testuinguruan sakontzea ere badute helburu; horregatik, garai hartako bizimoduaren berri ematen dute aurkezpenean. Alegia, etnografia ikuspegiari ere tokia egingo zaio. Euskaltzaindiak gaur egun duen informazioa eta ikerketa lan zabalak aurkezteko leku aproposa dela uste dute, eta Euskaltzaindiak gaur egun eskaintzen dituen baliabideak eta materialak ezagutzera emango dituzte.
Asmo horiek bete nahi ditu euskararen akademiak, eta horren emaitza izan da Euskara ibiltaria erakusketa. Euskal hiztunek eman beharreko hurrengo pausoa da, Euskaltzaindiaren arabera: «Euskal hiztunen prestasunari esker, euskararen herri hizkeren aniztasuna eta aberastasuna izan dira euskarak bizirik jarraitzeko lehengai nagusiak». Doako bisita gidatua eskainiko dute gaur, eta baita urtarrilaren 18an ere, 11:00etan. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da: 945-16 15 88 zenbakian. Hala dio Euskaltzaindiak: «Mintzamena pertsonok dugun ezaugarririk gizatiarrena den bezalaxe, hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa da. Horiek horrela, euskararen hitzak irakurri, entzun, usaindu eta horiekin jolasteko erakusketa dugu hau».