Hitzekin jolasa sustatzeko

Kalean da Nafarroako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen lanak biltzen dituen 'Mikroipuinak' liburua

Mikroipuinen leihaketan parte hartu duten ikasleetako batzuk, atzo, Maialen Lujanbio eta Inma Errearekin. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak zazpigarren Mikroipuin lehiaketako lanen irabazleak eta finalistak kaleratu dituzte, liburu batean bilduak. Nafarroako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) D ereduan edo A ereduan ikasten duten ikasleei zuzenduta dago sariketa. Hitzak egoki lotzen eta istorio laburrak kontatzen iaioak direla frogatu behar izan dute ikasleek, eta, horretarako, ehun hitz baino gutxiago dituzten ipuinak idatzi behar izan dituzte.

Zazpigarren deialdira, Nafarroan Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan aritzen diren ikasleen 1.600 mikroipuin aurkeztu dira: lehiaketan parte hartu duten D ereduko 26 ikastetxeetakoak eta A ereduko beste 13 ikastetxeetakoak. Ikasleak euskaraz trebatzeko eta haien sormena sustatzeko egitasmo «gogoangarri» gisa aurkeztu zuen lehiaketa Jose Angel Irigaraik, Pamiela argitaletxeko ordezkariak, Iruñean, atzo.

Lan asko eta onak aurkeztu dira, eta epaimahaiak lanak izan ditu aukeraketa egiten. «Lanak aukeratzeko arazoak izaten ditugu, asko eta askotarikoak direlako. Eskertzekoa da ikasleek hitzekin jolasteko erakusten duten gogoa», azpimarratu zuen Inma Errea epaimahaiko kideak.

Mikroipuinen lehiaketak gonbidatu berezi bat izaten du deialdi bakoitzean, eta zazpigarren honek Maialen Lujanbio bertsolari eta idazlea izan du. Lodosa eta Erronkariko herrietako ikastetxeetan mikroipuinak nola lantzen dituzten ikusteko aukera izan zuen. «Kuriosoa eta aberasgarria izan da niretzat», esan zuen atzo Lujanbiok. Ikasleen lanen kalitatea eta asmamena nabarmendu ditu bertsolariak. Bertsolaria izanik, gogoratu du hitzekin izan zuen lehen jolasa ikastolan izan zela, eta uste du mikroipuinak «modu polita» direla hitzekin jolasten ikasteko. «Ikastolan sortu zen hitzekiko gure lehenengo jolasa eta bertsoarekiko lotura».

Jendaurreko irakurketa

Katakrak gunean egin zuten Mikroipuinak 2012 liburuaren aurkezpenean ezinbesteko izan ziren lehiaketako irabazleak eta finalistak. Haiek, senide eta komunikabideetako kazetarien aurrean, banan-banan irakurri zuten idatzitako lana.

Paula Urriza izan zen aulkitik altxa eta bere ipuina irakurtzen lehena. Iruñeko Eskolapioetako Lehen Hezkuntzako laugarren maila ikasten du Urrizak, eta, aurkeztutako A ereduko lanen artean, lehen sariaren irabazlea izan da Sararen lorategia ipuinagatik. Urduri, azkar irakurri zituen hitzak. Haren lekukoa Elba Bonillak hartu zuen. A ereduko Bigarren Hezkuntzako sariaren irabazlea da Bonilla, eta Lodosako Pablo Sarasate ikastetxean ikasten du. A eredukoen atzetik, D ereduko irabazleek eta finalistek irakurri zituzten beren lanak. Amaia Palacios Lehen Hezkuntzako irabazleak Maritxu lana irakurri zuen. Erronkariko Julian Gayarre ikastetxean ikasten du, seigarren mailan.

Haren segidan, Laida Varela aritu zen. Laugarren mailako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Biurdana institutuko ikasleak Beldurtuta begiratu zidan testu irabazlea irakurri zuen. Sara Urdirozen Haren begi beltzak ipuinarekin bukatu zen saioa. Jaso ikastolan ikasten du Urdirozek, eta DBHko finalistetako bat izan da.

Oraindik zabalik dago zortzigarren Mikroipuin lehiaketara lanak aurkezteko epea; hil honen 20an bukatzen da. Lehenengo aldiz, Ipar Euskal Herriko lau ikastolak parte hartuko dute testu lehiaketan. Hurrengo deialdietan gehiagotara zabaltzeko asmoa dute Pamielak eta Euskara Kultur Elkargoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.