ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Karrera. Dantzaria

«Hitzek engainatzen ahal dute, baina dantzak ez»

Afrikako dantzen inguruan aritu da Karrera, baita horien sustraiei eusteak duen garrantziaz ere: «Munduko dantza zaharrek badute zentzu bat: erritual bati lotuta daude denak».

ITSASO JAUREGI.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Txikitatik maite du dantza Ainhoa Karrerak (Oviedo, Espainia, 1977), eta, duela bost urte, Maria Arcosekin batera, Baobab dantza taldea sortu zuen Iruñean, Afrikako dantzak irakasteko asmoz. Hainbat herrialdetako erritmoak Euskal Herrira ekartzea da dantzariaren helburua, baita aurreiritziak apurtzea ere.

Nola sortu zen Afrikarekin daukazun harremana?

Betidanik egon da. Nerabezaroan entzuten nuen musika afrikar jatorrikoa zen beti, eta Euskal Herrian King Mafrundi entzuten nuen, adibidez. Beti esaten nion amari Afrikara joan nahi nuela, eta, azkenean, 17 urterekin, Zimbabwera joan nintzen.

Nolakoa izan zen esperientzia?

Etxalekuko [Nafarroa] zazpi lagunekin batera joan nintzen Zimbabwera. Hilabete oso bat egon ginen han, eta liluratuta itzuli nintzen. Aurretik bazegoen azaldu ezinezko erakartze bat, baina bidaia hartan ohartu nintzen horretan sakondu nahi nuela. Horregatik erabaki nuen Afrika mendebaldeko perkusioa jotzen hastea, djembea, hain zuzen ere. Tubabu taldea ezagutu nuen, eta hor sartu nintzen.

Perkusioan aritzeak laguntzen du dantzatzeko orduan?

Bai, erlazio zuzena dago. Perkusioak dantzarik gabe ez dauka zentzurik, eta alderantziz ere ez. Kultura bere osotasunean ulertzeko, biak batera egin behar dira; horregatik, perkusioarekin hasi bezain pronto,mendebaldeko Afrikako dantzakikasten hasi nintzen.

Beharrezkoa da etengabeko harremana izatea Afrikarekin?

Bai. Dantza bere osotasunean ulertzeko, beharrezkoa da sustraietara jotzea; jatorrizko herrialdeetara joatean, dantzen testuingurua jasotzen duzu.

Baobab dantza eskolaren izena sustrai horietatik dator?

Bai. Baobab zuhaitza oso ohikoa da Afrikan. Irudi horrekin argi utzi nahi dugu oso zintzoak izango garela sustraiekin; gure helburua da finak eta zentzudunak izatea horrekin. Eskoletan ematen duguna afrikar irakasleetatik jaso dugun informazio bera da, eta hori beti aitortzen dugu. Sustraietatik etortzen dena dantzaren bitartez zabaltzeko aukera sinbolizatzen dute sustraiek.

Zer dantza lantzen dituzue eskoletan?

Denetarik egiten dugu. Ezin da esan dantza afrikarra lantzen dudala, dantza afrikarrak baizik, asko baitira. Kolonoek Afrikan jarritako mugak kontuan hartuz, 54 herrialde daude, baina 3.000 etnia baino gehiago dira, eta bakoitzak bere dantzak ditu. Eskoletan hainbat herrialdetako kale dantzak lantzen ditugu, batez ere.

Dantza saio batera sartzean, zer aurki daiteke?

Garrantzia ematen diogu talde lanari. Ez gara ikasgelan sartzen soilik mugimenduak ikasteko. Aurreiritzi asko daude, ezjakintasunagatik; izan ere, badirudi afrikar dantza bakarra dagoela, eta ez da horrela; dantza bakoitzak bere teknika du. Irakatsi nahi dugu arimarik gabeko mugimendu bat egitea ez dela dantzatzea.

Dantza komunitatearen sinboloa da?

Bai. Munduko dantza zaharrek badute zentzu bat: erritual bati lotuta daude denak, baita euskal dantzak ere. Ezinbestekoa da jakitea dantza komunitarioak direla denak; ez da ulertzen dantza bakarrik egitea: herrian egin behar da. Hori ez dugu galdu nahi.

Zein da dantza eskolaren hurrengo pausoa?

Pertsona zuri gisa, gure pribilegioekin ireki dugu gune hau, baina gure helburua da etorkizunean dantzari afrikarrek eramatea. Asteburuetan, afrikar irakasleak etortzen dira, aste barruan zailtasunak dituztelako hona etortzeko; egunero izango balitz, hobe, baina, poliki-poliki, aldaketa hori egin nahi dugu.

Zer-nolakoa da bizitza osoa dantzan ematea?

Nik ez dut bizitza beste modu batean ulertzen. Pozik nagoenean, dantza egiten dut, baita triste nagoenean ere. Emozio bakoitzerako mugimendu bat dago. Hitzek engainatzen ahal dute, baina dantzak ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.