Europako Geoparkearen Astea egingo dute ostegunetik ekainaren 8ra bitartean, Euskal Kostaldeko Geoparkean. Hainbat ekintza antolatu dituzte Zumaian, Deban eta Mutrikun (Gipuzkoa): hitzaldiak, bisita gidatuak eta nekazaritza azoka, besteak beste.
Geoparkeen Astea Europako geoparke guztietan egiten da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondarea herritarrengana hurbiltzeko asmoz. Egun, Europako Geoparkeen Sarean hogei herrialdetako 58 geoparke daude. Sareak Unescoren babesa dauka.
Luis Alcala paleontologoaren hitzaldiarekin abiatuko da Euskal Kostaldeko Geoparkearen astea. Gure Parke Jurasiko partikularreko dinosauroak izenburupean, hitzaldia emango du Zumaiako Algorri zentroan (Gipuzkoa), 19:00etan.
Xabier Peñalver arkeologoak eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak hitzaldia emango du Geoparkeko arbaso zaharrenen argazkia (Ekain, Praileatiz...) izenburupean, Deban, ekainaren 5ean.
Baina, hitzaldiez gainera, bisita gidatuak ere egingo dituzte doan, herritarrek Geoparkea ezagut dezaten. Geoparkeak eskaintzen dituen zortzi irteeretatik hiru egin ahal izango dira doan: Flysch beltza, maiatzaren 31n; Artzain txikiak, ekainaren 1ean; eta Karsteko zaporeak, ekainaren 8an. Mutrikun, gainera, aukera egongo da olatuen energia aprobetxatzeko plantara doako bisita gidatua egiteko, ekainaren 3an. Ekainaren 7an, berriz, GeoAzoka egingo dute Deban.
Geoparkearen gunea
Geoparkeak, gainera, gune berri bat inauguratu du, Debako Turismo Bulegoan, Geoparkearen balio garrantzitsuenak biltzeko. Bitrinetan Geoparkeko altxor preziatuenak ikus daitezke: Debako septarea bitxiak, Mutrikuko ammonite erraldoi bat, Zumaiako arrasto fosilak, duela 100 milioi urte bizi izan zen koral adarkatu bat, estalagmita baten sekzioa.... Eta erakusketako harribitxia : Venusaren eta hamalau piezaz osaturiko Praileaitzeko lepoko famatuaren erreplika zehatz bakarra.
Hitzaldiak, azoka eta bisita gidatuak Geoparkearen Astean
Debako Turismo Bulegoan, Geoparkeari eskainitako erakusketa gunea inauguratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu