ATZEKOZ AURRERA. Nahia Zubeldia. Idazlea eta musikaria

«Hitzak edozein materia bezala dira»

Hilabeteko idazle egonaldia burutu berri du Nahia Zubeldiak Hendaiako Nekatoenean. Bakardadeaz «gozatu» du 25 olerki ontzeko, eta bere idazle sormenaren mugagabetasunaz jabetu da.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Lekorne
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Hamargarren aldia da Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Kultur Erakundeak eta CPIE Euskal Itsasbazterrak euskal idazle bati parada ematen diola hilabeteko egonaldia idazten gozatzeko. Aldi honetan, Nahia Zubeldia (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1982) izan da bizitzari parentesia eskaini diona HendaiakoNekatoenean (Lapurdi). Bere burua idazle kontsideratzen ez bazuen ere, eskulangileek materiarekin egiten dutena egin du, hitzak josten hasi baita. Agorrezinak.

Hamargarren hautagaia izan zara.

Elkano fundazioa sartu da tartean, iaz 500 urte betetzen baitziren munduari bira eman zionetik.

Baldintzatu dizua sortzeko?

Ez. Baldintza bakarra zen Elkanorekin lotura zerbait ukaitea, ez baitezpada gizonari buruz, itsasoaz idaztea aski zen. Aski galdua nintzen hastapenean formatu baldintzarik batere ez baitzen. Erran nuen olerkiak idatziko nituela eta itsasoaz.

Sorkuntza guzia made in Nekatoenea izan dea?

Nahi nuenez han hasi eta bukatzeko lan bat izatea. Hala ere, aspalditik ideiak apuntatzen hasi nintzen.

Nik nuen erabaki poesiak egitea. Neure burua idazle kontsideratzen ez badut ere, lehen aldia da idazle gisa lan bat ematen didatela. Dena den, aspalditik kantuak idazten ditudanez, poesia dut hautatu; kantuetatik hurbilen den generoa.

Apunteetatik abiatu zinen, beraz?

Elkanorekin lotura egiteko, hastapeneko olerkiak egitura eta gai klasikoetakoak dira. Funtsean, Elkano bera bezala: ezagunetik ezezagunerat abiatu baitzen.

Aski egituratu eta klasikotik hautsiago eta surrealistagora joan naiz. Begiratu nituen Etxepareren lehen testu horiek, Emazten fabore eta bertze. 8/7 egitura dute eta garaikideak baitira, hola idaztea erabaki nuen. Baina 8/7ko musikaltasuna ez baita klasikoa, erabaki nuen nihaurek sortzea holako erritmo bat, hitzak errazkiago sartzeko gisan. Ohartu naiz egunez sorturikoak klasikoak direla. Azkenean ez da hain erraza izan desegituratzeaerritmo bat atxikiz.

Erritmoak dizkizu hitzak markatu ala alderantziz?

Maiz musikak nau lagundu, gitarraz edo ordenagailuz musika geruza batzuk egin ditut giro bat sortzeko, eta horrekin beste molde batez idazten nuen. Egitura klasikoak dutenak testutik hasi dira; bereziak direnak, berriz, musikatik. Ohartu naiz zaila zaidala musikarik gabe aske izatea hitzetan.

Zein gai atera zaizu itsasoaren zabaletik?

Elkano, haren ama mintzo, marinel mundua, itsasoa, ura... Marmoka bat ere mintzo da: ama segitzen duelakoan plastikoak ditu jarraitzen, hilerri bilakatu den itsasoan... Neure burua bortxatu behar izan dut maite dudan itsasoa ere islatzeko, ez soilik beldurgarria, hilerria...

Nolakoa da maite duzun itsasoa?

Ur peko momentu hori amaren sabelean zarelarik bezala. Ama agertzen da frankotan, lasaitasuna ekartzen ahal du: kezkatua zarelarik, itsasoak lasai zaitzake. Mugitua delarik ere, poza ekartzen dit: haserre dela erraten da, baina haurra bezala da, jolasten ari da eta nahi gabe hausten ditu gauzak, ez da haserre.

Subjektibitatea dea sujeta?

Bai, arrunt. Hasieran salbu: dokumentatu naiz Elkano nola abiatu zen jakiteko, zer espezieren bila, zer gogoeta izan zezakeen, ama nor zen... Baina gero eta gehiago izan da ene baitan sentitzen nuena edo burutik pasatzen zitzaidana... Batzuk oso laburrak dira, joko gisa, hitzen musika gustatzen baitzitzaidan. Momentuan zentzurik ez badute ere, berdin urte zenbaiten buruan atzemanen diet.

Bidelagun izan duzua libururik?

Artzeren olerki bilduma, Atxagaren batzuk, Linazasororen batzuk maite baitut biziki bere alde abstraktu surrealista, Jean Richepinen olerki liburu zahar zaharra eta Gaston Bachelard ere anitz baliatu dut. Apollinairen lana ere bai, kaligramentzat, zeren eta marraztu baitut ere bai.

Hitzekin marraztu duzu?

Denetarik egin dut. Banuen iPoda eta hor ibili naiz, hori egiteko batere asmorik ez banuen ere.

Kantu liburu ilustratua ateratzeko osagai guziak badituzu, beraz.

Orotara 25 olerki idatzi ditut. Horietarik hamar bati musika hastapena eman diet. Gero ikusiko zer aterako den. Nik irudikatzen dut disko bat liburuxkarekin, Nekatoenean sortutako guziak sartuz.

Esperientzia honek baimena eman dizu zeure burua idazle kontsideratzeko?

Beharbada. Sakralizatzen dugu sobera idazlearen figura. Zergatik ez gara idazle? Hasieran, beldur handi hori kentzeko, lagungarria izan zait pentsatzea ez naizela jin maisulan bat idazteko. Zapatagina bezala, hitzekin lan egitera etorri naiz, josi, hau ez dut ongi josi, berriz josi... hitzak bertze edozein materia bezala dira, larrua, oihala bezala. Ez du zertan testu historiko bat izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.