Tokian tokiko informazioa ematen hamabost urte bete dituzte Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza eta Oarso Bidasoko Hitza kazetek (BERRIA taldekoak). Urteurrena ospatzen dabiltza, eta hamabost urte hauetan egindako lanez eta etorkizunerako erronkez hausnartzen.
«Beharra eta nahia» batu zireren 2003ko ekainaren 24an, Oiartzualdean (Gipuzkoa), Urko Etxebeste Oarso Bidasoko Hitza-ren zuzendariaren arabera. Egun horretan plazaratu zuen kazetak lehen alea. Hiru herri aldizkarien bat egitetik sortu zen: Orratz (Lezo), Lau Haizetara (Errenteria) eta Branka (Pasaia). «Hilabetekariak ziren, eta maiztasuna handitzeko beharra sumatu zuten», esan du Etxebestek. «Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioak indar gehiago eman zion eskualdean euskarazko egunkari bat sortzeko ekimenari». Izan ere, Euskaldunon Egunkaria-k itxi aurretik emaniko bultzada ezinbestekoa izan zen herri aldizkariak egunkari bihurtzeko, Etxebestek azaldu duenez.
Ibilbidea, edonola ere, «gorabeheratsua» izan dela esan du zuzendariak. «Papereko prentsaren alorraren egoerarengatik, murrizketak egin behar izan dira». Egunkaria zena, astekari bihurtu da paperean, baina hori Interneteko gunearekin orekatu dute, Etxebesteren aburuz. «Batez ere Interneti begirako lanketa egitera pasatu gara, eta papera zein sarearekin inoiz baino irakurle gehiago izatera pasatu gara». Horrek zaildu egin du, ordea, emaniko zerbitzuaren ordaina eskuratzea. Hori dela-eta, Hitzakideak lortzeko kanpaina egiten ari dira orain. Eduki bereziak eskainiko dizkiete webgunean.
Eskualdea egiten
Aldizkari bat sortzeko asmoarekin hasi ziren lanean Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean, baina BERRIAk bultzatuta erabaki zuten, azkenean, egunkaria egitea. «Ilusio handia sortu zuen bultzatzaileon artean, eta herritarrek ere horrela hartu zuten», esan du Larraitz Ibaibarriaga Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ren zuzendariak. 2003ko azaroaren 11n atera zen lehena. «Gurekin hasi zen jende asko euskaraz herriko albisteak irakurtzen, eta, batzuek, euskaraz irakurtzen lehen aldiz».
Hitza-k eskualdea batzen eduki duen garrantzia nabarmendu du Ibaibarriagak: «Lea-Artibain ez zegoen kohesio handirik, eta orain lortu da, eskualdeko jendeak baduelako beste herrietan gertatzen denaren berri. Harremanak asko estutu dira». Gaur, asteartetik ostiralera argitaratzen da kazeta, baina ostiralekoa «bikoitza» da: hamasei orrialdekoa. «Zerbitzu publikoa ematen dugu, eta euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko egiten dugu. Espero dugu hemendik bost urtera indartsuago egotea, urte amaieran izerdi tantaka egon gabe diru laguntzak etorriko ote diren kezkarekin».
Joan zen igandean ospatu zuen hamabosgarren urteurrena Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-k, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Oarso Bidasoako Hitza-k gaur egingo du ekitaldia: 13:00etan, Errenteriako Niessen aretoan.
'Hitza'-k hamabost urte bete ditu Lea-Artibain eta Oiartzualdean
Urteurrenak ospatzeko ekitaldiak egiten ari dira: gaur, Errenterian elkartuko dira 'Hitza'-zaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu