Euskal Herriko IX. Hitz Gurutzatuen Txapelketako irabazlea

Mayi Iza: «Hitz gurutzatuetako definizioak erantzunak baino bihurriagoak dira»

Euskal Herriko IX. Hitz Gurutzatuen Txapelketa irabazi berri du Mayi Izak. Azken lehia 2014an izan zen. Korrikaren harira, aurten Irungo Aitzondo elkarteak berreskuratu du egitasmoa.

Mayi Iza. IMANOL SAIZ
Mayi Iza, larunbatean, hitz gurutzatuen finalean, Irunen. IMANOL SAIZ
urko iridoy alzelai
Hondarribia
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Goizean goiz, gosariko kafearekin batera, egunkaria ireki eta azkeneko orrialdeak bilatzen dituzte batzuek, denbora-pasak aurkitzeko. Momentu hori «luxua» da Mayi Izarentzat (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971). Aurreko larunbatean, Euskal Herriko IX. Hitz Gurutzatuen Txapelketa irabazi zuen Izak. Irakaslea da ogibidez, Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta aspalditik aritzen da hitz gurutzatuetan. 2010. urtean ere txapela irabazi zuen.

2014. urtean izan zen azkeneko txapelketa. Zergatik berreskuratu dute aurten?

Bere garaian, Luma aldizkariak antolatzen zuen txapelketa. Hura argitaratzeari utzi ziotenean, 2014. urtean, txapelketak ere amaitu egin ziren. Orain, Korrika Irunen [Gipuzkoa] hasiko zela eta, Irungo euskara elkarteak, Aitzondok, berriro antolatzeko apustua egin du. Benetan eskertzekoa da antolatzaile guztiek egindako lana.

Beraz, Luma-k ez du zerikusirik izan aurten.

Antolakuntza lana ez dute egiten Luma-ren izenean, baina, lehen bezala, Joxan Elosegi Luma-ko kideak sortu ditu hitz gurutzatuak. Elosegirena oso figura garrantzitsua da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketan.

Zertan datza txapelketa?

Dena goiz batean egiten da. Hiru txanda dira. Lehenengo txandan hamar zutabeko eta hamar lerroko hitz gurutzatu bat egin behar da, 45 minutuan. Bigarrenean, denbora tarte berean, hamabi bider hamabikoa. Lehen bi saioak eserita egiten dira, paperean, eta haietatik ateratako hiru partaide onenek finala jokatzen dute. Finala panel handi batean jokatzen dute, zutik, eta hamabost bider hamabosteko hitz gurutzatu batekin.

Legez kanpokoa da hiztegiak eramatea, laguntzeko?

Ez. Nahi dituzun hiztegi guztiak eraman ditzakezu, baina sakelakorik ezin da erabili, paperekoak izan behar du laguntza guztiak. Sinonimoen hiztegia, Sarasolaren Euskal Hiztegia eta entziklopedikoa erabili nituen nik, baina atlasa ere eraman zuten batzuek.

Zer baloratzen da lehiaketan?

Alde batetik, denbora dago, eta, bestetik, akatsak. Akats gutxi egiteari ematen zaio lehentasuna. Ondoren, akats gutxien dutenen artean, denbora da erabakigarria. Azkar eta ondo egin behar da. Nahiz eta oso azkar egin, polikiago egin duenak akats gutxiago baditu, aurretik egongo da. Lehenengo bi txanden denborak eta akatsak batu egiten dira, finalerako nor sailkatuko den jakiteko.

Zu zer moduz moldatu zinen lehen bi txandetan?

Lehenengoa oso azkar egin nuen, eta aurrena izan nintzen. Baina bigarrena kostatu zitzaidan, denbora gehiago behar izan nuen.

Ez zenuen akatsik egin txapelketan, ezta?

Hala da.

Badago mugarik definizioetan?

Joxanek [Elosegi] jarritakoa litzateke muga bakarra, baina uste dut hark ez duela mugarik. Haren pentsatzeko era deszifratu behar izaten dugu; ez dira hitz gurutzatu normalak izaten. Hitz gurutzatuetako definizioak erantzunak baino bihurriagoak dira.

Presioa sentitu zenuen finalean?

Oso ezberdina da finaleko arbelean aritzea eta zure etxean hitz gurutzatu bat egitea. Jendea duzu inguruan, eta presio hori nabaritzen duzu. Gainera, arbela hain da handia, ezen ez baituzu taula osoa ikusten, eta denaren ikuspegia edukitzeak asko laguntzen du.

Ba al dago lehiakortasunik?

Ez. Jolas bat da, eta horrela ulertzen dugu. Oso giro ona sortzen da partaideen artean; askok aurreko aldietatik ezagutzen dugu elkar. Lehiarik handiena senarrarekin eduki nuen, hark ere parte hartu baitzuen.

Gogor prestatu zara txapelketarako?

Ez. Aurreko egunetan oporretan egon nintzen, eta BERRIAkoak eta Hitza-koak egin nituen. Ez naiz bereziki prestatu honetarako. Irakurtzen dut, irakaslea naiz... hori da nire prestakuntza. Iparraldean irakasteak ere abantailak ematen dizkit, hango hitzak ezagutzen ditut eta. Aurretik ere hartu izan dut parte; beraz, banekien definizioak nolakoak izango ziren, banekien ez zirela asmatzeko errazak izango. Gainera, azkeneko momentuan erabaki nuen izena ematea.

Hurrengo urtean txapela defendatuko duzu?

Aukera baldin badut, bai; besteak beste, antolatzaileengatik, lan handia egiten dutelako eta merezi dutelako.

lotsabako

Ezker-eskuineko erantzunak ala goitik beherakoak? Goitik beherakoak. Beste jokoren bat? Berbaxerka. Film bat?Bizkarsoro. Euskal Herriko txokoren bat? Jaizkibel mendia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.